Ostia kolektiboko Dominika Dagerre, Jeanine Beirie, Jakes Bortairu eta Filipe Lazkarai auzitan iraganen dira gaur arratsaldean Baionan, Bouyguesek eta Office 64 obralariek Kanboko (Lapurdi) Marieneko lurretan duten eraikuntza egitasmoa salatzeko egin ekintza batengatik. 2022ko abenduan, Ostiak ekintza sinbolikoa egin zuen Bouyguesek Angelun duen egoitzan. Lurra bota zuten Marieneko xedearen maketaren gainera.
Kanboko oposizioko hautetsien Nahi Dugun Herria taldea ari da bederatzi urte hauetan hirigintza egitasmo horren kontra, Kanbo sartzean diren Marieneko laborantza lurrak salbatu nahiz. Geroztik, Lurzaindia, CADE ingurumen elkartea eta Ostia kolektiboa lotu zaizkio, egitasmoari buru egiteko. Christian Deveze Kanboko auzapezaren gehiengoak bide eman die Bouyguesen eraikuntza galdeei, herriko hirigintza plana ere aldaturik horretarako. Azken horren kontrako errekurtso bat Bordeleko dei auzitegiaren erabakiaren beha da, eta Devezeren gehiengoak eman eraikitzeko baimena ere Paueko auzitegira eraman dute aurkariek. Epaiaren goaitean dira hor ere. Deveze auzapezak ez die erantzun leporatzen zitzaizkionei buruz iharduki zezan BERRIA egunkariak egin deiei.
Ikusi gehiago
Maryse Cachenaut Lurzaindiko ordezkaria Marieneko aferaz arduratzen da, eta lekukotasuna emanen du astearteko auzian. Azpimarratu duenez, laborantzaren ikuspegitik, Marienekoak lur ederrenetarik dira. «Kasik zabal-zabala da, eta zafla handia da; laborariaren ikuspuntutik badu bere inportantzia». Horregatik, Cachenaut konbentzitua da eraikigarri ezartzeko partez laborantzarako salgai jarri bazituzten galde handia ukanen zutela Marieneko lurrek laborarien artean. Berriki gisa bereko afera bat izan da Ainhoan, hektarea bateko lur eremu batekin, «ez dena arrunt zabala ere», eta hamalau hautagai agertu zaizkie. Hortik Lurzaindikoen ondorioa: «Laborantzako lurrik ez da erosteko eremu honetan», hots, itsasaldearen eta mendialdearen arteko eremuan.
Gainera, hirigintzaren presioarengatik, Ipar Euskal Herrian odoluste bat gertatu da laborantza lurrei dagokienez azken bi hamarkadetan. Hain zuzen, urtean berrehun hektarea «artifizializatu» dira.
Marieneko lurrek nolako balio agronomikoa duten azaldu du Cahenautek: «Edozein gauza izaten ahal duzu hor: hazkuntza, zerealak, fruituak, baratzeak». Gehiago dena, hiru jatorri izen babestu dauzkan eremu batean dira lur horiek: Ossau-Irati ardi gasna, Ezpeletako piperra eta Itsasuko gerezia. Cachenautek Euskal Herriko Laborantza Ganberan parte hartzen du, eta, preseski, talde horrek ikerketa bat aurkeztu zuen duela lau urte, erakusten zuena Ipar Euskal Herrian gauza franko aldatu behar liratekeela elikadura burujabetzari buruz joan nahi balitz. Laborantza ekoizpenak, nagusi den hazkuntza eredutik bestelakotu, eta orotarikoagoak behar lirateke, eta, oroz gainetik, funtsezkoa litzateke laborari gehiago eta, beraz, laborantza lur gehiago izatea. Hori, baina, ez da bateragarria biztanleriaren emendatze lasterrarekin eta bizitegi berrien ugaritzearekin. Burujabetzari buruz joan daiteke baldin eta «hemendik goiti ez bada gehiago laborantza lur bakar bat ere sakrifikatzen», Cachenautek dioenez.
