Marisol Garmendia izango da Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkaria aurrerantzean, BERRIAk egiaztatu duenez. Gaur egun, Donostiako Udaleko zinegotzi eta bigarren alkateordea da, eta Denis Itxaso ordezkatuko du. Zaldibian (Gipuzkoa) jaio zen, 1963an, eta euskalduna da. Aurreneko emakumea izango da postu horretan.
Itxasok hilaren hasieran jakinarazi zuen kargua utziko zuela, PSE-EEren Gipuzkoako zerrendaburua izango baita Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, datorren apirilaren 21ean. 2020an hartu zuen kargua Itxasok; Jesus Leza ordezkatu zuen orduan.
Garmendia Informazio Zientzietako lizentziaduna da, eta Deia egunkarian eta Zabalik euskarazko astekarian lan egin zuen. Azken hamazazpi urteak kargu instituzionaletan eman ditu, ordea, PSE-EEren ordezkari gisara. Donostiako Udalean, 2007-2011ko legealdian, lehendakaritzako zinegotzia izan zen, eta Donostia 2016ko Europako kultur hiriburu izateko hautagaitzaren arduraduna ere bai. Hurrengo legealdian, berriz, Lurralde Antolamendu eta Mugikortasuneko foru diputatua izan zen Gipuzkoako Foru Aldundian.
2019-2023ko legealdian, Donostiako Udalera itzuli zen berriz, udal taldearen bozeramaile eta Espazio Publikoaren eta Proiektu eta Obren zinegotzi izateko. Iragan maiatzeko udal eta foru hauteskundeetan, PSE-EEren alkategaia izan zen Donostian; Odon Elorzarekin lehiatu zen primarioetan. EAJk irabazi zituen hauteskundeak, ordea. Bi alderdien arteko itunari esker, bigarren alkateorde da gaur egun.