Mario Lopez Lointekeko entrenatzaile ohiak salaketa jarri du Busturialdeko lau herritarren kontra

Onintza Enbeita eta Asier Musatadi dira herritar horietako bi. Sare sozialetan jazarri izana leporatu die. Enbeitaren iritziz, euren kontrako salaketak ez du «funts» handirik: «Erasotzailea biktima bihurtu nahi dute».

Gernikako Sare Feministak egindako protesta, iazko abenduan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Gernikako Sare Feministak egindako protesta, iazko abenduan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2024ko maiatzaren 21a
10:45
Entzun

Iazko abenduan, argitara atera zen Mario Lopez Lointek Gernikako (Bizkaia) entrenatzaile izan zena ikertzen ari zirela, sexu abusuak egiteagatik. Bost hilabete geroago, Lopezek berak, saskibaloi taldeko zuzendaritzako kide ohi batekin batera —ez du bere izena eman nahi—, Busturialdeko lau herritar salatu ditu. Sare sozialetan jazarri izana leporatu diete. Herritar horietako bi Onintza Enbeita bertsolaria eta Asier Musatadi musikaria dira; beste biek nahiago dute anonimo segitu. Gaur goizean deklaratu dute laurek Gernikako epaitegian, eta, Enbeitak eta Musatadik BERRIAri esan diotenez, «ondo» joan da.

El País egunkariak ikerketaren berri eman zuenean, Lopezek ardura postuak zituen oraindik Lointeken; taldeko kirol arduraduna izan zen abenduan bertan kargugabetu zuten arte. Haren aurkako salaketa 2022ko ekainean jarri zuten, eta egotzi zioten 1998. urtean 13 urte zituen neska bati sexu abusuak egitea hiru urtez. Enbeitak berak hori gogoratu du gaur Euskadi Irratian: «Ezin dugu ahaztu hiru urtean neska adingabe bat bortxatu zutela; hori izugarria da». Erasoak hasi zirenean, Lopezek 31 urte zituen, biktimak baino 18 urte gehiago.

«Funts» handirik gabeko salaketa izan dela nabarmendu du Enbeitak. «Jazarpen delitua egotzi digute, baina guk ez dugu inor seinalatu; bai, ordea, klubaren jarrera salatu», zehaztu du. Urtarrilaren 27an argitaratutako argazki batzuen harira salatu dute Enbeita. Egun hartan, Lopezen autoa saskibaloi taldeak erabili ohi duen Maloste kiroldegian aparkatuta egon zen, hain zuzen, klubarentzat, entrenatzaileentzat edota partida jokatzera doazenentzat gordeta egoten diren lekuetan. «Teorian, klubak abenduaren erdialdean eten zuen harremana Lopezekin», gogoratu du bertsolariak. Autoaren argazkia sare sozialetan agertu zen, eta horri buruzko «ehunka» txio idatzi ziren Gernikan. «Esaten dute hori jazarpena dela», azaldu du.

«Klubaren jarrera salatu genuen»

Enbeitak berak ere txioren bat idatzi zuen horren inguruan X sare sozialean, baina berak ez zuen argazkia atera, ezta hura sare sozialetara igo ere. «Beste batzuek igotako txioen gainean idatzi genuen guk; gertatu zenaz ere sare sozialetan ohartu ginen», gehitu du. Are, argi utzi du eurek ez zutela izen-abizenik jarri euren mezuetan. «Klubaren jarrera salatu genuen, eta salatzen jarraituko dugu; nola da posible Lopezekin harremana etenda bazuten bere autoa klubarentzako gordetako lekuetan aparkatuta egotea?».

Bere izena eman nahi ez duen salatzaileak BERRIAri kontatu dio Musatadik urtarrilaren 26an sareetan jarri zuen txio batean «mehatxatu» egin zituztela. Meme bat ageri da txioan; Lopez agertzen da, klubeko presidentearekin eta salaketa jarri duen eta izena eman nahi ez duen pertsonarekin batera. Eta esaldi hau dakar: «Tontotzat hartzen gaituzte, baina seinalatu egin behar dira». Dozenerdi bat birtxio ditu, eta horietako bat Enbeitarena da.

