Ehun lagunez goiti elkartu dira arratsaldean Baionako auzitegiaren aitzinean, Benjamin Charron, Filipe eta Patxi Lazkarai auzipetuen sostenguz. Traktoreekin egin hesi batekin erantzun diete laborariek, auzitegira sartzea trabatzeko administrazioak ezarri ohiz kanpoko hesiei. Ostiak, CADEK, Lurzaindiak eta ELB sindikatuak deitu elkartasun mobilizaziorako ostatu bat ere muntatu dute kanpoaldean. Hiru auzipetuak sostengatzaileek eskutan zituzten makilen eta joareen soinuek lagundurik sartu dira auzitegira. Azkenean, salaketa jarria duten Christian Deveze Kanboko (Lapurdi) auzapezak eta Jean-Noel Magis hirigintza axuantak galdeginik, auzi saioa irailaren 9ra atzeratu du epaileak.
Ikusi gehiago
Joan den apirilaren 10ean, Marieneko lurren defentsan laborariek deiturik, laurogei bat lagun sartu ziren Kanboko Herriko Kontseiluaren bilkura denboran, makilekin eta joareekin. Christian Deveze auzapezak laborantza lur horiei buruzko eztabaida onartzen ez zuela salatzeko, eta laborarien lan tresna kentzeak zer erran nahi zuen adierazteko trabatu zuten bilkura. Auzapezak bi orenen buruan erabaki zuen bilkura etetea, eta, kanpora ateratzean, jendarme, herritar eta hautetsien artean izan zen mugimenduan lurrera erori zen auzapeza. Baionako prokuradoreak berehala erabaki zuen auzibidea irekitzea hautetsien kontrako bortizkeriagatik. Zenbait egun berantago, Devezek berak, Sud Ouest egunkarian egin elkarrizketa batean aitortu zuen ez zela izan haren kontrako intentzio txarrik mobilizatuak ziren herritarrengandik, eta errekontruz erori zela. Bizkitartean, geroztik salaketa ezarri du. Eta harekin hirigintza axuantak. Tolosako (Okzitania) abokatu batzuek hartu dituzte defentsarako, eta horiek dute galdegin auzia atzeratzea, afera aztertzeko astirik ez dutelakoan izan.
Alain Larrea da auzipetuen abokatua. Labur-laburra izan den auzi saiotik ateratzean, aitortu du ez duela ulertzen zergatik Lazkarai aita-semeak eta Charron diren auzipetuak izan. «Ez dakigu zergatik hiru horiek hautatu dituzten. Zortean jokatu ote da? Baliteke bideoen azterketatik etortzea». Bertan ziren telebistako kameretako irudiak eta zaintza bideoak sartu dituzte ikerketan poliziek, baina Larreak argiki adierazi du bideoek berek gezurtatzen dutela auzapezaren aurka nahitara egin ekintza bortitzik izan zela: «Bideoak ikusten direlarik, erran daiteke ez dela egia». Auzipetuen errugabetzea defendatzera etorri da Larrea.
11.000 euroko parketa
Auzitegitik ateratzean, Filipe Lazkaraik hitza hartu du auzipetuen izenean. Jakinarazi du ireki den auzibide horretan Kanboko Herriko Etxeak makilekin jo kontseilu gelako parketa konpontzeko kalte ordainak eskatu dituela. «Estimatu dute badirela 11.000 eurorainoko gastuak parket hori konpontzeko».
«Inpresioa dugu piztia handi baten aztaparretan diren jostailu batzuk baizik ez garela horientzat»
FILIPE LAZKARAIAuzipetua
Polizia operazioan jasandako tratua salatu du Lazkaraik. «Inpresioa dugu piztia handi baten aztaparretan diren jostailu batzuk baizik ez garela horientzat». Goizean goiz atxilotu eta galdeketa pean atxiki zituzten urrian. «Goizeko seietan jiten dira gure xerka, eskuburdinekin eramaten, auzipetzen, auzia gero ezeztatzen eta beste bat egiten... Hori onartezina da», salatu du Lazkaraik. «Gu hemen bagara, zuek bezala interes orokorraren alde borrokatzeko da», gehitu du. Salatu du Marieneko lurren afera adiskide batzuen arteko diru joko bat baizik ez dela: «Ez da beste interesik. Hori gu guzien bizkar, herritarren eta laborarien bizkar egina da». Borroka bururaino eramateko deia egin die etorritako dozenaka sostengatzaileei: «Erakuts diezaiegun ez ditugula utziko halakorik egiten».
