Markel Olanok (Beasain, Gipuzkoa, 1965) hilabete batzuk egin ditu politikaren lehen lerrotik aldenduta, eta «hobeto» bizi dela dio, irribarre zintzo batez. EAJn segitzen du «aholkulari gisa», eta, beraz, aktualitate politikoari adi-adi erreparatzen. Hamazazpi urteko tarte batean Gipuzkoako ahaldun nagusi eta oposizioko buru aritu izan da, eta «nekeza eta exijentea» izan dela esan dio BERRIAri elkarrizketa hasi orduko.
Baina aktualitate politikoari arretaz erreparatzen dio, elkarrizketa honek modu argian erakusten duen moduan; halere, bere buruari promesa bat egin zion ahaldun nagusi izateari utzi zionean: «Sartu direnei beren tartea uztea. Ez dut tutoretzarik ezarri nahi. Beren espazioa behar dute, hanka sartzeko aukera izan dezaten, nik sartu dudan moduan».
EIDER MENDOZA
Eider Mendoza egungo ahaldun nagusia EAJko ahaldungai nagusirako bideratzea eta babestea izan zen Olanoren azken erabaki garrantzitsuenetako bat, eta hark aginte makila eskuratu zuen, baina emaitza kaskarra aterata aurreko bozekin alderatuz.
Nola azalduko zenuke emaitza?
Gipuzkoan gorabeheratsua da alderdien ibilbidea. Gogoan daukat 2007an ere izan genituela emaitza kaskarrak, baina are kaskarragoak izan genituen 2011n. 2015etik gaur arte, berriz, zortzi urteko ziklo politikoa izan dugu, eta azken emaitzak ez gaitu markatzen inolaz ere etorkizunerako, Gipuzkoan lehia estua egoten baita bi tradizio politikoren artean, ezker abertzalearen eta EAJren artean.
Mendozak PPren edo ezkerreko alderdien artean aukeratu beharko du gobernatzeko.
Normal ikusten dut. Egokitu beharra dago. Gehiengoan ari zarenean alperra pasatzen duzu, eta horrek zilegitasuna kentzen dizu, eta gehiengorik gabe ahul zaude. Non dagoen gakoa? Jarreran dago, eta Eider Mendoza oso jarrera egokiarekin ikusten dut, umil.
Legebiltzarrerako hauteskundeei begira eragina izan dezakete foru gobernuen babesek?
Bai, baina gehiengo absoluturik ez duzunean, ardurak banatu egiten dira gobernuaren eta oposizioaren artean. Negoziazio politiko bat egongo da, eta, ez badu aurrera egiten, ez da drama bat izango. Aurrekontuak luzatzen badira, esan behar da oso aurrekontu onak ditugula. Babesen eztabaida horrek badu politikoki joko bat, baina ez dugu dramatismoarekin irakurri behar. Gauza etereoen inguruko eztabaida abstraktu bat bultza daiteke, oposizioak bere kontakizuna eraikitzeko ika-mika antzuen bidez, edo ekintzetara joan gaitezke, eredu politikoak eta sozialak gizarteratzeko.
ATZERA BEGIRA
Olano 2007an Gipuzkoako Foru Aldundira sartu zen pertsona bera da, baina ez da. «Ez naiz pertsona bera; ibilbideak asko markatzen zaitu», onartu du. «Orain neure burua ikusten dut nire ibilbidea markatzeko gai. 2007an ezin iritsita nenbilen. Betebeharrak markatzen zidan bidea. Pedro Miguel Etxenikek, aspaldiko lagunak, askotan esaten zidan 'ezarri zerorrek zure agenda'. Azken legealditik hori egin dut, eta horrek konfiantza ematen dio norbere buruari. 2007an estresak jota nengoen erabat, eta, orain, bizitza beste modu batera ulertzen dut. Tarte horretan ezkondu nintzen, semea izan nuen, eta bizitzari nola begiratu, horretan asko aldatu zait ikuspegia».
Olanok badaki antsietatea eta depresioa zer diren; inoiz kontatu du gertaera pertsonal gogorrak bizitzea egokitu zaizkiola. Uste du buru osasunari buruz aho bilorik gabe hitz egin behar dela. «Buru gaixotasunen inguruan dagoen iluntasunak, lotsak edo ezkutatzeko sentitzen den beharrak ez diote mesederik egiten errealitate horri; gainera, buru gaixotasunak ugaritzen ari dira. 2006 eta 2007 inguru horretan, gure amak depresioa izan zuen, eta nik, antsietatea. Bizi izan nuen amak bere buruaz beste egin izana eta aita hil egin izana handik hilabete gutxira. Hori modu sanoan kanporatzea ona da norberarentzat. Errealitate hori azalarazi behar dugu denen artean, gaixoei eta familiei tresnak eman behar dizkiegulako egoera hori gainditzeko. Errealitate hori eraldatzeko, funtsezkoa da lehenik egoeraz jabetzea».
