Marta Santos Pais: «Oraindik asko dago egiteko heriotza zigorraren aurka»

Heriotza Zigorraren Aurkako Nazioarteko Batzordeak jaso du giza eskubideen Rene Cassin saria, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren eskutik.

Rene Cassin sariaren banaketa ekitaldia
Nerea Melgosa sailburua, Marta Santos Pais sariduna eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, atzoko ekitaldian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
2023ko abenduaren 11
17:00
Entzun

«Munduko herrialde eta eskualde guztietan heriotza zigorra indargabetzearen alde egindako borroka nekaezinagatik» eman diote saria ICDP erakundeari. Marta Santos Paisek jaso du Heriotza Zigorraren Aurkako Nazioarteko Batzordearen izenean. Haurren aurkako indarkeriari buruzko NBEko idazkari nagusiaren ordezkari berezia izandakoa da Santos Pais.

Santosek eskertu egin du Eusko Jaurlaritzaren aitortza, eta konpromisoa adierazi du heriotza zigorra desagerrarazteko lanean jarraitzeko. Gaur egun, munduko hiru herrialdetik bik heriotza zigorrik ez duten arren, salatu du oraindik herrialde handi askok heriotza zigorra ezartzen dutela oraindik, Txinak adibidez. Gogorarazi du, gainera, desgaitasuna dutenei ere aplikatzen zaiela heriotza zigorra herrialde batzuetan, eta, askotan, emakumeak etxeko indarkeriarekin eta indarkeria matxistarekin lotutako delituengatik exekutatzen dituztela.

Navi Pillay Heriotza Zigorraren Aurkako Nazioarteko Batzordeko presidenteak ere parte hartu du gaurko ekitaldian, baina bideo baten bidez. Bideoan, aitortu du sariak indarra eman diela heriotza zigorrari eusten dioten gobernuekin eztabaidatzen jarraitzeko.

Bestalde, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak emandako hitzaldian adierazi du Eusko Jaurlaritzak bere egiten duela giza eskubideen defentsa, «urraketa, mehatxu eta arriskuen egungo testuinguru globalean».

Eusko Jaurlaritzak 22. urtez banatu du Rene Cassin saria, gaur. Gainera, atzo 75 urte bete ziren Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala onartu zenetik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.