Lekarozko (Nafarroa) Aroztegiko egitasmo turistikoaren kontrako elkartasun komitetik Itziarrek hartu du hitza, ondotik. «Guretako arrunt inportantea da hemen egotea, azkenean Marieneko borroka eta Aroztegikoa gauza bera direlakoz. Gure borroka, lurraren eta bizitzaren aldeko borroka da». Salatu du Baionako auzia, Lekarozko lagunen kontrakoaren gisan, militantziaren «kriminalizatzeko» egina dela. «Horren parean, ez diegu utziko. Proiektu horiek geldituko ditugu, eta, gainera, baditugu proposamenak».
Etxegarairen beha
Lurzaindiko Maryse Cachenaut laboraria lekuko moduan mintzatu beharra zen auzi denboran, Kanboko oposizioko hautetsi Argitxu Hiriart-Urruti eta Jean-Paul Alaman bezala. Azkenean, ez dute lekukotasunik eman ahal izan, jakinez apirileko kontseilu bilkura hartan zirela.
Maryse Cachenautek azpimarratu du ordu dela Marieneko laborantza lurren afera honetan denen oneko aterabide bat atzematea eta giroa lasaitzea. «Ez dut uste holako auziak bazterren lasaitzeko eginak direla. Penagarri da, Devezek eta Kanboko Herriko Etxeak ez baitute onartzen tenorea pasatua dela eta berrikusi behar dutela proiektu hori». 2018an bozkatu zuen herriko etxeak, eta Cachenautek oroitarazi du legeak egin duela bide geroztik. «Gaurko egoera ikusita, zaharkitua da. Laborantzako lurrarekin, hautetsiek behar dituzte beren ardura hartu eta frogatu hiri plangintzetan lan egiten dutela lurra salbatzeko».
«Penagarri da, Devezek eta Kanboko Herriko Etxeak ez baitute onartzen tenorea pasatua dela eta berrikusi behar dutela proiektu hor»
MARYSE CACHENAUTLurzaindiko kidea
Euskal Elkargoko 64 hautetsik izenpetua dute mozio bat Jean-Rene Etxegarai lehendakariak Euskal Elkargoko batzar nagusian eztabaida onar dezan aterabide politikoa bilatzeko. Cachenautek uste du Euskal Elkargotik jin daitekeela aterabidea. «Etxegarai engaiatu da. Noiz eginen duen ez dakigu».
Ikusi gehiago
Lurzaindiko Dominique Ameztoi mesfidantza handiagoz mintzatu da. «Auzi hau antzerki bat da», deitoratu du. Uste du Kanboko auzapezak eta inguruko hautetsiek ez dutela digeritu kontseilu denborako mobilizazioa. «Apirilaren 10ean laborariek egin genuen ekintza horrekin gaitzituak ziren». Ondorioz, uste du auzipetuak behar zituztela, edozein izanik ere. Ameztoi konbentzitua da kontrako efektua lortuko dutela, eta herritarrak ez dituztela izutuko. «Jendea mobilizatuko da gero eta gehiago. Uste baldin badute militanteei zigorrak ezartzea aterabide bat dela, ederki tronpatzen dira».
«Etxegarai jaunak orain erraten du zerbait eginen duela proiektua geldiarazteko, baina hark du aitzinarazia gehienik. Hori erran behar da!»
DOMINIQUE AMEZTOI Lurzaindiko kidea
Laborariak salatu du, gainera, Marieneko bizitegi egitasmoaren bultzatzaileek ez dutela zintzo jokatu Elkargoko hautetsiekin: «Euskal Elkargoko hautetsiei bozkatze hori ebatsia izan zaie, gezurrezko argumentuak emanez». Marieneko lurretan bizitegiak egitea baimentzen duen hirigintza planaren bozketa aipatu du. Salatu du Etxegarai lehendakaria bera alde agertu zela orduan. «Etxegarai jaunak orain erraten du zerbait eginen duela proiektua geldiarazteko, baina hark du aitzinarazia gehienik. Hori erran behar da!». Eta mezua helarazi dio Etxegarairi, Marieneko egitasmoa geldiaraz dezan. «Nahi badu bere burua goratu egin behar du». Bestela argi du zer gertatuko den: «Herritarrek dute irabaziko. Eta nahiago dut herriak irabaz dezan, ezinez eta Kanboko hautetsien aldatzearen beha egotea. Herriak atxikitzen badu, irabaziko dugu».