Kazetaritza

Martin Ugalderen familiak BERRIAn utzi du hari eman berri dioten ohorezko saria

Kazetarien Euskal Elkartearen eta Elkargoaren zuzendaritzak lehen aldiz eman du aurten ohorezko saria, eta Martin Ugalderen ibilbidea aitortu dute.

2022ko azaroaren 25a
17:18
Entzun

Martin Ugalderi Ohorezko Kazetaritza Saria eman zion Kazetarien Euskal Elkargoak azaroan. Unai Ugaldek jaso zuen, eta gaur familiaren izenean BERRIAren eskuetan utzi nahi izan du haren ibilbidearen aitortzaren ikurra. «Gure aitak bi familia zituen: etxekoa eta kazetariena. Horregatik pentsatu genuen sari hau bere kazetarien familiaren eta, hain zuzen, BERRIAren esku uztea zela egokiena, bere ondorengoentzat».

Beatriz Zabalondo BERRIA Taldeko lehendakariak jaso du saria, lantalde osoaren izenean. Eskerrak eman dizkio Ugalderi: «Ohore bat da, zainduko dugu, eta Martin Ugalde nor zen kontatuko diegu gure ondorengoei».

Ohorezko lehen saria

Sarien barruan, Kazetarien Euskal Elkartearen eta Elkargoaren zuzendaritza batzordeak kategoria berri bat sortu du aurten, lanbidearen barnean historikoki garrantzitsua izan den pertsonaia bat ohorez aintzatesteko, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duen garrantzia eta ibilbidea kontuan hartuta. Ohorezko sari hori aurrenekoz eman dute, eta Martin Ugalde zenaren ibilbidea eta ondarea saritzea erabaki dute.

«Euskararen defentsarako figura enblematikoa izan zen, azken urteetan Euskaldunon Egunkaria-ri lotua. Egunkari horren sortzaileetako bat izan zen, eta haren itxiera modu traumatikoan jasan zuen», adierazi dute kazetarien elkargoak eta elkarteak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.