Pastor

Marianne, bizitza, heriotza

2024ko urriaren 12a
05:00
Entzun

Agur, Marianne. Ikusi arte. Leonard Cohen-en kanta ezagunak izena eman dio serie bati. So long, Marianne lanak kantari quebectarraren eta gazte norvegiarraren arteko harremana du oinarri. 1960. urtea da. Cohen Grezian dago, Hidra uhartean hippy garaiko iraultza bizitzen. Denda batean Marianne Ihlen-ekin egingo du topo. Amodio-historia hasiko da, luzea eta aldizkakoa. Marianne artistaren musa bihurtuko da —artistak eta musak, musak eta artistak—. Haren argazkia Songs from a room diskoaren kontrazalean agertuko da 1969an. Neska ezaguna izango da munduan irudi horri esker.

Marianne eta Leonard zazpi bat urtez egon ziren elkarrekin. Gero, nork bere bideari segitu zion, baina beti izan zuten elkarren berri. Azken argia itzali zen arte. Seriearen harira bikotearen erlazioa ez ezik, bizitzaren alde tragikoa ere izan dute hizpide zenbait hedabidek. Sueddeutsche Zeitung alemaniarrak titulu hau ipini dio artikuluari: Bizitzak min gutxitxoago emango balu!

Bizitzak min ematen badu, zer ez du emango heriotzak! Ihlen eta Cohen 80 urte pasaturik joan ziren. Munduko hainbat lekutan ez da oso erraz heltzen adin horretara. Nahi bai! Gurean, berriz, ia segurutzat jotzen dugu 80 urteak igarota oraindik lurra zapaltzen egongo garela. Zortzi hamarkada ez irautea ia-ia porrota dugu. 100 urtera iristeko esperantza duenik ere bada. Bizipoza. Baikortasuna. Edo Mendebaldearen egoa: goian iparra, behean hegoa.

Ez dirudi etorkizunean 100 urteak orain baino eskurago izango ditugunik, baina. Aste honetan Nature Aging taldearen ikerketa zientifikoaren emaitzek azaldu digute: bizi-itxaropenak goia jo du. Halaxe segituko omen du datozen hamarkadetan. Ikerlarien arabera, «nahiko zaila» izango da aurten jaioko diren emakumezkoen % 15 eta gizonezkoen % 5 ehun urtez bizitzea. Horiexek dira datuak.

Noizbait joango gara, baina kosta egiten zaigu onartzea. Planeta zaindu nahi dugu. Kontzientziazio kanpainak egiten ditugu ondorengoei mundu hobea uzteko. Ordea, ez dugu onartzen gure heriotza onerako izango dela. Joan zaitez zoriontsu! Ama lurrari egingo diozun azken oparia izango da. Nork egingo luke bat lelo horrekin? Eternitate lurtar aspergarrian geratu nahi dugu, antza. Zertarako? Oso denbora mugatua badugu ere, egunak bota egiten ditugu. Alferrik galdu. «Bataren atzetik bestea, egun multzoa / eta horri jendeak deritzo bizitzea /  Ta zergatik deritzo bizitzea?», kantatzen zuen Ruper Ordorikak Ni ez naiz Noruegako errege diskoan, Joxemari Iturralderen testua ahoan. Ez dut pentsatu ere egin nahi zer izango litzatekeen denbora mugagabea bagenu.

Bizitza luzeak orbanak uzten ditu. Ez da erraza aurrera goazela onartzea. Batez ere, gaztetasunaren diktadura edulkoratuan. Hala ere, alde fisikoaren higadura ezin da gelditu. Moteldu, bai; gelditu ez. Gogoarena ere ez. Noiz konturatzen zara zaharra zarela? Galdera buelta askorik eman barik erantzun zuen Ronald Reagan cowboy txarrak: «Bi plan izan eta etxera gaueko bederatzietan itzuliko zarela bermatzen dizuna aukeratzen duzunean».

2016ko uztailean leuzemiak jota zegoela jakin zuen Marianne Ihlenek, Oslon. Horren berri izan eta mezu bat bidali zion Leonard Cohenek. Bera ere itzaltzen ari zen. Haren azken hitzek bidaia infinitua irudikatu zuten, beat generation hura iduri: «Errepidean ikusiko zaitut. Amaigabeko maitasuna eta esker ona. Zure Leonard». Marianne uztail hartako 28an zendu zen; kantaria, lau hilabete eskas geroago, azaroaren 7an. Elkarri argi emanez joan ziren, nor bere bidetik, pixkanaka-pixkanaka, goibeltasuna nagusitu zen arte, Salvatore Quasimodo poeta italiarrarekin bat egin balute bezala: Bakoitza bakarrik dago lurraren bihotzean / eguzki-izpi batek zeharkatua / eta bat-batean ilundu egiten du. Heriotzak min gutxitxoago emango balu!

Nick Nolte bad boy ilehoriak beste erantzun bat eman zion «noiz konturatzen zara zaharra zarela?» galderari: «Heriotzari buruz sexuari buruz baino gehiago pentsatzen duzunean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.