Nafarroako Gobernuak balorazio positiboa egin du Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroak herenegun espetxe politikaz esandakoez. Maria Solana bozeramaileak ados agertu da euskal presoak euskal espetxeetara gerturatzearekin: «Legea bete besterik ez da egingo; ez litzateke beste ezer egingo ezarritakoaren gainean». Uxue Barkosen gobernua «legezkotasunaren defendatzaile irmo» gisa definitu du Solanak, eta gogoratu hori adierazi dutela legealdian aukera izan duten aldiro. Solanak uste du presoak gerturatzen hasiko direla, eta gehitu du mugimendu horiek «ongi etorriak» direla.
Sare, mesfidati
Sare plataformak, ordea, «iniziatibarik» ez izatea eta «adierazpen kontrajarriak» egitea egotzi dio Espainiako Gobernuari. Uste du aurkako iritziak direla presoak gerturatzea eta hirugarren gradua eskuratzeko aukera «damu indibidualarekin» baldintzatzea , eta Espainiako Gobernuari «eurek ezarritako legediaren aurka jarduten jarraitzeko nahia» ikusten dio. Bestalde, Sareren iritziz, PSOEren gobernuak asmoa du «aurreko gobernuak ezarritako irabazleen eta galtzaileen dinamikari eusteko».
Maria Solana ados azaldu da presoak gerturatzeko asmoekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu