Tartean Eusko Legebiltzarreko hiru legebiltzarkide daude: Mikel Arruabarrena (EAJ), Amancay Villalba (EH Bildu) eta Jon Hernandez (Sumar), eta Euskal Fondoa erakundeko hainbat ordezkari. Mendebaleko Saharako egoerarekin arduratuta, Marokok okupatutako lurretara bisitan joan nahi zuten, han giza eskubideen egoera zer-nolakoa den egiaztatzeko, baina ezin izan dute.
Aurrez ere Marokoko agintariek usu galarazi dituzte tankerako bisitak. Bidaiari hauek ere, bidaia hasi berritan, argi utzi dute zalantza. «Espero dugu oraingoan Aaiunera sartu eta bidaiaren helburuak garatu ahal izatea, eta aurreko aldietan gertatu zena ez gertatzea». Baina, hain justu ere, beste hainbatetan gertatu izan dena gertatu da berriro ere oraingo honetan: ez diete utzi hegazkinetik jaisten ere. Legebiltzarkideek Marokoren jarrera «lotsagarria eta onartezina» dela esan dute handik alde egin aurretik, Eusko Legebiltzarrak zabaldu duen informazioaren arabera.
Hegazkinetik bertatik ere salatu dute gertatzen ari zena, eskura zituzten bitartekoen bidez. Amancay Villalbak, esaterako, mezu hau jarri du X sare sozialean:
Ezin izan gara El Aaiunera sartu, Marokok sarrera ukatu digulako.
— Amancay Amets Villalba Eguiluz (@amancay_amets) January 28, 2025
Ez dute haien okupazioren eta giza eskubideen urraketaren testigantzarik nahi. Marakoren jarrera salatu nahi dugu.
Ez dugu amore emango eta ttinko jarraituko dugu Sahararen independentzia defendendatzen. pic.twitter.com/ndpGgofsjF
Jon Hernandezek ere hantxetik azaldu du zer ari zen gertatzen. Marokoko Poliziaren jarrera kritikatu du, eta «inolako azalpenik eman gabe» kanporatu dituztela salatu.
Legebiltzarkideok Berdintasunerako eta Garapenerako Lankidetzarako Batzordeko ordezkariak dira. Eusko Legebiltzarrak gogora ekarri nahi izan du aurrez ere egin dituztela ahaleginak Mendebaleko Sahararen egoera bertatik bertara aztertzeko, hango herritarrei elkartasuna erakusteko, eta lankidetza sustatzeko. Hain justu ere, gogora ekarri dute iazko udazkenean ere bidaia bat egin zutela Tindufera, hango errefuxiatu kanpalekuetara.
Bidaion helburu nagusia da, besteak beste, Mendebaleko Sahararen autodeterminazio eskubidea aldarrikatzea, eta giza eskubideen etengabeko urraketa salatzea.