Jon Jauregi EAJko ahaldungai nagusiaren ordezko gisa heldu zen Olano aldundira, haren arazo fiskal batzuk tarteko. Olanoren «karisma gabeziaz» behin baino gehiagotan aritu ziren hedabideetan. «Zer da karisma?», galdetu du gaiari helduz. «Politikan bada arduradun nagusien inguruko mito bat: batzuek lidergo indartsu bat izatea eskatzen diote, eta nik ez dut horretan sinesten. Ez dut neure burua ikusten lider indartsu bat bezala, baizik eta talde lan batean rol jakin bat daukan pertsona gisa».
Nola gogoratzen duzu zure sarrera Foru Aldundian?
Modu dramatikoan bizi izan nuen, ikusten bainuen alderdi barruan egoera latza sortu zela Gipuzkoan. Kostu pertsonal handia izan zuen horrek Jon Jauregirentzat. Gure alderdiko kide batzuek Ogasuna erabili zuten, eta hark nozitu zituen ondorioak. Batzuek alderdia utzi behar izan zuten, Jauregi garbi-garbi atera baitzen Ogasunaren ikerketatik. Nik ez nuen inongo bokaziorik erakundeetan ardurak hartzeko. Erronka hori eta familian nuen egoera beltz hura batu ziren, eta bereziki zaila izan zen. Denbora luze pasatu nuen estresak jota, hilabeteak.
Bilduk irabazi zuen 2011n, eta gobernuari uko egin behar izan zenion.
Erabaki horrekin ados egon nintzen ehuneko ehunean. Orduan ez zegoen hain garbi, baina ikusi da erabaki egokia izan zela. Eta 2011n ez zen erraza posizio horri eustea. Erakunde publiko batetik irtetea zaila da, are gehiago bertan mantentzeko aukera izanda.
PSErekin akordioa berritu ostean bi legealditan izan zara gero ahaldun nagusi.
Azken zortzi urteko agintaldietan krisi global sakonak ere izan dira. Egiten dudan analisia zera da, Gipuzkoan badugula eredu propio bat lantzeko aukera. Gehiengo absolutuek egonkortasuna eman digute urte askoan, eta arrasto sakona ipini dugu Eiderrek [Mendoza] eta bere taldeak bide beretik jarraitzeko.
ALARDEA, BIDEGI ETA ERRAUSKAILUA
Egin ote zitezkeen gauza batzuk beste modu batera Olanoren gobernuetan? Alardeei dagokienez, aurten estreinakoz egin dio harrera alarde mistoari, Hondarribian, EAJko ahaldun nagusi batek, emakumea bera: Eider Mendoza. Ez ote da berandu izan?
Ezetz dio Olanok. «Eiderrek [Mendoza] esaten zidan bi alardeak hartzeko garaia zela, eta nik esaten nion bere ziklo politikoan zentzuzkoa zela, baina nire zikloak bukatu behar zuela aurrena. Gu saiatu ginen isilean prozesu bat martxan jartzen, adituen laguntzaz, ikuspegi desberdinak ados jar zitezen. Eta ahalegin horrek emaitzak ekarriko ditu, gizartean aldaketa bat ikusten baita; Hondarribian gehiago beharbada, baina badago. Herritarrek tarte bat behar dute, eta udalek ere bai. Gogoratu nahi dut ezker abertzaleak banaketa bat izan zuela Hondarribian».
EAJk alkatetza galdu du Hondarribian, urte askoren ondoren, eta alardearen auziak lotura handia du hauteskundeen emaitzarekin. Olano jabetzen da horretaz, baina... «Baina ahaldun nagusiaren posizio publikoak zer aldatzen du horretan? Bakoitzak jakin behar du zer rol duen, eta askotan bizi gara azaleko politikan. Gatazka sozial hori konpontzeko baldintzak sortzea zen garrantzitsuena. Berandu edo goiz ibili gara? Kontua da ekarpen positiboa ala negatiboa egin den, eta gureak emaitzak ekarri ditu».
Olanoren agintaldietan, EAJk auzi garratzak izan ditu EH Bildurekin. Errauskailua izan da bat, eta Bidegi auzia beste bat.
Jose Ignacio Asensio GHK-ko presidentea ikertzen ari da justizia.
GuraSOSek 40 salaketa eraman ditu epaitegietara, eta denak bota dituzte atzera. Ez dakit 41.a ere galduko duen, baina ibilbideak hori erakusten du. Baina, gainera, analisi politiko bat dago: badaude ildo politiko batzuk harremanak dituztenak ezker abertzalearekin, eta arduradun politiko baten aurka auzitara jotzea erabaki politiko bat da. Beligerantzia horrek alderdien arteko harremana baldintzatzen du. Ematen du ezker abertzaleak bide horretan jarraitzen duela, ez baitut zantzurik ikusten pentsatzeko arerio politikoaren aurka epaitegiak erabiltzeari utziko diola.
Abertzaleen arteko elkarlana oso zaila ematen du...
