Marixol Iparragirre zigortu dute, 1985eko hilketa bat leporatuta

39 urteko presondegi zigorra ezarri dio Espainiako Auzitegi Nazionalak. Urtea hasi denetik, beste bi zigor ezarri dizkiote, 122 eta 61 urtekoak.

Marixol Iparragirre, iazko martxoan. RODRIGO JIMéNEZ
Ekhi Erremundegi Beloki.
2021eko apirilaren 27a
17:33
Entzun

Espainiako Auzitegi Nazionaleko zigor salak 39 urteko kartzela zigorra ezarri dio Marixol Iparragirre euskal presoari, 1985ean Estanislao Galindez Amurrioko (Araba) postariaren hilketan parte hartzea leporatuta. Garai hartan ETA zeneko Araba komandoko kide zela ebatzi du auzitegiak, eta Iparragirreri egotzi dio hilketa egin izana. Beste bi pertsona daude kausa beragatik zigortuak: Juan Carlos Arruti eta Josetxo Arizkuren.

Auzitegi Nazionaleko sententziaren arabera, Iparragirre zigortzeko froga nahikoa bildu dute; horien artean, ETAko hiru kideak etxean hartu izana aitortzen zuen ETAko beste kide baten testigantza, atentatua egiteko erabilitako autoan aurkitutako hatz markak, balistika frogak eta Espainiako inteligentzia zerbitzuen txostena.

Urtea hasi denetik Iparragirreri ezarri dioten hirugarren zigorra da hau. Auzitegi Nazionalak iazko uztailean ezarri zion 122 urteko espetxe zigorra berretsi zuen Espainiako Auzitegi Gorenak otsailean, 1995ean Luciano Cortizo Espainiako armadako komandantea hiltzea leporatuta. Martxoan, 61 urteko zigorra ezarri zion Auzitegi Nazionalak, 1994ko eta 1995eko bi atentatu agindu izana leporatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.