Are gehiago, Lapurdiko barnealdeko beherealdean. «Iparraldeko lur gehienak mendiguneak dira; beraz, bakarrik hazkuntzan baliatzen ahal dira; ez gara ogi edo lekadun egiten ariko Irati kaskoan». Marieneko lurretan, aldiz, izan liteke.
ZAN araua
Frantziako Klima eta Erresilientzia Legeak herrietako hautetsiak behartuko ditu laborantza lurren ez gehiago jaterat. ZAN edo artifizializazio garbia zero izatea helburu duen araua frankotan aipatzen dute Euskal Elkargoko hautetsien artean. Aipatu bai, baina «bitxia» da zer gertatzen den, Cachenauten hitzetan: «batetik, sentitzen dugu hautetsiak ohartuak direla, baina, ber mementoan, ahal duten guzia egiten dutela fite-fite eraikitzeko, bai baitakite lur jatea eztitu behar dela». Irisarrin zer gertatu den gogoratu du, herriko etxeak gerora antolatzeko eremu gisa sailkatu baititu hainbat laborantza lur. «Erakusten du batzuetan sobera galdegiten dutela».
Hain zuzen, elkargoari buruz itzultzeko parada da Marienekoa, Cahchenauten ustez. Lehenik, Marieneko lurrak eraikitzeko jarri dituen Kanboko hirigintza plana onetsi duelako. Lurzaindikoak kontatu du elkargoko laborantzarako lehendakariorde Isabelle Pargade urrun joan dela erakundearen lerrokatzea justifikatzeko. «Isabelle Pargadek erraten du jendeak auzapez baten alde bozkatu duela eta hark duela legitimitatea. Beraz, uste du auzapezak eta haren taldeak proposatu duten hirigintza plana elkargoak bozkatu behar duela. Erraten du: ‘Ni ez naiz joanen bertze baten kontra’». Horrek eztabaida oro baztertzen duela deitoratu du Cachenautek.
Alta, otsailaren 21ean, Baionan izan zen mugaz gaindiko topaketen karietara, Jean-Rene Etxegaraik berak azpimarratu zuen funtsezko aldaketa bat behar zela 2050eko artifizializaziorik batere ez egiteko, ZAN arauari jarraikiz. Halaber, Elkargoak maiz aipatu du elikadura burujabetzaren ideia. «Bada diskurtso bat, eta bada errealitatean edo kasu jakin batzuetan egiten dutena».
Marieneko lurren aferan —Arbonako Etxeta eta Berruetako lurren edo Senpereko Olharen auzian bezala—, herritarrak mobilizatzen ari dira. Bizkitartean, beste herri anitzetan laborantza lurrak hektareaka joaten dira bizitegi egiteko. Cachenautek gogoko luke denetan borrokatzeko ahalmena balitz, baina, halere, tokian berean dinamika bat badelarik Lurzaindiak laguntza ekartzen du lurren defendatzeko alor juridikoan. Horregatik, iruditzen zaio balio duela aldi oro borrokatzeak: «Marieneko batailak badu bere eragin ttipia. Presio pixka bat ezartzen zaie hautetsiei, eta jendea ohartzen da». Bide juridikoak bukatzen badira, ondoko urratsa herritarren mobilizatzea izanen da berriz ere. Zer egin «pentsatzen» ari dira, Cachenautek dioenez; «energia beharko da, eta indarra».
Lurraren auzia
Dominika Dagerre, asteartean epaileen aitzinera agertuko diren lau auzipetuetarik bat da. Ostia taldekoek auzia baliatuko dute beren borrokan sakontzeko. «Auzia Marienearen kontrako borrokaren etapa bat izanen da guretzat».
Bizitegi galdeari erantzun behar diotela dioten hautetsiei iharduki die Dagerrek: «Argi dugu bizitegiak behar direla; bereziki, sozialak, eta, horien artean, alokatzen direnak». Baina laborantza lur gehiago jateko partez, beste aterabiderik bada, Ostiakoen ustez. Kanbon badira eremu batzuk «jadanik artifizializatuak direnak», zeinetan bizitegiak egin baitaitezke. Horrez gain, Kanbon bizitegi hutsak ere badira: «Kontatu dute ehun bat badirela, arraberrituz gero baliagarriak direnak bizitegi bezala».