Abertzale moduan uste dut ibilbide horrek abertzaletasunaren geroan badituela ondorioak. Non eta Gipuzkoan, soziologiaren ikuspegitik aukera gehien dagoen lurraldean, abertzaletasunaren bidean ados jartzeko. Ezker abertzalearen soziologian badago EAJren aurkako gorroto bat, eta arazo bihurtu zaio. Baina benetako kaltea ezker abertzaleari egiten dio, iraganeko ikuspegi bat islatzen baitu.
GHK-ko Bilduren bi arduradun ohi 45 milioi euroko eskaera bati erantzuteko arriskuan egon ziren, hain zuzen haien ondorengo GHK-k salaketa judizial bat egin baitzuen.
PSEren esku zegoen GHK; guk gobernu gisa hartutako erabakiak izan ziren kontu hauek epaitegietatik ateratzeko, eta eurak badakite. Ez da koherentea besteari leporatzea gauza bat eta zerorrek egitea, eta EAJk ez du egin. Horregatik dugu zilegitasuna kritika hori egiteko. Ez genuen hortik jarraitu nahi, ondorio pertsonalak zeudelako. Ihes egin diogu, ahal den neurrian, epaitegiak erabiltzeari lehiakide politikoaren aurka. Penaz ikusten dut beste aldean ez dela hori gertatu. Bidegi auzian ere temoso jarraitzen dute helegite hori jarrita, nahiz eta epaitegiak ebazpen garrantzitsu bat eman berri duen auzia ixteko.
BURUJABETZA ETA EUSKARA
Espainiako Gobernua eratzeko negoziazioaren harira, berriz, Olanok uste du «leiho bat» ireki dela «errealitate nazionalak Espainiako Estatuaren irakurketan finkatzeko». Esplikatu du azken urteetan Espainiako justiziak estatu horren subiranotasunaren aldeko «corpus bat» ezarri duela, «interpretazio anbiguoa zena lerratuz». Orain, berriz, «beste subjektu politikoak tinkotzeko aukera bat» ikusten du. «Gure izaera nazionalaren aitortza behar dugu; arnasa hori behar dugu, eta Estatuarekin dugun harremanean aldaketa sakon bat ere bai. Plurinazionalitateaz ari gara; hori da aldebikotasunaren onarpena, eta gure erabakitzeko eskubidearen egikaritze bat ekarriko liguke».
Azaroaren 4an, Oldarraldiaren aurrean: euskararekin bat, euskaraz bat lelopean egingo den manifestazioan egongo da ahaldun nagusi ohia, Bilbon.
Zer gertatzen ari da?
Bi maila daude; epaitegietatik oso jarrera kontserbadoreak daude: beren posizioak gizartetik at finkatzen dituzte, COVIDarekin ere ikusi zen moduan. Orain euskararen txanda da, eta horrek eskatzen du epaileei esatea: 'Aizue, gizartearen gehiengoa hemen dago'. Ezinbestekoa da erantzutea, eta euskalgintzak martxan jarritakoa gutxiengo bat da. Baina badago zerbait kezkagarriagoa, eta lotura du euskararen biziberritzearen inguruan dauden kontakizun batzuekin. Alderdi batzuek aldatu egin dute beren ikuspegia. Lehen, ia denok onartzen genuen bazela hizkuntza bat ahul zegoena, urte askoan eraso bat jaso ondoren, eta hura indartu egin behar zela. Orain, tamalez, entzuten diet arduradun politiko batzuei, tartean PSEko batzuei, nola nahasten dituzten askatasunaren kontzeptua eta euskara. Horren aurrean marra gorriak jarri behar ditugu, ezin baita askatasunaren kontzeptua baliatu euskararen aurka, hizkuntza ahulenaren aurka. Egoera horri zilegitasuna ematea da hori.
EAJk badu lan bat PSE bazkidearekin egiteko, ezta?
Zalantzarik gabe. Analisi horrek hausten baitu trantsizio garaiko kontsentsu bat.
GEROA
EAJren barruan jokatzen duen rola aldatu, eta berriro gidaritza toki batean aritzeko aukera baztertzen ote duen galdetuta, hauxe izan da Olanoren erantzuna: «Beti azpimarratzen dut: alderdiak erabakiak hartzen dituenean denbora errespetatzeko. Alderdiak prozesuak irekitzen ditu, eta hautaketa prozesu horietan pertsona jakin batzuk aukeratzen ditu. Ni prest nago nire ekarpena egiten jarraitzeko. Baina alderdiak berak erabaki behar du prozesuak noiz ireki eta zein pertsona aukeratzen dituen.
Gipuzkoako ahaldun nagusi ohia
Markel Olano: «Marra gorria jarri behar da: ezin da askatasuna baliatu euskararen aurka»
Aho bilorik gabe azaldu du Olanok Gipuzkoako Aldundira iritsi zeneko garai «dramatikoa». Heldu dio haren ibilbide luzean EH Bildurekin izandako harreman gatazkatsuari ere. «Prest» dago EAJren barruan «ekarpena egiten jarraitzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu