Taktika ezberdinak bateratu eta Marienea gelditu arte mobilizatzera engaiatu dira eragileak

Dozenaka pertsona elkartu dira Kanbon, hirigintza proiektu horren kontrako egunean. Proiektua oztopatzeko, okupaziora jotzeko prest agertu dira.

Marieneko proiektuaren kontrako protesta, Kanbon, larunbat honetan. PATXI BELTZAIZ
Marieneko proiektuaren kontrako protesta, Kanbon, larunbat honetan. PATXI BELTZAIZ
Ekhi Erremundegi Beloki.
2024ko maiatzaren 25a
18:09
Entzun

Marieneko proiektuaren kontrako borroka eguna antolatu dute gaur, Kanbon (Lapurdi), haren kontra mobilizatuak diren eragileek elkarlanean. ELB, Lurzaindia, CADE, Ostia sarea eta Kanboko Nahi Dugun Herria ezkerreko abertzaleen talde politikoa, bakoitza bere eremutik, baina helburu berarekin: Bouygues enpresak eta Kanboko Herriko Etxeak gibel egitea. Mahai ingurua egin dute goizean, egoera zertan den eta hemendik aitzina nola jokatu eztabaidatzeko, tailerrak izan dira arratsaldean, eta manifestazio batekin bukatu dute eguna.

«Irabazi arte!» zioen goizeko mahai inguruan parte hartu dutenen gibelean eskegia zegoen pankartetako batek, eta hala aldarrikatu dute eragileek irakurri duten adierazpen bateratuan ere: «Artifizializazio proiektu hau osoki gelditu arte mobilizatzera engaiatzen gara, taktika ezberdinak bateratuta».

Erran dute ekintza ugariak hitzartuko dituztela horretarako, adierazpena izenpetu duen erakunde bakoitzaren «sentsibilitateak» errespetatuta. «Jadaneko herritarrak, elkarteak eta gure ondoan bildu nahi dutenak gomitatzen ditugu, Marienea etengabe zaintzeko, ez dadin desitxuratua izan», adierazi dute. «Lurraren aferaren oraina eta geroa ere gure inplikazioaren araberakoa da. Ez utzi gutxiengo bati orientabideak erabakitzen interes partikularren mesedetan. Lurra ondasun komuna da: babes dezagun, Marienean, beste edonon bezala».

Mahai inguruan, denek erran dute ondoko fasea prestatu behar dutela, eta hori zen gaurko egunaren helburuetako bat, hori denen artean gogoetatzea. Ostia sarekoentzat, argi da «urrats bat gehiago» egin beharko dutela, eta horri buruz prestatzeko borondatea agertu dute. «Pentsatu behar dugu lanak hasten badira modu batera edo bestera oztopatu beharko ditugula, eta beharbada eremua okupatu beharko dugula», adierazi du Dominika Dagerre Ostia sareko kideak. Bouyguesen kontrako ekintza bategatik auzipetutakoen artean dago; prokuradoreak eskatu baino zigor arinagoak jarri zizkien Baionako auzitegiak, baina erabakiari dei egin dio Bouygues enpresak.

Elkargoa jomugan

Marieneko proiektuaren kronologia egin du Argitxu Hiriart Urrutik, Nahi Dugun Herria taldeko hautetsiak, eta lur jabe eta hautetsien artean diren loturak oroitarazi ditu: Francis Salagoitirenak dira lurrak. Aviron Bayonnais errugbi taldeko buruzagitzan izan zen, Christian Deveze gaur egungo Kanboko auzapezarekin batera.

Kanboko hirigintza erabakiak kritikatu ditu, eta baieztatu du etxebizitza berriak sortzeko bazirela beste aukera batzuk. Lapurdi barnealdeko herri horretako bigarren etxebizitzen kopurua aipatu du, besteak beste: zortziehun inguru dira. «Baina auzapezak ez du bigarren etxebizitzen zerga emendatu nahi». Etxebizitza horiek nagusiki turismora bideratuak direla esplikatu du, eta zergak emendatuko balira urte guziko alokairura iragateko aukera egon litekeela iradoki.

Gaur egun, auzitegietan dago afera, Kanboko hirigintza planaren eta Bouygues enpresari emandako eraikitzeko baimenaren kontra helegiteak jarri baitzituen CADE elkarteak. Baina alde juridikoaz gain, bada alde politikoa ere. Izan ere, Euskal Hirgune Elkargoa sortu denetik, harena da hirigintza eskumena, eta Kanboko hirigintza plana elkargoko batzarrean berretsi zuten. Hori dela eta, elkargoko abokatuak dira auzitegietan hirigintza plan horren defentsa egiten ari direnak. «Haiek erran dute lur hauek ez dutela laborantzarako interesik», deitoratu du Maryse Cachenault ELBko eta Lurzaindiko kideak.

Horregatik, Kanboko auzapezarengana ez ezik elkargoko hautetsiengana ere jo behar dela defendatu dute eragileek deitutako eztabaidan parte hartu dutenetako batzuek. Jean Rene Etxegarai lehendakariaren posizioari buruz galdetu duenik ere izan da. Jean Paul Alaman NDHko hautetsiak eman du erantzuna: «Joan den astean, Peio Etxelekuri Errobi lurralde batzordeko ordezkaritza kendu zion Etxegaraik, [Etxelekuk] ez baitzituen herriko kontseiluan gertatuak kondenatu; erabaki politikoa hartua da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.