Maria Lizarraga eta Oskarbi Jauregi euskal presoak askatu dituzte

Etxerat-ek jakinarazi du Burlatako eta Zaldibiako presoak baldintzapean aske geratu direla. Lizarragak ia hamasei urte zeramatzan preso, eta Jauregik 23 urte egin ditu kartzelan.

Etxeratek eta Sarek Donostiako Kontxan egindako protesta bat, egunotan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Etxerat-ek eta Sarek Donostiako Kontxan egindako protesta bat, egunotan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Erredakzioa
2024ko abuztuaren 7a
11:15
Entzun

Maria Lizarraga Merino Burlatako (Nafarroa) euskal presoa eta Oskarbi Jauregi Amondarain Zaldibiakoa (Gipuzkoa) aske utzi dituzte. Espetxe Zaintzako Epaile Nagusiaren ebazpenaren bidez, baldintzapean aske geratu dira biak.

Jauregik 23 urte egin ditu preso. 2023ko abenduan hirugarren graduan jarri zuten, eta iragan martxotik baliabide telematikoen bidez bete du zigorra.

Lizarragak Ia hamasei urte egin ditu preso. 2022ko ekainean hirugarren graduan jarri zuten, eta ordutik baliabide telematikoen bidez bete du zigorra. Hala jakinarazi du Etxerat-ek.

Oskarbi Jauregi 2020ko azaroan Euskal Herriratu zuten Teixeiroko espetxetik (Galizia, 600 kilometro). Martuteneko espetxean izan dute.

Maria Lizarraga eta Iñigo Gutierrez euskal presoak Zaballako espetxera (Araba) eraman zituzten 2022ko udan, Aranjueztik (Madril, 520 kilometro). Adin txikiko ume baten gurasoak dira. Ordutik, Lizarraga Zaballako espetxean eduki dute, eta Gutierrez, berriz, Zaballako gizarteratze zentroan, hirugarren graduan; 2021eko abenduan aske utzi zuten.

Dena den, aste gutxi batzuen buruan, Espainiako Auzitegi Nazionalak hirugarren gradu hori ezeztatu zuen, argudiatuz presoak ez zuela «barkamena» eskatu, eta Izadi haurraren aitak kartzelara itzuli behar izan zuen. Hilabete gutxi batzuk baino ez zitzaizkion falta orduan zigorra betetzeko.

Frantziako Poliziak atxilotu zuen Maria Lizarraga, 2008ko irailean, Frantzia erdialdean, Loira departamenduan, Unai Fanorekin batera. Azken negoziazio prozesuan ezker abertzalearen negoziazio taldeko kide izan zen Fano.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.