Marotok ere ez du masterrik

PPren webgunean ageri den masterra, egiaz, «programa» bat izan zela argitu du. «Batzuek master gisa itzultzen dute», argudiatu du

Samara Velte.
2018ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
PPko kargudunen prestakuntza akademikoari buruzko zalantza ironiko eta sasieskandaluen erdian, Javier Maroto Gasteizko alkate ohiari egokitu zaio Twitterreko txantxen objektu bihurtzea. Cadena Ser irratiko programa batean elkarrizketatu zuten atzo goizean Maroto: elkarrizketatzaileak bere ibilbide akademikoari buruz galdetu zionean, Marotok aitortu zuen ez duela sekula master titulurik eskuratu.

Arazoa, elkarrizketatzaileak ohartarazi zionez, bere alderdiaren webgunean zegoen, ordea: atzo eguerdira arte, Marotok Kudeaketa eta Administrazio Publikoko Masterra duela zioen PPren webgune ofizialak. Kontraesana agerian geratu orduko, eskandaluari aurrea hartzen ahalegindu zen Gasteizko alkate ohia: «Kudeaketa eta Administrazio Publikoko Programa batean parte hartu nuen», zehaztu zuen, eta azaldu zuen programa horiek urtebeteko ikastaroak izaten direla: «Sarritan, masterraren gradu moduko bat izaten dira programak, eta batzuek horrela itzultzen dituzte; horrenbestez, ez dauka inolako misteriorik».

Cifuentesen aurrekaria

Elkarrizketak ez zukeen bestelako oihartzunik izango, baldin eta PPk berak ez balu berehala erreakzionatu: atzo eguerdirako, errealitatera egokituta zeukan Marotoren ibilbidea jasotzen duen orrialdea. Azken egunotan aski zeresan eman dute haren alderdikide eta Madrilgo Erkidegoko presidente Cristina Cifuentesen gezurrezko masterraren ingurukoek: hainbat hedabidek argitara atera dutenez, Cifuentesek ez zituen egin bere curriculumean aipatutako graduondokoa eskuratzeko egin beharrezko urratsak: ez zen klasera joan, ez zuen master amaierako lanik egin eta, noski, ez zuen lanik aurkeztu epaimahai baten aurrean. Titulua, hala ere, eman zioten, hark irmo defendatu duenez. Horrez gain, Cifuentesen biografian ere master gisa agertzen zen berez ikastaro bat zena, Marotoren webgunean bezalaxe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.