Mario Fernandez abokatu eta enpresaburu bilbotarra zendu da, 81 urte zituela. Bere ibilbide luzean, politikagintzaren eta mundu ekonomikoaren lehen lerroan egotea egokitu zitzaion. Arlo politikoan, Carlos Garaikoetxea lehendakariak erakarrita sartu zen politikan, lehenik EAJren esanetara, eta zatiketaren ostean EAren esanetara. Bi hamarkada geroago, 2009an, BBK, Vital eta Kutxaren bat-egitearen muinean egon zen. Hartatik sortutako bankuaren lehen lehendakaria izan zen.
Zuzenbidea ikasi zuen Deustuko Unibertsitatean, eta merkataritza arloan trebatu zen. Ibilbide profesional oparoa egina zuen 1980an Carlos Garaikoetxeak bere lehen Eusko Jaurlaritzako Lan saila hartzeko proposatu zionean. Gerora, legealdi haren erdian, Garapen Autonomikorako lehendakariorde izatea eskaini zion. 1981eko otsailaren 21ean Espainian estatu kolpea jotzeko izandako saioaren ondotik, Madrilgo gobernuak birzentralizazio prozesu bati ekin zion LOAPA lege organikoaren bitartez, eta haren kontrako dialektikan zaildu zen Fernandez.
Garaikoetxearen deia
Garaikoetxearen bigarren agintaldian, lehendakariorde gisa jarraitu zuen Fernandezek, eta, goi kargu hartan, gertutik bizi izan zuen EAJren zatiketa. Carlos Garaikoetxeak 1984an dimisioa eman ondotik, haren bideari jarraitu zion Fernandezek, eta bere abokatu bulegora itzuli zen.
Hiru urte geroago, 1987an, berriro ere Garaikoetxearen deiari erantzunez, Eusko Alkartasunaren Bilboko alkategai gisa aurkeztu zen. Laugarren geratu zen, EAJren, PSEren eta Herri Batasunaren atzetik. Botoei erreparatuz, Jose Maria Gorordo hautagai jeltzaleak hark bildutakoak halako bi lortu zituen. Urte berean, Bilboko Merkataritza Ganberako presidente izaten ahalegindu zen, baina jeltzaleek eginahalak eta bi egin zituzten bide hori mozteko, EAko hautagaia zenez gero.
Politikaren alde mingotsa ezagututa, ondoen ezagutzen zuen esparru profesionalera itzuli zen, eta finantza arloarekin harreman estua izan zuen ondorengo urteetan. Kanpoko aholkulari gisa, BBVren bat-egitea zuzendu zuen 1988an.
Hala, zer-nolako eskarmentua zuen jakinda, BBV bankurako lege aholkulari gisa fitxatu zuen Pedro Luis Uriartek, Garaikoetxearen lehen gobernuan Ekonomia eta Ogasun sailburu izandakoak —ordu hartan, bankuko goi agintarietako bat zen—. Fernandez finantza zuzenbideko aditu nagusietako bat zela uste zuen Uriartek: BBVk nahi zuen hura arduratzea Latinoamerikan bankuak eta pentsio funtsak erosteko operazioez.
Argentaria bankuaren bat-egitean parte hartu zuen, baina BBVAren jaiotzak barne borroka bizia eragin zuen. Ondorioz, BBVtik zetozen goi kargudun batzuk utzi egin behar izan zuten Bizkaian sortutako erakundea. Besteak beste, Fernandezek berak.
Athletic eta Iberdrola
Bizkaiko ekonomiaren ikur diren enpresetan parte hartu zuen Fernandezek urte horietan. Iberdrolaren defentsa lanetan parte hartu zuen EDFk hartan esku hartzeko asmoa erakutsi zuenean. Halaber, Athleticen estatutuak aldatzeko batzordean izan zen, Fernando Garcia Makuaren zuzendaritzak izendatuta.
Ordurako, harremanak onbideratuak zituen EAJrekin. 2003tik BBK zuzentzen ari zenak, Xabier Iralak, kargua utzi behar izan zuen osasun arrazoiengatik, eta Fernandezi proposatu zioten Bizkaiko aurrezki kutxa nagusiko lema hartzea. Bat-egiteetan espezializatuta izanik, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiru kutxa nagusien bateratzea zuzentzeko ardura nagusia zuen.
Finantza krisia eta bat-egitea
Espainiako finantza krisiaren zirimolaren erdian zeuden aurrezki kutxak. Hainbat kutxatan izandako gehiegikeriak zuzentzeko formula gisa, kaudimen aldetik ongi eta gaizki zeuden erakundeen arteko fusio hotzak bultzatu nahi izan zituen Espainiako Bankuak. Irizpide horren kontra, erkidego bereko kutxen bat-egitea bultzatu zen EAEn. Nafarroako Kutxarekin ere ahalegindu ziren, baina UPNren kontrolpeko erakundeak muzin egin zion Hego Euskal Herriko erakunde bat sortzeari.
Azkenik, 2011n sortu zen Kutxabank, hiru aurrezki kutxek euren finantza negozioa hara bideratuta. Juridikoki banku izaera zuen, baina akzio guztiak kutxen eskuetan egonik, kontrol publikoa ziurtatzen zen. Formula hori hautatu zen, Espainiako finantza moldaketa handiaren testuinguruan. Haatik, 2014an, Fernandezek proposatu zuen estres testei aurre egiteko akzioak saltzea, kapital pribatuari atea irekita.
Proposamen hark ez zuen harrera ona izan, eta Kutxabank-eko presidentetza utzi zuen Fernandezek orduan. Gerora etorri zen bere ibilbideko orbanik handiena. Sindikatuek eta gizarte eragileek salaketa bat aurkeztu zuten, argudiatuta Mikel Cabieces Espainiako Gobernuaren ordezkaria bere lehengo kargu politikoagatik soilik kontratatu zuela bankuak.
Cabieces auzia-k aurrera egin zuen, eta akusatuen aulkian eseri zen Fernandez, Cabiecesekin berarekin eta Rafael Alkorta abokatuarekin. Auzian jakin zenez, gobernuko ordezkaritza utzi eta gutxira, 2012an, telefonoz agindu zioten Fernandezi «lan irteera bat» emateko hari. Alkortaren abokatu bulegoaren bitartez, ustezko lanak egin zituen bankuarentzat, baina epaimahaiak ebatzi zuen iruzurra egon zela. Sei hilabeteko espetxe zigorra eta 4.500 euroko isuna ezarri zizkioten Fernandezi.
2018ko otsailaren 22an, epai hura berretsi zuen Espainiako Auzitegi Gorenak.
Epaia irmo izatea kolpe handia izan zen, eta auzi hartan akusatuen aulkian eseri izana ere bai. Repsoleko administrazio kontseilua utzi zuen Fernandezek, eta mahai gainean zituen tankera bereko beste proposamenei muzin egin.