Iazko apirilean Kanboko herriko kontseiluan (Lapurdi) izan ziren istiluen harira auzipetutako hiru pertsonei babesa adierazi diete CADEk, ELBk, Lurzaindiak, Nahi Dugun Herriak eta Ostiak, agiri batean. Otsailaren 11n epaituko dituzte, Baionako Auzitegian, Christian Deveze auzapeza lurrera bota eta herriko gelaren zurezko zoladura andeatzea leporatuta. Eragileek elkarretaratzea antolatu dute auzitegi aitzinean, 13:00etan.
Marieneko lurren defentsan, laborariak eta Ostia kolektiboko kideak herriko kontseiluan sartu ziren iazko apirilean, eta, jendarme, manifestari eta hautetsien arteko tirabiran, auzapeza lurrera erori zen. Polemika handia sortu zuen gertakariak, eta Pirinio Atlantikoetako prefetaren, Baionako prokuradorearen eta hautetsi batzuen salaketak etorri ziren berehala, «errepublikako hautetsiekin» izandako «jokaera bortitz» horiengatik. Urri hasieran hiru pertsona atxilotu zituzten jendarmeek, eta auzibidea ireki zieten.
Kanboko auzapezak Marieneko dosierrari buruzko elkarrizketa orori «uko egin» izana da arazoaren funtsa, eragileen hitzetan, eta oroitarazi dute egitasmo andana antolatu dituztela azken urteetan Marieneko lurren defentsan. Abendu hasieran, Euskal Hirigune Elkargora jo zuten, eta eztabaida bat antolatzeko eskatu zioten Jean Rene Etxegarai lehendakariari. Ontzat eman zuen eskaera, eta gaia mahai gainean ezartzera engaiatu zen, baina ez zuen data zehatzik eman.
Gaur egungo «hondamendi ekologikoen» jokalekuan, Marieneko borroka «enblematikoa eta funtsezkoa» da, eragileen iritziz. «Ezinbestekoa da naturaguneen artifizializazioa geldiaraztea eta elikatzeko lurrak zaintzea», adierazi dute. «Laborarien lan tresna dira, jende guzien elikatzeko eta oro har bizia zaintzeko».