Mariasun Landa idazleak irabazi du Berdintasunerako Emakunde saria

Haur eta gazte literaturaren bitartez «berdintasunari eta emakumeen eta nesken duintasunari» egin dion ekarpena azpimarratu du epaimahaiak.

BERDINTASUNERAKO EMAKUNDE SARIA-MARIASUN LANDA
Miren Elgarresta, Mariasun Landa eta Nerea Melgosa, gaur, Emakunderen egoitzan. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU
edurne begiristain
2023ko abenduaren 14a
13:30
Entzun

Mariasun Landa Etxebeste idazleak (Errenteria, Gipuzkoa, 1949) jasoko du aurten Berdintasunerako Emakunde saria, «sormenaren bitartez berdintasunari eta emakumeen eta nesken duintasunari» egin dion ekarpenagatik. Epaimahaiak aho batez erabaki du saria Landari ematea, eta nabarmendu du saria jasotzeko irizpide guztiak biltzen dituela idazle gipuzkoarrak, hala nola «berdintasunaren aldeko ibilbidea, garrantzia, oihartzuna eta eragina». Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak gaur eman dute aurtengo saridunaren berri, agerraldi batean, eta Landa ere haiekin egon da. Otsailaren 6an banatuko du saria Iñigo Urkullu lehendakariak.

Sexismoaren aurkako borroka eta emakumeen ahalduntzea ardatz hartuta, haur eta gazteentzako literaturan lan oparoa egin du Landak. Horixe bera goraipatu du epaimahaiak saria emateko orduan, Melgosak azaldu duenez: «Neskato eta nerabeen pertsonaia ausartak, autonomoak, sentiberak eta erabakigarriak eraikitzeko gaitasuna erakutsi du». Sailburuaren esanetan, Emakunde sinetsita dago fikzioa «elementu eraginkorra» dela neskak eta mutilak berdintasunarekin lotutako gogoetetara hurbiltzeko.

Euskarara ez den beste hizkuntza batzuetara gehien itzulitako egileetako bat da Landa, eta ospe handiko sari asko irabazi ditu. Elgarrestak azpimarratu duenez, feminismoa eta euskara uztartzen ditu, sozializazio prozesuan eta nortasun eraikuntzan dauden gazteentzako idazteko. Gisa horretan, epaimahaiak aitortza zabaldu nahi izan die fikziozko munduetatik «bestelako mundu bat» eskaintzen duten sortzaileei, «beren sormen prozesua ikuspegi feminista duen eraldaketa sozialerako gune bihurtzen dutelako».

Landaren «militantzia feminista aktiboa» ere nabarmendu du epaimahaiak. Izan ere, 1980ko hamarkadaz geroztik, Donostiako Emakumeen Asanbladako kide da idazlea. Gainera, gaur egungo feminismoaren historian eta genealogian funtsezkoak diren beste emakume batzuen lanari buruzko artikulu, ikastaro eta hitzaldien bidez «dibulgazio lan zabala» egin du.

«Neure buruarekin adiskidetzen nau»

Eskertuta jaso du Landak saria: «Aitortza moduan jasotzen dut, nire bizitza osoaren aitortza moduan». Kontatu du txikitatik jabetu zela emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunez, eta haurra zela piztu zitzaiola kontzientzia feminista. «Sari honek neure buruarekin adiskidetzen nau», gaineratu du. Idazle izateko asmoa betidanikoa du, baina «zirkunstantziek» bultzatuta hasi zen haur literaturan, 1970eko hamarraldian, ikastolen goraldi betean, artean euskaldun berri-berria zela.

Landaren ustez, literaturak garrantzi handia du haurtzaroan, sexu eta genero estereotipoak deseraikitzeko tresna baita. Haur hezkuntzan, balioen transmisioa ipuinen bidez egiten da askotan, eta idazle gipuzkoarraren obrak ale bat jarri du balio feministak belaunaldi gazteengana irits daitezen. Haren liburuetako pertsonaiei erreparatuta, gehienak emakumeak dira, baina generorik gabekoak ere ugariak dira; gehientsuenak «bazterrekoak» eta «asmo handirik gabekoak». Horrelako ereduek haurrengan duten garrantzia nabarmendu du Landak: «Umeei baliabideak eman behar zaizkie beren burua identifikatuta ikus dezaten».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.