Dagerreri ezin konprenitua zaio laborantza lurren betoiz estaltzen aritzea oraino. Lur horiek zaindu behar dira «jendearen elikatzeko», eta laborarien lanerako «behar-beharrezkoak» direlako. Betoiztatzea kaltegarria da, gainera, «bai klimari begira, bai bioaniztasunari begira», segitu du Dagerrek; eta behin betoiztatuz gero, ez da gibel egiterik.
«Bouyguesek ez du eraikitzen populazioaren interesen arabera, baizik eta dirua egiteko», gaineratu du Dagerrek, eta multinazionalak herritarren kexuaren harira duen jarrera salatu: «Elkarrizketa ukatzen du». Dioenez, mehatxu egiten ibili da Nahi Dugun Herria hautetsi taldearen eta CADE elkartearen kontra: «Uxer baten bidez, mehatxu bat igorri die gehiegizko errekurtso erabiltzeagatik», eta erran 240.000 euroko kalte ordainak eskatuko zizkiela. Bestalde, Bouygues da martxan den auziaren jatorrian: «Jakin dugu gure atxiloketen gibelean dela».
Pentsaketa horiek guziak entzunarazi nahi dizkiote auzipetuek epaileari. Uzten ez badie, hiru lekuko deitu dituzte horretarako: Lurzaindiko Maryse Cahcenaut, CADE elkarteko Martine Bouchet eta Nahi Dugun Herria taldeko hautetsi Argitxu Hiriart-Urruti (Haren elkarrizketa osoa hemen irakurgai).
Atxiloketak
Dominika Dagerri «aski bortitza» iruditzen zaio hirigintza maketa baten gainera lur pixka bat botatzeagatik jasan duten atxiloketa, formari dagokionez: «Goizeko seietan, zortzi polizia etxean gure kontrolatzen eta gure eskubide guziak urratzen».
Sinbolikoa izan den ekintza batentzat, gehiegikeria hutsa zaio, eta Frantzian mugimendu sozial eta ekologista ororen kontrako errepresioa emendatzearekin lotu du. «Sumatzen dugu zerbait gertatzen dela; frantses estatuan errepresio oldeak badira —Lurraren Altxamenduen kontra, konparazio batera—». Ipar Euskal Herrian ere gauza bera sentitzen du: «Iduri du badela nahikeria bat edozein protesta oztopatu eta zigortzeko, eta, beraz, geldiarazteko».
Horiek hala, gogoetatzen eta adosten ari dira Marienearen kontrako mugimenduko partaideak, erabakitzeko auzitegietako bideak agortuz gero ondoko urratsak zein izan daitezkeen. Eraikitzeko baimenaren auzibidea ez da bukatu, «badira oraindik aukerak ezeztatzeko». Hirigintza planaren kontrako errekurtsoa ere Bordeleko (Okzitania) dei auzitegiaren erabakiaren peskizan da. Mobilizatzen segituko dute, dena den, Bouyguesen jokamoldea «salatzeko», baita Kanboko gehiengoko hautetsiena eta Elkargokoena ere. «Elkargoak zerikusi handia du, eta eragin dezake horretan».
Dagerreren ustez, Marienekoa geldiarazteko herritar anitzen beharra izanen da. «Argi da indarrak metatu eta herritarrek zuzenki parte hartu beharko dutela proiektu hori gauzatzen ez uzteko».
Horri loturik, Ostia izenpetzeak biltzen hasia da, baina, funtsean, engaiamendu zabalagoa lortzea da xedea, ez izenpeak biltzea bakarrik. «Proiektua gauzatzen ez uzteko engaiamendu bat da, eta mobilizazio guztietan parte hartzekoa». Seiehun izenez goiti bildu ditu. «Segur dena da lanak hasten badira gu hor izanen garela».