Maria Luisa Garciak ordezkatuko du Konrado Mugertza Eskola Kontseiluan

Eskola Kontseiluko presidente berria hiru eleko hezkuntza eredua diseinatzen aritu dela azaldu du Jaurlaritzak

mikel p ansa
2010eko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Euskal Autonomia Erkidegoko Eskola Kontseiluak badu presidente berria. Maria Luisa Garcia Gurrutxagak hartuko du Konrado Mugertzaren lekukoa. Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluari izendapenaren berri emango dio, gaur, Isabel Zelaa Hezkuntza sailburuak. Zelaak azaldu du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dela izendapen berria hilaren 14an, eta orduan sartuko dela indarrean erabakia.

Hezkuntza Sailak atzo eman zuen kargu aldaketaren berri, eta Maria Luisa Garcia Gurrutxaga aurkezteko baliatu zuen aukera. Hezkuntza Saileko Hezkuntza Berrikuntzarako zuzendari izan da azken urtean Garcia, eta, Jaurlaritzak zabaldutako oharraren arabera, «garrantzi handia izan du hiru eleko esparru berria diseinatzeko lanean». Kalifornian (AEB) irakasle ibilitakoa da Garcia, eta ingeles hizkuntzan aditua da. Aholkulari gisa ere aritua dela azaldu du Jaurlaritzak; ikastetxe publikoei eta ikastolei aholkuak eman izan dizkie «proiektu eleanitzei buruz». Gipuzkoako zenbait herritan irakasle izan da Garcia, eta Donostiako berritzegunean ere lan egindakoa da.

Garciaren izendapenarekin, Hezkuntza Berrikuntzarako zuzendaritza hutsik gelditu da. Prentsan Eskola Kontseiluko presidente izateko hautagai gisa agertu izan den beste pertsona batek hartuko du Garciaren lekukoa: Candido Hernandez izango da, aurrerantzean, Hezkuntzako Berrikuntzarako zuzendari berria -Konrado Mugertza bera ere, Eskola Kontseiluko presidente izan aurretik, kargu horretan aritu zen-.

Candido Hernandez, hain justu, Eskola Kontseiluko presidenteordea da egun. Zelaak gaur jakinaraziko dio Gobernu Kontseiluari Hezkuntzako Berrikuntzarako zuzendari berriaren izena. Bizkaiko zenbait ikastetxetan irakasle izan da Hernandez, lehen eta bigarren hezkuntzan. Psikologiako lizentziaduna da, eta Barakaldoko ikastetxe bateko zuzendari izan zen. Bilboko eta Barakaldoko berritzeguneak ere zuzendu zituen. «Irakasleak trebatzeari eta hezkuntzako berrikuntza proiektuak garatzeari lotuta egon da bere lana», Jaurlaritzaren esanetan.

Desadostasunak

Konrado Mugertzak ez zuela Eskola Kontseiluan jarraituko aurreratu zuen BERRIAk joan den apirilaren 17an. Lau urteko agintaldia beteta, gobernuaren konfiantza jaso ezean Mugertzak ez zuela jarraitzeko asmorik agertu zuten Eskola Kontseiluko iturriek. Hezkuntza Sailak ere ez zuen Mugertza karguan berresteko asmorik, iragan astean baieztatu zenez. Bi aldeek aldaketa «modu naturalean» egin nahi dutela adierazi izan dute, baina desadostasunak agerikoak izan dira azken asteetan. Zelaak proposatutako hiru eleko hizkuntza eredu berriaren inguruan, euskarak «lehentasunezko arreta» behar duela nabarmendu izan du Eskola Kontseiluak. Euskal Herria terminoaren erabilera mugatu izana ere ez du begi onez ikusi Eskola Kontseiluak. Hezkuntzarako bake planaren inguruan ere desadostasunak izan dituzte Jaurlaritzak eta Eskola Kontseiluak.

Jaurlaritzak ukatu egin izan ditu desadostasun horiek. «[Mugertza] Kargutik kentzeak ez du Euskadiko Eskola Kontseiluak azken urtean egin dituen txostenekin inolako zerikusirik». Aldiz, txoste horiek «era positiboan» baloratu dituela azaldu du Hezkuntza Sailak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.