Proiektuen arteko alderaketa edo lehia izan ohi da hauteskunde kanpainen funtsa, eta hautagaiek berebiziko garrantzia dute proiektu jakinen ordezkari gisa. Izan ere, hautagaiak berak pisu handia izaten du emaitzetan, nahiz eta alderdiek garrantzia kentzen dioten horri. EAJ eta EH Bildu dira Eusko Legebiltzarrerako bozak irabazteko aukera gehien dutenak, inkesten arabera, eta biek dituzte hautagai berriak: Imanol Pradales eta Pello Otxandiano. Politikari gertutik erreparatzen diotenentzat ezagunak diren arren, gizartearentzat, oro har, ez dira hala, eta, hortaz, marken inguruko lehiak inoiz baino indar handiagoa izango du bozetan.
PSE-EEk lanak aurreratu ditu haren lehendakarigaiari dagokionez, eta sozialistek ez dute abertzaleenaren pareko arazorik izango, hautagai ezaguna baitute: Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusi da 2021eko azarotik. PPn, berriz, aldaketa izan da berriki, baina politikari ezagun baten alde egin dute: Javier de Andres Arabako ahaldun nagusi ohia aukeratu dute hautagai gisa. Elkarrekin Podemosen esparruan gertatzen ari dena, bestalde, apartekoa da.
«Pradales foru diputatua da, baina horrek ez du bermatzen oso ezaguna izatea lurralde guztietan», dio Felix Arrieta Deustuko Unibertsitateko zientzia politikoetako doktoreak (Donostia, 1982). «EAJri dagokionez, ikusten da edozein errelebori alderdiaren markak berak ematen diola bermea. Aurreko belaunaldi aldaketetan ere, EAJk ez zuen soslai publiko ezagunen alde egin, baina denbora gehiago izan zen hautagaiak ezagunago bihurtu zitezen». Jose Antonio Ardanza eta Juan Jose Ibarretxeren arteko erreleboa gogoratu du Arrietak, Iñigo Urkullu eta Pradalesenarekin alderatzeko. «Ibarretxe Ardanzaren lehendakariorde izan zen. Orain, erreleboa askoz ere azkarrago egin dute, eta horrek alderdia behartuko du EAJren marka hautagaiaren aurretik jartzera inoiz baino gehiago».
Irizpide aldaketa EH Bildun
EH Bilduri dagokionez, «aldaketa handiagoa» ikusten du Arrietak lehendakarigaia hautatzeko irizpidean. «Aurretik soslai publiko ezagunagoak aurkeztu ditu, Maddalen Iriarte kasurako; orain, proiektu politikoaren markak izango du pisu handiagoa». Zer dela eta? Adituaren arabera, Otxandiano lehendakarigaiak Pradalesen «arazo bera» izango du «ezaguna izateari dagokionez». Arrietaren iduriko, «gizartearen gehiengoarentzat ezezagunak» dira biak ala biak. «Hautagaiak ezagutarazteko kanpaina oso ausartak ikusten ez baditugu, proiektuen arteko lehia ikusiko dugu ezer baino gehiago».
«Hautagaiak ezagutarazteko kanpaina oso ausartak ikusten ez baditugu, proiektuen arteko lehia ikusiko dugu beste ezer baino gehiago».
FELIX ARRIETA.Deustuko Unibertsitateko Zientzia Politikoetako doktorea
Baina Pradalesek badu abantaila handi bat EAJrentzat, eta berdin Otxandianok EH Bildurentzat, Deustuko doktoreak azpimarratu duenez: «Ez alderdi batek ez besteak ez dute arriskurik hartu hautagaien eta alderdiaren proiektuaren arteko bat etortzeari dagokionez». Arrietak zehaztu du Otxandianok pisu handiagoko rola jokatu duela bere alderdi barruan, Pradalesek berean baino, baina bai EAJren hautagaiak eta bai EH Bildukoak ez dute arazorik izango bere alderdiaren ildoekin leialki bat egiteko. Alegia, hautagai biek ondo ezagutzen dute ordezkatuko duten alderdiaren programa, formari eta mamiari dagokienez, eta alderdiek ere ondo ezagutzen dituzte hautatu dituzten ordezkariak.
Edonola ere, bi hautagaiek rol garrantzitsua jokatuko dute aurrerantzean, gauza bat baita zer mezu ematen zaizkion gizarteari, eta bestea mezuak nola helarazten diren, hau da, hautagaiak nola egiten duen hori. Beraz, baliteke hautagaien komunikaziorako gaitasuna ere erabakigarria izatea emaitzei dagokienez. «Hautagai bien komunikazio gaitasuna nahiko agerikoa da; biak aritzen dira ongi gaztelaniaz eta euskaraz, baita ingelesez ere. Ikusi beharko dugu eztabaida batean nola moldatzen diren, aurrez aurre».
Agerraldi «neurtuak»
Hautagaientzat, alderdien siglak «aterki moduko bat dira beti», Estitxu Garai EHUko irakasleak (Gordexola, Bizkaia, 1985) azaldu duenez; haren ustez, alderdiak zertan diren ere kontuan hartu behar da hautagaiak aukeratzean. «Marka batzuk indartsu iristen dira hauteskundeetara, alderdia bera hautagairen berme delarik, eta beste batzuk, aldiz, ahul». Garaik uste du EAJren marka ez dagoela «boladarik gozoenean», eta garrantzitsua dela hautagaia gauza izatea joera aldatzeko. «Alderdi biek aukeratu dute beren barne egiturako pertsona bat, alde batera utzita politikari ezagunagoak, baina egoera desberdinengatik hartu dituzte erabaki horiek». EHUko irakasleak uste du Otxandianori «alderdiaren markak berak» eskaintzen diola «sendotzeko plataforma»; Pradalesi dagokionez, ordea, «beste pizgarri bat» beharko luke markak hautagaiari berme handiagoa emateko.
«Alderdi biek aukeratu dute beren barne egiturako pertsona bat, alde batera utzita politikari ezagunagoak, baina egoera desberdinengatik hartu dituzte erabaki horiek».
ESTITXU GARAI.EHUko irakaslea
Garaik ez du ontzat jo alderdiek beren hautagaiak ezagutarazteko estrategia, ez zaizkio eraginkorrak iruditu. «Hedabideetan oihartzun handia lortu zuten izenak jakinarazi zirenean, baina, gero, haien protagonismoa mugatu egin dute, agerraldi neurtuen bidez. Ikusten da alderdiaren markan jarri nahi dutela indar handiena».
Erantsi du kanpaina gerturatu ahala gehiago azalduko direla bai Pradales bai Otxandiano, eta alderdiak saiatuko direla «pertsonaren inguruan marka» sortzen. «Marka bat sortzeko saioan, ezagutza da erronkarik handiena. Inkestetan ikusten da zein hautagai aipatzen diren sarrien, izenik proposatu gabe, eta hori da marka analizatzeko abiapuntua». Ondoren, hautagai bakoitzari «ezaugarri jakin batzuk» lotzeko saioa dator. Prozesu hori hasia dago, baina, bozak hurbiltzen diren heinean, azkartu egingo dute hala EAJk nola EH Bilduk.