Europako hauteskundeak

Marije Fullaondo irakasle bizkaitarra da HZren zerrendaburu

Marije Fullaondo irakasle bizkaitarra da HZ Herritarren Zerrendaren hautagaitzako burua Europako hauteskundeetarako. Zerrendan bigarrena, berriz, Arantxa Santesteban nafarra da, langabetua, eta, hirugarrena, Walter Wendellin arabarra, mugimendu internazionalistako kidea. Donostiako Kursaal jauregian ari da HZ aurkezpen ekitaldia egiten: hautagaitza horrek Bergarako Proposameneko, Nazio Eztabaidaguneko zein Lizarra-Garaziko oinarriekin bat egiten duela agertu dute sustatzaileek. Zerrendako Hego Euskal Herriko 54 kideak aurkeztu dituzte gaur; Ipar Euskal Herriko hamarrak datorren larunbatean aurkeztuko dituzte.

2004ko maiatzaren 8a
19:24
Entzun
HZren oinarrien artean bi arlo bereizi dituzte sustatzaileek: batetik, Euskal Herriko arazoei buruz duten ikuspegia, eta, bestetik, Europaren ingurukoa.

Euskal Herriari dagokionez, Bergarako Proposameneko, Nazio Eztabaidaguneko zein Lizarra-Garazi akordioko zenbait printzipiorekin bat egiten dutela agertu dute. Hala nola, hautagaitza bat dator Bergarako Ekimenarekin autodeterminazioaren inguruko indar bilketa proposatzen duen heinean, eta Frantziako zein Espainiako estatuekin negoziatzeko Euskal Herriak interlokuzio bat eratu behar duela planteatzen duenean. Halaber, Nazio Eztabaiagunetik sortu diren bi foroekin, bai Gatazka Konpontzeko Mahaiarekin zein Nazio Eraikuntzarako Biltzarrarekin bat datozela agertu dute sustatzaileek. Gauza bera Lizarra-Garaziko akordioarekin, gatazkaren oinarria politikoa dela eta irtenbide politikoa behar duela jasotzen duen heinean.

Horri guztiari beste oinarri bat erantsi diote: Euskal Herri osoan, euskal herritar guztiek, "libreki eta bake eszenatoki batean" bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea dutela.

Europari dagokionez, ezkerreko Europa eta herriena defendituko dutela azpimarratu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.