Markel Olanok berretsi du ez dela berriz aurkeztuko ahaldun nagusi izateko

Adierazi du balitekeela EAJk emakume bat aurkeztea bere ordez, baina zehaztu du Gipuzkoa Buru Batzarraren eta asanblearen esku dagoela

Markel Olano. GOTZON ARANBURU / FOKU.
joxerra senar
2021eko irailaren 23a
00:00
Entzun
Idoia Mendiak PSE-EEko idazkari nagusi izateko hautagaitzari uko egin diola adierazi ostean, bere agurrari buruz galdetu zioten atzo Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiari ETB-1eko Egun on Euskadi saioan. Olanok erantzun zuen aurretik zin egin zuela azken legealdia izango duela, eta promesa horri eusteko borondatea duela: «Ez noa hori aldatzera. Hitza publikoki ematen dudanean, agertoki hori itxita dago».

Erantzunean, Olanok gogorarazi zuen duela bizpahiru aste atzera begira jarri zela batzar nagusietako saio batean. 2007tik izan da Gipuzkoako batzarkide, «etenik gabe». Ordutik, lau legealditatik hirutan diputatu nagusi izan da, eta Bilduk agintea izan zueneko 2011tik 2015era bitarteko legealdian, oposizioburu. «Oposizioan egotea sanoa da: umiltasun handiagoa hartzen duzu».

Olanok ikusten du ziklo politikoa amaitu zaiola eta osasuntsua dela arduradun politiko batek hori argi izatea. Azken bi legealdietan diputatu nagusi izan ostean, onartu du ez duela bere ardura «pertsonalizatu» nahi. «Askotan egokitu zait jauregia erakustea jendeari, eta, bulegora heltzean, esaten dut hori dela diputatu nagusiaren bulegoa. Ez dut sekula esaten nire bulegoa dela. Pertsona bat esaten hasten denean hori bere bulegoa dela, malo, ez da ariketa ona».

Bere ordezkoa egungo lantaldeko norbait ote den galdetuta, erantzun zuen hori ez dela bere ardura, baizik eta alderdiaren egiturarena. Haren hitzetan, Gipuzkoa Buru Batzarrari eta asanbleari dagokie proposamenak egitea eta hautagaiaren gaineko erabakiak hartzea. Emakumea izango al den galdetuta, zehaztu du balitekeela hala izatea, EAJk badituelako ardura duten andreak, eta ziklo politiko berrian ardura handiagoa hartu behar dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.