Antropologoa

Carmen Meneses: «Martuteneko emakumeen baldintzak gizonenak baino askoz okerragoak dira»

Kartzelan diren andreen egoera «kaskarra» dela azaldu du Carmen Menesesek. Gauzak aldatzeko «borondatea» badago, baina erresistentziak ere badaude.

Carmen Meneses atzo, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Carmen Meneses atzo, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Isabel Jaurena.
Donostia
2024ko uztailaren 16a
05:00
Entzun

Kartzelan dauden herritar gehienak gizonak dira, bai munduan bai Euskal Herrian. Espetxe batzuetan emakumeentzako moduluak ere badaude, baina gehienetan, gizonen neurrira eginak. Hori aztertu du Carmen Meneses antropologo eta ikerlariak (Madril, 1966) Gipuzkoako eta Arabako kartzelen kasuak behatuta —Martutenekoari eta Zaballakoari erreparatu die, zehazki—. EHUk antolatuta, Donostian egindako Espetxeak humanizatu: euskal espetxe ereduaren esperantza eta erronka ikastaroan eman zituen xehetasunak, atzo.

Zertan da Gipuzkoako eta Arabako moduluen egoera?

Gainerako lekuekin alderatuta, Euskadik bide erraza du: emakumeak dauden bi zentro ditu, baliabide ekonomikoak ditu, nahia, eta andre gutxi. Halere, orain Martutene da kaskarren dagoena, eta bertan dauden emakumeen egoera negargarria da. Hankan arazoren bat badute, adibidez, erronka handia da, eskaileraz beteta baitago dena, eta kartzela ez dagoelako halakoetarako prestatuta. Martutenen, emakumeen baldintzak askoz okerragoak dira gizonenak baino, desberdintasun handiak daude. Halere, uste dut badagoela borondatea gauzak aldatzeko.

Bide horretan erresistentziarik egon daiteke?

Emakumeak artatzeko modua aldatzea edo andreak bertzelako motxila batekin datozela ulertzea ez da egun batetik bertzerako kontua. Erranen nuke emakumeen domestikazio moduko bat ere badagoela, estigma handi bat baitago tartean: erraten da ez direla ama eta emazte onak, eta, gainera, gaizkileak direla. Horren harira, badago kartzeletan eraiki nahi den emakume eredu moduko bat. Baina zer eraiki nahi da, emakume tradizionala edo ahaldunduko den emakumea? 

Eta nola aurre egin dakioke horri?

Emakumeak kartzelara sartzen direneko biktimizazioa ezin izanen da aldatu, hori gizartearen afera bat da. Leku horrek baliabideak izan beharko lituzke, ordea, arreta espezializatua jaso dezaten. 

«Indarkeria matxista zigortzen duen gizarte bat dugu, baina, aldi berean, indarkeria horren biktimak kartzelan ditugu»

Zer gertatzen da indarkeria matxistaren biktima diren andreekin?

Kartzelan dauden emakumeen artean bi soslai ditugu: batzuek ez dute biktimizaziorik pairatzen —edo halakoak gutxiengoa dira—, eta hezkuntza maila handia dute; eta bertzeak biktimizatuagoa daude. Bigarrenen kasuan, biktimizazioak edo delituak berak bikotekidearekin du zerikusia. Indarkeria matxista zigortzen duen gizarte bat dugu, baina, aldi berean, indarkeria horren biktimak kartzelan ditugu. Gainera, egindako delitua bikotekidearekin lotuta dago anitzetan, haien erasotzailea izateaz gain delitua eragin baitzuen. Badirudi epaitegiek hori ez dutela kontuan hartzen.

Behin ikerketa eginda, zein da hurrengo pausoa?

Badut zor bat espetxeekin: hor barruan dauden emakumeei ikerketagatik egindakoa itzultzea. Emaitzak helarazi behar dizkiet, bederen. Bertzalde, egin dudan ikerketa transferentziak aplikatu baino lehenagoko egoerari buruzkoa da. Eredu berriaren aurrerapenak hemendik bortz urtetara ikusten ahalko dira, eta orduan bertze ikerketa bat egitea planteatzen dut.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.