Kanboko Marieneko lurren auzian, ELBk, Lurzaindiak, Ostia sareak eta Nahi Dugun Herria Kanboko oposizioko hautetsi taldeak joan den urriaren 2ko atxiloketak salatu dituzte. Apirilaren 10eko Kanboko kontseilu bilkuraren ondotik, Christian Deveze auzapezak eta haren axuant Jean-Noel Magisek salaketa jarri ondoren etorri diren atxiloaldiek ez dituzte «ahulduko eta isilaraziko» Marieneko lurren aldekoak, adierazi dutenez. Kanboko eta Euskal Hirigune Elkargoko hautetsiak deitu dituzte tenore duteno bertako hirigintza plangintza aldatzera, lur horiek laborantzarako tresna geldi daitezen.
Marieneko lurretan ardiak alhan ageri diren azken egunetako argazkia lagun, prentsa agiri bidez ihardetsi diete Marieneko lurren defentsan elkartuak diren lau egiturek joan den urriaren 2ko atxiloketei. Izan ere, duela aste bat, Benjamin Charron Uztaritzeko laboraria eta Filipe eta Patxi Lazkarai itsasuarrak atxilotu zituen Frantziako Poliziak, eta atxiloaldian atxiki egun osoan. 06:00etan joan zitzaien etxera Polizia lehenbiziko biei. Hirugarrena, berriz, eguerdian antolatu elkarretaratzearen ondotik eraman zuen Poliziak. Lau egiturek umorez aztertu dute gertatutakoa: «Deveze Kanboko auzapezari egin genizkion bilkura eskaerei arrapostua jin zaie, baina ez goaitatzen genuen gisakoa».
Auzapeza lurrera erori zen kontseilu famatu haren ondoko egunetan, Deveze jaunak berak erran zuen ez zela nahitara egindako bultzatzerik izan manifestarien eta haien artean. Bizkitartean, auzapezordearekin salaketa jarri zuten. Laborantza lurren defendatzaileei neurriz kanpokoa iruditu zaie joan den astean horrek ekarri duena: «Goizeko seietan polizia sarekadak, etxe miaketak, esku burdinen emateak, egonaldiak komisarietan». Baina zera gehitu dute: horiek ez dituztela geldiaraziko «egunero elikatzen» dituztenen «lan tresna defendatzeko borrokan».
Urrunago doaz prentsa agirian: «Deveze auzapezaren gezurrak eta faltsukeriak salatzen ditugu». Azpimarratu dute «dozenaka» direla «fermuki» adierazteko apirilaren 10eko kontseilu bilkura hartan ez zela eraso eta indarkeria fisikorik izan auzapezarekin eta haren axuantarekin. Bestalde, gaitzetsi dute Euskal Elkargoak bere abokatuaren bidez erran izana Marieneko lurrek ez luketela laborantzarako interes agronomikorik. «Badakigu errealitatea guztiz kontrakoa dela».
Azken bozetako mezua
ELBk, Lurzaindiak, Nahi Dugun Herriak eta Ostiak Frantziako Asanbleako azken bozen emaitzak nahi izan dituzte oroitarazi. Haien ustez, boz horietan Kanboko herritarrek eta seigarren barrutiko bozkatzaileek «argi eta garbi erakutsi diote» Deveze jaunari Marieneko lurrek laborantza lur izaten segitu behar dutela. Emaitza horren aitzinean, Devezek «tema eta itsutasun berarekin segitzen du», diotenez, eta jarrera hori «goraki» salatu dute.
Azkenik, dei bat zabaldu diete berriz ere Kanboko hautetsiei eta Euskal Elkargokoei: «Kanboko PLU hirigintza plangintza alda dezatela!». Elkargoko hautetsiei eskatzen diete berek testuetan horrela finkatu norabideak bete ditzatela: «Gure laborarien biziraupenerako laborantza funtsentzat eta gure elikadura-erresilientziari buruz ezinbesteko geriza» bermatzea, Marieneko lurrak berriz ere laborantzarako ezaugarriarekin jarriz hirigintza paperetan.
Joan den astean atxilotu hiru lagunen auzia 2025eko otsailaren 11rako finkatu du epaitegiak, Baionan. Prentsa agiriaren izenpetzaileek herritarrei dei egin diete egun hartan sostenguaren erakusterat joateko «eta menturaz lehenago ere Marieneko ordokia defendatzeko, Bouygues eta Devezek beren betoiztatzeko proiektua hasten badute».