Rosa Martinez izango da Ahal Dugu-ko zuzendaritzak babestutako lehendakarigaia Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako. Astelehenean ezagutarazi zuen hauteskunde primarioetara aurkezteko erabakia, baina atzo aurkeztu zuen hautagaitza ofizialki, Lander Martinez Ahal Dugu-ko idazkari nagusiak eta Cristina Makazaga Jarduera Instituzionaleko idazkariak lagunduta. Lehendakarigaiak esan zuen «tandem indartsu bat» osatu nahi duela idazkari nagusiarekin.
Martinezek badu ibilbidea politikan. Besteak beste, Equoko bozeramailea izandakoa da, eta Espainiako Kongresuko diputatua ere izan zen, 2015eko eta 2016ko bozetan, Bizkaian aurkeztuta. Gero, Equo utzi zuen, eta gaur egun Elkarrekin Podemosek Eusko Legebiltzarrean duen taldearen koordinatzaile lanetan dihardu. Martinez aurkeztuta, «fidagarria, esperientzia politikoduna eta akordioak erdiesteko gaitasuna duen» pertsona bat dela nabarmendu zuen Makazagak.
Rosa Martinezek datorren legegintzaldirako duen helburu nagusietako bat ere zehaztu zuen atzoko agerraldian: «Euskadi geldialditik ateratzea da nire erronka». Horrez gain, prest agertu zen «fruituak eman dituen» proiektu baten liderra izateko. «Ahal Dugu Euskadin erreferente eztabaidaezin bihurtu da eskubide sozialen defentsan eta ustelkeriaren eta klientelismoaren aurka egiteko». Hautagaiak nabarmendu zuen akordioetarako «gaitasuna» izan dutela, aurrekontuetan, esaterako, eta ziurtatu ez direla «diskurtsoan bakarrik geratu». Haren iritziz, gizarteari iruditzen zaio ez direla nahikoa aurreratzen ari, eta erakundeak ez direla gai, besteak beste, laneko prekaritatea, alokairuen prezioa eta antzeko arazoak konpontzeko: «Gure helburu izan behar du Euskadi berriro aukeren lurraldeaizatea eta denontzat duinak izango diren bizi proiektuak sortzea».
Oraingoz, alderdiko hauteskunde primarioetara beste hautagairik aurkeztu ez bada ere, Lander Martinezek ez du aukera hori baztertu; hala gertatu izan da beste hauteskunde batzuetan ere. Hala ere, Rosa Martinezekin batera egindako lana azpimarratu du. Ahal Dugu-k herenegun onartu zuen primarioen egutegia; horren arabera, hautagaiak otsailaren 2tik 7ra aurkeztu ahal izango dira, otsailaren 23tik martxoaren 1era kanpaina egingo dute, eta martxoaren 4an izendatuko dute lehendakarigaia.
Hautagaitzaz ez ezik, koalizioaz ere hitz egin zuen idazkari nagusiak. Segurutzat jo zuen Ahal Dugu Ezker Anitzarekin koalizioan aurkeztuko dela, Ezker Anitzak aurrekontu akordioaren aurka bozkatu badu ere. Egun, Elkarrekin Podemosek 11 parlamentari ditu Eusko Legebiltzarrean: Ahal Dugu-ko kideak zortzi dira; Ezker Anitzakoak, bi; eta Equokoa, bat.
PP, luze gabe
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak noiz egingo diren zehaztu gabe badago ere —udazkenean amaitzekoa da legealdia, baina Jaurlaritzak udaberrira aurrera litzake bozak—, aurkeztuko diren lehendakarigaien izen-abizen gehienak argituta daude jada. EAJren hautagaia Iñigo Urkullu izango da, baina martxoaren 7an izendatuko dute; EH Bildun beste inor aurkezten ez bada, Maddalen Iriarte izango da lehendakarigaia, eta, Ahal Dugu-n, ikusteke dago nor lehiatuko den Martinezekin. PSE-EEko Idoia Mendiak ziurtatuta du hautagaitza.
Hori horrela, PPren ordezkaria jakitea baino ez da falta. Atzo, Alfonso Alonso alderdiko Euskal Autonomia Erkidegoko presidenteak esan zuen «ilusioz» dagoela alderdiak aurkeztuko duen «proiektu politikoarekin», argudiatuta eurena izango dela «alternatiba bakarra erregimen nazionalistaren aurrean». PPrena «alternatiba liberal eta forala» da, Alonsoren esanetan, eta «batasun konstituzionalera dei» egiten du.
Aitzitik, ez zuen argitu bera izango ote den PPren lehendakarigaia. Atzoko agerraldian, aipamena egin zien gainerako indar politikoak hauteskundeei begira egiten ari diren «mugimenduei», eta erantsi zuen ez duela «luze joko» PPk ere «bere erabakien berri eman arte»; «datozen asteetan» jakinaraziko dute, «epeak» bete behar direlako. Alonsok pistarik eman ez zuen arren, haren hitzetatik uler daiteke popularrek jada zehaztuta daukatela nor izango den beren hautagaia: «PP prest dago datozen hilabeteetan egon daitekeen edozein gertakariren aurrean».
Martinez «tandema» lehendakaritzarako
Ahal Dugu-ko hautagaiak esan du bere erronka dela «Euskadi geldialditik ateratzea». PP, aldiz, «alternatiba liberal eta foral» gisa aurkeztuko da; «datozen asteetan» jakinaraziko du lehendakarigaia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu