Marta Igarriz eta Xabier Agirre euskal presoei (EPPK) egun bateko irteera izatea ahalbidetu die Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzak, eta programatutako kultur irteera bat egiten ari dira gaur. Logroñoko (Espainia) kartzelan daude, eta afaltzerako itzuliko dira. Espetxeko langileak ondoan izango dituzte egunean zehar.
Bigarren graduan dauden presoak dira Igarriz eta Agirre, eta egoera horretan diren EPPK-ko kideak egun batzuetarako irteera baimenak eskatzen ari dira tokian-tokian; eskaera horrekin batera, eragindako minaz eta bide baketsu eta demokratikoen aldeko idatzi bat aurkeztu ohi du bakoitzak. Estatuak baimen hori eman edo ukatu artean egindako irteera da Igarrizena eta Agirrerena, Espetxe Aradiak artikulu batzuetan dioena beteta. Irteeraren erabilera "zuzena" bermatzen duten presoei ahalbidetzen diete.
Egun bateko irteeraren aukera kartzelako tratamendu batzordeak proposatu ostean, Espetxeetako Zuzendaritzak edo Espetxe Zaintzak onartu behar du. Igarrizen eta Agirreren kasuan, Espetxe Zaintzak eman du balekoa —atzo—, Espetxeetako Zuzendaritzak irailaren 23an ezezkoa eman ondoren.
Espainiako Estatuan orain arte ez zuten egun bateko irteera ahalbidetu EPPK-ko kideen artean. Frantziakoan, bai: kasurako, berriki Zigor Garrori, Mont-de-Marsanen (Okzitania) den kideari, bi aldiz. Egun batzuetarako irteera baimenen kasuan, PSOEren gobernuak EPPK-ko bosti eman die.