Nafarroako presidente eta egungo PSNko idazkari nagusi Maria Txibitek alderdiaren buru izateko hautagaitza aurkeztu du modu ofizialean. Alderdiak eskatzen dituen agiriak aurkeztu ditu Txibitek, eta, haren hautagaitzaren ordezkari gisa, Ainhoa Unzu parlamentaria eta Tirso Calvo Ribaforadako alkatea azaldu dira. Txibitek «motibazio eta ardura handiz» eman du aurrerapausoa, «Nafarroako PSN gidatzen jarraitzeko moduan» baitago, haren arabera.
PSNko egungo idazkari nagusiak ziurtatu du alderdia «sendo eta kohesionaturik» dagoela Nafarroan, eta «proposamen ausartak» egingo dituela, lurraldea «aurrerabidearen ikur» izan dadin aurrerantzean ere. «PSN-PSOE ezinbestekoa da Nafarroaren eta Espainiaren etorkizunean», esan du bere hautagaitza aurkezteko ekitaldian. Hori horrela dela sinetsita egin du idazkari nagusi jarraitzeko urratsa. Hitzeman du sozialistek geroa «sozialki» eraikiko dutela.
Afiliatuek daukate azken hitza idazkaritza nagusia hautatzeko orduan, eta horiei mintzatu zaie Txibite. PSNren kongresurako bidean parte hartzera deitu ditu, «eztabaidan, hausnarketan eta batasunean» ekarpenak eginez. «Gure proiektu politikoa gaurkotu behar dugu, herritarren kezka eta erronkei erantzuteko», gaineratu du; eta gaurkotze horren ardatzak ere aipatu ditu: «Berdintasuna, jasangarritasuna eta arlo publikoa sendotzea».