UEMAk badu buru berria: Martin Aramendi (EH Bildu) izango da agintaldi honetan UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko lehendakaria, eta Iraitz Lazkanoren lekukoa hartuko du; lehendakariordea, aldiz, Irune Urbieta izango da, Zarauzko zinegotzia (EAJ). Lanerako ildo nagusiak markatu dituzte: udalerri euskaldunak babestea eta euskararen erabilera sendotzea, herritarren ahalduntzean eragiteko ekimenak sustatzearekin batera.
Gaur egun, 101 udalerrik eta bertan bizi diren 305.000 bizilagunek osatzen dute UEMA. Udalerri gehiagok ere azaldu dute bertan sartzeko asmoa —Zeanurik (Bizkaia), esaterako, onartu berri du UEMAko kide izatea—. Hori horrela, Aramendik nabarmendu du «sendo»dagoen egitura bat hartu duela: «Sendo dagoen erakunde baten gidaritza hartu dut, udalerri euskaldunen garrantzia lehen lerrora eramatea lortu baitu UEMAk. Alabaina, urratsak egiteko garaia delakoan dago: «Euskararen biziberritzean giltzarriak izango diren erabakiak hartzeko eta urrats sendoak egiteko agintaldia izan behar du honek. Horretarako, adostasuna eta konpromisoa ezinbestekoak dira».
Lau urte ditu aurretik Aramendik, eta erronkak badituztela ziurtatu du: «Argi dago UEMA asko aldatu dela azken urteetan. Udalerri euskaldunen tipologia aldatu egin da, eta askotarikoa da gaur egun. Horrek euskaldunen tipologia ere goitik behera aldatu du, eta ezinbestekoa da horri erantzungo dion egitasmoak lantzea, herritarrak ahalduntzeko». Horretarako, lehendakariaren irudiko, udalerri euskaldunen eta herritarren hizkuntza ohituren diagnostiko zehatzak beharrezkoak izango dira: «Ezinbestean ikerketa-lerroa izango da UEMAk agintaldi honetan berariaz indartuko duen arloa, diagnostiko eta argazki zehatzarekin hizkuntza-politika tokian-tokiko errealitatera moldatu ahal izateko».
Aramendirekin eta Urbietarekin batera, hauek osatuko dute UEMAren zuzendaritza batzordea: Dabid Anaut —Leitzako alkatea—, Eneko Fernandez —Lesakako zinegotzia—, Ainara Ipiñazar —Igorreko zinegotzia—, Iratxe Lasa —Markina-Xemeingo alkatea—, Aitor Larrañaga —Azpeitiko zinegotzia—, Asier Mingo —Hernaniko zinegotzia—, Idoia Odriozola —Etxebarriako zinegotzia—, Irati Urberuaga —Aulestiko alkatea— eta Larraitz Alkorta —Asteasuko zinegotzia—.