Marokok atea mutur aurrean itxita itzuli dira. Euskal Herrira heldu dira gaur eguerdian Mikel Arruabarrena (EAJ), Amancay Villalba (EH Bildu) eta Jon Hernandez (Sumar) legebiltzarkideak, Euskal Fondoa erakundeko ordezkariekin batera. Mendebaleko Saharako egoerarekin arduratuta, Marokok okupatutako lurretara bisitan joan nahi zuten, han giza eskubideen egoera zer-nolakoa den egiaztatzeko, baina ezin izan zuten. Aaiunen sartzeko baimena ukatu zien Marokoko Gobernuak, eta ezin izan ziren hegazkinetik jaitsi ere. Gaur, harrera beroa egin diete Noaingo aireportuan. Han izan dira Nafarroako Parlamentuko zenbait ordezkari —Unai Hualde parlamentuko lehendakaria, Irati Jimenez EH Bilduko legebiltzarkidea eta Carlos Guzman Zurekin Nafarroa koalizioko eleduna—, eta baita Sahararen aldeko hainbat ekintzaile ere.
Ikusi gehiago
Oihu eta txalo artean agurtu dituzte Euskal Herriko ordezkariak, aireportuko harreran: «Gora Sahara libre!» eta «Sahara aurrera!» izan dira bertaratuek gehien errepikatu dituzten leloak, Saharako eta Nafarroako banderak astintzen zituzten bitartean. Hitza hartu dute gero ordezkari politikoek. Arruabarrenak azaldu duenez, asmoa zuten Aaiunera sartzeko, baina ezin izan zuten lurra zapaldu, hegazkinetik jaistea galarazi baitzien polizia talde batek: «Uniformerik gabeko poliziak ziren, edo hori esan ziguten, behintzat», azaldu du Arruabarrenak. «Hitzez hitz esan ziguten Marokon sobera ginela. Ez ziguten beste azalpenik eman, guk eskatu arren».
Marokoren jarrerak etsipena eta haserrea eragin zituen Euskal Herriko ordezkarien artean, baina inork ez zuen ezusterik hartu. «Badakigu Marokon legea ez dagoela indarrean. Ez dagoela legerik, alegia», laburbildu du EAJko legebiltzarkideak. 2019an ere Mendebaldeko Saharan sartzea eragotzi zion Marokoko Gobernuak Eusko Legebiltzarreko ordezkaritza bati: «Bagenekien hau gerta zitekeela, baina behintzat, balio dezala Mendebaldeko Sahararen auzian arreta jartzeko», ondorioztatu du Arruabarrenak.
EH Bilduko Amancay Villalbak «onartezintzat» jo du gertatutakoa: «Marokoren jokabidea salagarria da. Gure bidaiaren helburua zen Mendebaldeko Saharara joatea, hango herritarrak nola dauden bertatik bertara ezagutzeko eta giza eskubideen urraketen testigantzak jasotzeko. Hortaz, gertatu denaren argitara, geure buruari galdetzen diogu zergatik ez diguten baimenik eman herrialdea bisitatzeko. Zer ezkutatzen duten». EH Bilduko legebiltzarkidearen irudiko, Marokoren jarrerak erakusten du «herrialde horrek legez kanpo okupatzen duela Sahara». Hiru parlamentariek azaldu dute, gainera, Mendebaldeko Saharan sartzeko baimen guztiak zituztela, eta Espainiako Gobernua jakinaren gainean zegoela aspalditik.
Elkartasun mezuak
Nafarroako Parlamentuko ordezkaritza batek harrera egin die Eusko Legebiltzarreko kideei. Han izan dira Unai Hualde parlamentuko lehendakaria, Irati Jimenez EH Bilduko legebiltzarkidea eta Carlos Guzman Zurekin Nafarroa koalizioko eleduna. Horien izenean hitz egin du Hualdek: «Elkartasuna adierazi nahi diegu Gasteizko legebiltzarreko kideei. Gertatutakoa salatu nahi dugu, eta gure egiten dugu Sahararen aldeko kausa». Napar Buru Batzarreko presidentearen ustez, gertatutakoak agerian uzten du «Marokok ez duela lekukorik nahi, giza eskubideak etenik gabe urratzen dituelako». Rabaten jokabidea salatzeaz harago, baina, Espainiako Gobernuaren jarrera ere kritikatu du, «azken urteetan zeharo aldatu baitu norabidea, Saharako auziari dagokionez». Hualdek «konponbide bat» eskatu du Mendebaldeko Sahararentzat, «NBE Nazio Batuen Erakundeak orain arte emaniko ebazpenen eta nazioarteko autodeterminazio eskubidearen barruan».
Azkenik, Fronte Polisarioak Nafarroan duen ordezkari Hamdi Barak eskerrak eman dizkie Eusko Legebiltzarreko kideei, «Marokoren inpunitateari eta gardentasunik ezari emaniko kolpearengatik», eta dei egin die bertaratuei «Mendebaldeko Sahararen alde borrokan segitzeko».