Marten hautsa nola harrotzen den azaldu dute EHUko zientzialariek

Hauts zurrunbilo eta olde handiak gertatzen dira planeta gorriko Jezero kraterrean, 'Perseverance' ibilgailuak bidalitako datuak aztertuta ondorioztatu dutenez

Zurrunbilo bat Marteko Jezero kraterrean, goian, ezkerrean. Lurrean, Perseverance ibilgailuaren gurpilen markak. EHU.
Edu Lartzanguren.
2022ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Martxoan Saharatik Euskal Herrira helduriko hauts hodeiarekin harritu zirenek ikusi beharko lukete zelako giroa duten Marten. Izan ere, hango haize arinak hauts zurrunbiloak sortzen ditu etengabe. Lehen aldiz, EHUko ikertzaileak kide dituen nazioarteko zientzialari talde batek argitu du nola altxatzen den hautsa planeta gorriaren gainazalean.

Urtebete inguru eman du Marteko atmosfera ikertzen EHUren Bilboko Ingeniaritza Eskolako Zientzia Planetarioen Taldeak. Horretarako, Perseverance ibilgailuko MEDA estazio meteorologikoa erabili dute. Iazko otsailaren 18an heldu zen Perseverance Marteko Jezero kraterrera.

MEDA tresnak (Marteko Ingurumenaren Dinamiken Aztergailua), besteak beste, haizearen abiadura eta norabidea neurtzen ditu, tenperatura, hezetasuna, eta atmosferan dauden partikulen tamaina eta kopurua. Haren helburuetako bat gizakien esplorazioa prestatzea da, eguneroko eguraldiaren eta Marteko erradiazio eta haizeen inguruko informazioa emanez. Izan ere, Marteko ingurumen baldintzen inguruko informazio zehatza ezinbestekoa litzateke astronauten bizitza bermatzeko.

MEDAri esker aztertu dute hautsaren zikloa planetan. INTA astrobiologia zentroak garatu zuen estazioa Madrilen, EHUko Zientzia Planetarioen Taldearen laguntzarekin. Agustin Sanchez Lavega katedratikoaren zuzendaritzapean aritu dira Ricardo Hueso eta Teresa del Rio-Gaztelurrutia irakasleak, eta Asier Munguira doktoregaia. Laurek sinatzen dute Science Advances aldizkariak argitaratu duen artikulua, nazioarteko lankideekin batera.

«Esan dezakegu orain hasi garela ulertzen zein baldintza behar diren Marteko gainazaleko hautsa harro dadin. Planeta gorriaren hauts zikloak lagunduko digu Marteko meteorologia orokorra hobeto ulertzen», adierazi du Ricardo Hueso ikertzaileak, EHUk zabalduriko oharrean.

Marteko atmosferak Lurrekoak baino 150 aldiz dentsitate txikiagoa du, eta haren presioa Lurrekoaren %1 da. Horrez gain, grabitatea askoz txikiagoa da (%38), planeta gorriak masa txikiagoa duelako. Alegia, 70 kiloko gizaki batek 26,6 kilo pisatuko lituzke han. Alde horrek guztiz baldintzatzen du hautsa nola harrotzen den han. Baina Marteko airean flotatzen dabilen hautsak ere eragina du hango atmosferaren tenperaturan.

Hauts zurrunbiloak oso ohikoak dira Jezero kraterrean, ikertzaileek ondorioztatu dutenez. Eguneko eta gaueko haizeak ezberdinak dira, gainera. Egunean, hau da, Eguzkiak kraterra argitzen duenean, haren azala eta atmosfera berotzen ditu. Horren ondorioz, haizeak bizitu egiten dira, eta gorantz egiten dute, zirimoletan. Gauean, berriz, hoztu egiten dira, eta beherantz egiten dute. «Haize korronte horien eta gainazalaren arteko interakzioak sortzen ditu hauts kopuru handiak altxatzeko fenomenoak», esan du Huesok.

Gailuak planetan igarotako lehenengo 216 soletan (Marteko egunak), halako lau zirimola pasatu dira Perseverance-ren gainetik egunero, batez beste, eta horietako laurdenak inguru hauts zurrunbilo handi samarrak izan dira. Zurrunbilo ez diren haize ufada handiak gutxiagotan gertatzen dira, baina haiek baino askoz eremu zabalagoak harrotzen dituzte.

Lehenengo soinuak

EHUko ingeniariek Perseverance ibilgailuan eginiko lana albiste izan da aste honetan Nature aldizkarian, eta hura ere hango atmosferan gertaturiko mugimenduekin lotuta. Izan ere, Marten jasotako soinuak bildu dituzte In situ grabaturiko Marteko soinu paisaia artikuluan.

EHUko IBEA taldeak hartu du parte ikerketan, besteak beste Juan Manuel Madariaga katedratikoak eta ikerketaren beste egileetako batek: Munguirak.

Orain arte ez dute inoiz grabatu Marten gizakiek entzun dezaketen tarteko frekuentziarik; hau da, 20 hertzetik gorako soinurik. Ondorioztatu dutenez, soinu iturri berak askoz zarata txikiagoa ateratzen du Marten: 20 dezibel gutxiago, zehazki. Horrez gain, soinua askoz gehiago moteltzen da han bidaiatzen duenean, atmosferak dentsitate txikiagoa duelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.