Martuteneko kaleratzean Donostiako Udalak izandako jokabidea auzitan jarri du Arartekoak

Ebatzi du Martuteneko etxegabeak identifikatzeko martxoko operazioa ez zela «mesedegarria» izan. Politika publikoen «koherentzia» eta administrazioen koordinazioa galdegin ditu.

Martuteneko eraikina. JAVI COLMENERO / EFE
Martuteneko eraikina. JAVI COLMENERO / EFE
gotzon hermosilla
2025eko urtarrilaren 9a
12:30
Entzun

Iazko martxoan, Donostiako Udaltzaingoak, Espainiako Poliziak eta Ertzaintzak operazio bat egin zuten Martutene auzoko eraikin abandonatu batean (Donostia), eta han bizi ziren 56 etxegabeak identifikatu zituzten. Haietako zenbait etorkinak ziren, eta haien administrazio egoera irregularra zen; horiek Espainiako Poliziaren esku jarri zituzten, eta 29 pertsona kanporatzeko espedienteak abiatu zituen.

Orain, EAEko Arartekoak operazio horri buruzko ebazpena plazaratu du, bere kabuz auzia ikertu ostean, eta ondorio nagusia da operazio hura ez zela «mesedegarria» izan, esku hartze hori «beste neurri batzuetatik bereizita» egin zelako eta ez ziolako «aldez aurretik adostutako plan bati» erantzun. Horregatik, kalean bizi direnen arazoari heltzeko «plan oso bat» eskatu dio Donostiako Udalari, eta, orobat, koordinazioa eta «politika publikoen koherentzia» galdegin die administrazio eta erakundeei.

Ebazpenean, EAEko Arartekoak gogorarazi du martxoko operazio hartan zenbait lagun kaleratu zituztela, orduan argitaratutako informazioen arabera, baina, udalak esan zuenez, hori ez zen operazioaren helburua, eraikinean bizi zirenak identifikatzea baizik. «Segurtasun arrazoiak» aipatu zituzten orduan, «eraikin hori dagoen auzoko bizilagunek kexak eta salaketak egin zituztelako».

EAEko Arartekoak Donostiako Udalari galdetu zion ea operazioaren aurretik eta ondoren udaleko gizarte zerbitzuekin koordinatu ziren, Martuteneko eraikinean bizi zirenen oinarrizko premiak asetzeko. Udalak erantzun zion operazioaren helburua ez zela inor kaleratzea eta, beraz, ez zirela gizarte zerbitzuekin koordinatu. Udalak gehitu zuenez, orduan zuen informazioaren arabera, eraikin horretan bizitzen jarraitu zuten. 

Arazoa, gero eta handiagoa

Kalean bizi direnei buruz egindako zenbaketak eta ikerketak aztertu ditu EAEko Arartekoak, eta ondorioztatu etxerik gabe bizi direnen kopurua «etengabe handitzen» ari dela 2012tik, Donostian eta EAE osoan: «Beraz, badirudi jarduera bakan horrek [polizia operazioak] ez diola erantzuten aldez aurretik adostutako plan bati, non kontuan hartzen diren etxegabetasunaren arazoaren askotariko dimentsioak».

Arazoari osoko erantzuna emateko «mesedegarriak» ez diren operazioen ordez, bestelako neurriak proposatzen ditu EAEko Arartekoak; esaterako, «plan eta programa estrategikoak benetan aplikatzea», hala nola Egoitza Bazterketa Larriaren Aurkako II. Euskal Estrategia (2024-2028) eta Herritartasuneko, Immigrazioko eta Asiloko VI. Kultura Arteko Plana (2022-2025).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.