Salatzaileak dio txio horren ondorioz eraso bat jaso zuela bere bulegoan, otsailaren 22an —horren gaineko salaketa ere jarrita dago—. Simaurra bota zioten. Eraso hori salatzera joan zen bera otsailaren 28an Gernikako Udaleko osoko bilkurara. Han, bai EAJk, bai EH Bilduk eta bai Guztiontzako Herriak taldeak erasoa salatu zuten. 

Musatadik onartu du txio hori berea dela. «Lopez eta garai hartako zuzendaritzako bi kide agertzen ziren, eta horiek seinalatu behar genituela aipatu nuen». Memea eskegi eta egun gutxira, pertsona bat bere bulegoan agertu zela kontatu du, eta esan ziola argitalpen hori ezabatu ezean salatuko zuela. «Ez nuen ezabatu, eta zitazio judiziala jaso nuen», adierazi du.

Auziaren berri eman zutenetik, klubak kritika ugari jaso ditu egin duen kudeaketarengatik. Hain justu, ikerketaren berri izan ostean, Gernikako Sare Feministak manifestazioa antolatu zuen herrian, eta «erasotzailearen inpunitatea eta konplizitatea» salatu zituen. Orduan, klubak esan zuen ez zuela erasoaren «edukiaren eta neurriaren» berri, baina mugimendu feministak argi esan zuen berak jakinarazi ziola eta, beraz, bazekiela. Uda hasieran, feministek zenbait «bilera eta dei» izan zituzten Lointek Gernikako zuzendaritzarekin, baina klubak esan zien zailtasunak izango zituela maila horretako entrenatzaile bat ordezkatzeko. Are, helarazi zieten zuzendaritza, babesleak eta jokalariak ados zeudela Lopez entrenatzaile izatearekin.

Epaileak jakin nahi izan du salatutako lagunak «antolatutako jazarpen baten parte» izan ote diren. «Guk epaileari azaldu diogu ez dugula zuzenean inoren izen-abizenik aipatu». Are, Enbeitak ez du ulertzen zergatik haiek deklaratu behar izan duten, ehunka txio egon baziren. «Herri erdia salatu beharko lukete». Abokatuek esan dietenez, laster izango dute epailearen erabakiaren berri. Halere, litekeena da epaiketarik ez egotea, «ez baita jazarpenik egon». Musatadik ere uste du «logikoena» izango litzatekeela hura artxibatzea, baina, auziak aurrera egiten badu, «aurrera» egingo dute eurek ere.

Salaketak ibilbide laburra izango duela ondorioztatuta, Enbeitak uste du beste asmo bat dagoela horren guztiaren atzean. Alde batetik, uste du «erasotzailea biktima bihurtu nahi dutela». Iritzi berekoa da Musatadi: «Euren irudia garbitu nahi dute, eta, gu erabiliz, biktimatzat jo, etorriko den epaiketa horri begira». Bestetik, Enbeitak esan du «biktimari min emateko modu bat ere» badela, eta «erakustea hark salaketa jarri badu beraiek ere jar dezaketela».

Azkenik, bertsolariak ez du uste kasualitatea denik biktimaren «lagun minak» deklaratzera deitu izana: «Biktima sinestetik aparte, maite dugu; honekin, biktimari oraindik eta min handiagoa egiten diote». Argi utzi du biktimari hasieratik sinetsi diotela eta aurrerantzean ere sinetsiko diotela. «Hori defendatuko dugu edozein lekutan». Enbeitak beste behin ere kritikatu du klubaren jarrera. Arrazoitu duenez, erasotzailea babesteak eragiten du biktima babesik gabe uztea.

Gernikako Sare Feministak ohar bat ateratu du elkartasuna adieraziz. Salaketak «bidegabeak» direla nabarmendu dute, eta iragarri dute borrokan jarraituko dutela: «Mugimendu feministatik lanean jarraituko dugu. Erasoak jasandakoak babestuz, haiek besarkatuz, eta kaleak aldarriz betez».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.