Albisteari arrandia eman nahi izan dio PSNk. Larunbatean aurreratu zuen Maria Txibitek hurrengo idazkari nagusia izateko hautagaitza aurkeztuko duela, atzo pauso hori eman, eta gaur alderdiak baieztatu du ez dela inor ausartuko hari itzal egitera. 2014ko azaroan hartu zuen Txibitek alderdiaren lema, eta, hirugarrenez, mandatu horri eutsiko dio.
Ramon Alzorriz Antolamendu idazkari eta parlamentu taldeko eledunak baieztatu du mundu guztiak aurrez zekiena. «Albiste ona da PSNrentzat eta Nafarroarentzat», azaldu du, pozarren. Txibiteren hautagaitzan, Ainhoa Unzu parlamentaria eta Tirso Calvo Ribaforadako alkatea izango dira. Alderdiaren barne egoeraren arduradun lanetan jarraituko duen galdetuta, Alzorrizek esan du Txibiteren esku dagoela hori: «Nik ilusioz lan egiten jarraitzen dut, alderdi sendo eta batu bat egiten jarraitzeko asmoz».
Txibiteren izendapena berretsita, Alzorrizek adierazi du norabide argia duela PSNk. «Alderdia sendo dago, Maria Txibiteren inguruan batuta, eta bidea oso markatuta dugu». Aurreratu du ez direla kikilduko «inoren aurrean». «Nafarroa forala defenditzen dugu, Espainiaren barruan eta Europari begira. Beti jokatu dugu horrela».
Kongresuari begira
Martxoaren 22an egingo den Kongresuaren zertzelada batzuk aurreratu ditu Alzorrizek. Nafarroaren lidergoa harturik izango da lelo nagusia, eta PSOEko idazkari nagusi Pedro Sanchez bertan egotea espero dute.
Alzorrizen arabera, zuzendaritza berritzeaz gain, bultzada eman nahi diote alderdiari, gaur egungo testuinguru politikoari eta aurrera begirako erronkei aurre egin nahian. «Ildo estrategikoak ezarriko ditugu», esan du. Haren ustez, aurreko urteetan argi ikusi da PSNren jokamolde politikoa: «Gatazka bila ibili ordez, politika egin dugu, Nafarroaren pluraltasuna aintzat harturik».
Sozialisten mezuaren ernamuinari ere erreparatu dio azken hilabeteetan. Gezurrak eta desinformazioa demokraziarentzat arriskutsuak direla deritzo. «Demokrazia babestu behar dugu, gaur arriskuan baitago». Garrantzitsua iruditzen zaio eskubideetan eta askatasunean atzerapausorik ez ematea, «Estatu Batuetan gertatzen ari den bezala». Haren ustez, galga jarri behar zaio eskuin muturraren oldarraldiari eta hark eskuineko alderdietan duen eraginari, mezu horiek gizartera iristen direlako.