Martinezen eta Gorrotxategiren zerrenda bateratua, urrun

Ahal Dugu-ko bi hautagaiek aurkari izaten jarraituko dute. Lander Martinezek koalizioa osatu nahi du Equo eta Ezker Anitzarekin

Rosa Martinezen aldeko kanpainaren aurkezpena, atzo, Gasteizen. BERRIA.
edurne begiristain
Gasteiz
2020ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Bi aste eta erdi falta dira Ahal Dugu-k Eusko Jaurlaritzako lehendakarigaia aurkezteko epea amaitzeko —martxoaren 2an bukatuko da—, eta gero eta urrunago dago Miren Gorrotxategi eta Rosa Martinez hautagaiek zerrenda bateratua osatzeko aukera. Bi hautagaiek aurkari izaten jarraituko dute primarioei begira. Gorrotxategik Zubiak izeneko hautagaitzan sartzea eskaini zion Martinezi joan den astean, «batasunaren eta integrazioaren aldeko» keinu gisa, baina Martinezek atzo egindako adierazpenei erreparatuta, indarra galduz doa aukera hori. «Barne arazoak» alderdi barruan eztabaidatzearen alde agertu zen, eta gaineratu Gorrotxategiren eta bere estrategiak «ezberdinak» direla eta primarioen prozesua ere modu ezberdinetan ulertzen dutela. Gainera, asteon Lander Martinez Ahal Dugu-ko idazkari nagusiak Gorrotxategiri leporatu dio zerrenda bateratua lortzeko negoziazioak «alde bakarretik hautsi» izana.

Gorrotxategik elkarrizketa bat eman zuen atzo Radio Euskadin, eta adierazi zuen oinarrien iritzia kontuan izan duela hautagaitza osatzeko garaian. Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusiaren sostengua du Gorrotxategik, baina, haren esanetan, horrek ez du esan nahi Iglesiasek haren aldeko kanpaina egingo duenik: «Bere proiektuarekin zintzoa izan naiz beti. Harreman estua dugu, eta nire asmoen berri ematen diot».

Gorrotxategik kritikatu egin zuen Elkarrekin PodemosekJaurlaritzarekin lortutako aurrekontu akordioa. «Nire anbizioa kopuru txiki batzuk lortzetik harago doa». Halaber, baztertu egin zuen Ahal Dugu-k EAJrekin gobernatzeko aukera. EH Bildu, PSE eta Podemosen arteko itunak lehenetsi zituen, gainera.

Bestetik, Rosa Martinezen hautagaitza aurkeztu zuten atzo Gasteizen, Eusko Legebiltzarraren parean. Martinezekin batera izan ziren Lander Martinez, Cristina Makazaga eta Julen Bollain.Guztion Aukera izenburupean aurkeztu zuten manifestu batean, aurrera begirako erronken berri eman zuten: besteak beste, ekonomia «klima larrialdiraeta digitalizaziora» egokitzea, indarkeria matxistari aurreegitea eta estatutu berri bat onartzea ezarri dute lehentasunen artean.

Ahal Dugu-ko idazkari nagusiak jakinarazi zuen apirileko hauteskundeetara Equo eta Ezker Anitzarekin batera aurkeztu nahiko luketela, koalizioak «ezin hobeto» funtzionatu duelako. Dagoeneko negoziazioetan ari dira alderdi horiekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.