Politika

Maria Txibitek PSNko idazkari nagusi izaten jarraituko du

2014. urtean «hasitako bidean jarraitzea» du helburu. Urriaren 23an PSNko zuzendaritza berria berretsiko dute.

Maria Txibite PSNko idazkari nagusia. IDOIA ZABALETA, FOKU
Oihane Puertas ONA
2021eko irailaren 20a
13:48
Entzun

Maria Txibitek PSNko idazkari nagusiaren karguan jarraituko du, 2014an «hasitako bidean jarraitzeko». Irailaren hasieran aurkeztu zuen karguan segitzeko hautagaitza, eta, Txibitez gain, ez zen beste hautagairik aurkeztu. Urriaren 23an PSNko zuzendaritza berria eta zuzendaritza organoak berretsiko dituzte Iruñean, Eskualdeko Ezohiko Biltzarrean.

PSNko kideek Txibiteren hautagaitza babestu dute, eta adierazi idazkari nagusiak «Nafarroako gizartearekiko konpromisoa» erakutsi duela, besteak beste, zerbitzu publikoak «indartu» dituelako. Gaineratu dute «Nafarroako eraldaketa industrial, ekonomiko eta sozialaren buru izateko garaia» dela orain. Txibitek adierazi duenez, «betez joan diren helburuekin» ekin zioten bideari, baina hasi zuten proiektua «zabaltzen» jarraitu behar dute oraindik. Gaineratu du hautagai gehiago aurkeztu ez izanak alderdiaren «barne batasuna» islatzen duela.

Bestalde, PSOEk Valentzian egingo duen 40. kongresuan parte hartuko duen Nafarroako ordezkaritza ere erregistratu zuen Txibitek. Urriaren 15ean, 16an eta 17an izango da kongresua, eta Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusia eta Mikel Torres Bizkaiko PSE-EEko idazkari nagusia izango dira Bizkaiko ordezkarien zerrendaburu. «Bizkaitarren bizitza hobetzen jarraitzeko» zenbait proposamen egingo ditu ordezkaritzak, eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari «babesa» emango diote.

Gipuzkoako ordezkaritzak proiektu politiko «solidario, berde eta feminista bat» eraikitzearen alde egingo du, eta Eneko Andueza PSE-EEko Gipuzkoako idazkari nagusia izango du zerrendaburu. Arabako ordezkaritzak, berriz, Cristina Gonzalez Arabako PSE-EEko Gipuzkoako idazkari nagusia izango du zerrendaburu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.