Espainiako Auzitegi Nazionalak 46 urteko espetxe zigorra ezarri dio Marixol Iparragirreri, 1987ko maiatzean bi hilketa saio egitea eta Eskoriatzan (Gipuzkoa) lehergailu bat jarri eta kalteak eragitea egotzita. Auzitegiak frogatutzat jo du Iparragirrek eta ETAko beste lau kidek lehergailu bat jarri zutela, guardia zibilak hura desaktibatzera joandakoan leherrarazteko asmoz.
Gainera, auzitegi berak absoluzioa eman dio Iparragirreri talde armatuko kide izateko akusaziotik. Fiskalak aurkeztu zuen akusazio hori, baina epaileak ebatzi du delitu horregatik zigorra bete zuela Frantzian.
Urtea hasi denetik Iparragirreri ezarri dioten laugarren zigorra da hau. Otsailean, Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi egin zuen Auzitegi Nazionalak iazko uztailean ezarritako 122 urteko espetxe zigorra, 1995ean Luciano Cortizo Espainiako armadako komandantea hiltzea leporatuta. Martxoan, 61 urteko zigorra ezarri zion Auzitegi Nazionalak, 1994ko eta 1995eko bi atentatu agindu izana leporatuta. Apirilaren 27an, berriz, 39 urterako beste zigor bat ezarri zioten, 1985eko atentatu batengatik.
Espainiako Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiak joan den ostiralean jakinarazi zuen Iparragirre behin-behinean Zaballako espetxera (Araba) ekarriko dutela, Madrildik.