Literatura

Mariasun Landak irabazi du Haur eta Gazte Literaturako Espainiako Sari Nazionala

Mariasun Landak (Errenteria, 1949) jaso du 2002. urteari dagokion Haur eta Gazte Literaturako Espainiako Sari Nazionala. Hain zuzen ere, Alberdania argitaletxearekin plazaratutako 'Krokodiloa ohe azpian' liburuagatik eman diote. Gaur egungo gizakiaren bakardadearen inguruko gogoeta sakona gordetzen du liburu horrek, gazteentzako egokitutako kontaera modu samurraren azpian.

2003ko urriaren 21a
16:55
Entzun
Mariasun Landa idazle oparoa da; 1982an Amets uhinak plazaratu zuenetik, liburu andana luzea kaleratu du, ia guztiak, haurrentzako eta gazteentzako idatzitakoak. Nolanahi ere, Espainiako Sari Nazionala jaso duen Krokodiloa ohe azpian helduentzako liburu aproposa izan daiteke, bakardadearen inguruko gogoeta sakona biltzen baitu.

Aurretik ere hainbat sari jasotakoa da Landa; besteak beste, Zarauzko Udalak ematen duen Lizardi saria ( Txan fantasma -rekin) eta Euskadi Saria Alex -ekin. Orain Espainiako Sari Nazionalaren jabe egin den Krokodiloa ohe azpian Euskadi Sarietako finalista da aurten haur eta gazteentzako literaturaren alorrean.

"Pozik, gaur bereziki"

Mariasun Landak albistearen berri izan ostean 'Berria'-ri adierazi dionez, "poz handiz" hartu du saria. Gainera, gaurko egunez jasotzeak —hau da, euskal kulturgintzako enpresetako hainbat buruzagi eta langile Espainiako Auzitegi Nazionaletik igaro direnean— poz berezia sortu diola nabarmendu du.

Espainiako Sari Nazionalean, berriz, Victoria Perez Escrivaren Antes, cuando Venecia no existia(Lehen, Veneziarik ez zenean , Jose Zafraren Cuentos de cuando yo era (Ni banintzeneko ipuinak) , eta Agustin Fernadez Pazen Noite de voraces sombras (Itzal gosetien gaua) izan ditu azkeneraino lehiakide.

Landaren bibliografia luzea da, eta bere lan asko atzerriko hizkuntzetara itzuli dituzte. Idazlea ez ezik, EHUko Irakasle eskolako irakaslea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.