Manuel Azkonaren gorpuzkiak berreskuratu ditu haren biloba Maria Jesus Fuertesek: «Bake handia sentitu dut nire baitan»

1936an frankistek fusilatu zuten Manuel Azkona aitonaren gorpuzkiak lurperatu ahalko ditu Fuertesek azkenean. Bizi osoa eman du haien bila, eta amore ere eman zuen. Gogora institutuari esker lortu dute orain identifikatzea.

Manuel Azkonaren gorpuzkiak Miranda Ebroko hilerrian (Burgos, Espainia). BERRIA
Manuel Azkonaren gorpuzkiak Miranda Ebroko hilerrian (Burgos, Espainia). BERRIA
aitor biain
2024ko ekainaren 15a
05:00
Entzun

Frankismoaren biktimak omentzeko Alesbesko hilerrian (Nafarroa) jarri zuten monumentuan haren izena ageri da idatzita, beste 42 biktimaren izenarekin batera: Manuel Azkona. Izena, hori besterik ez oraingoz, haren gorpuzkiak ez baitaude han lurperatuta. Non zeuden ere ez zekiten oroitarria jarri zutenean, 1979an. Hilarrian izena idaztea erabaki zuten, nolanahi ere, idazteak soilik hutsunea beteko zuelakoan.

Ordurako haien bila ari zen Maria Jesus Fuertes, Azkonaren biloba: «Ez genekien ezer hari buruz: non hil zuten, zein egunetan, zer gertatu zitzaion zehazki... Soilik espetxetik zein astetan desagertu zen zekien gure amak. Beste ezer ez». Etenik gabe jardun du, haztamuka, amore ere emateraino. «Konbentzituta nengoen ez nuela lortuko aitona etxera ekartzea». Baina telefono dei batek dena aldatu zuen orain bi aste. Ostirala zen, 2024ko maiatzaren 31, eta hariaren beste aldean Eusko Jaurlaritzako Gogora institutuko arduradunak jarri ziren:

—«Zure aitonaren gorpuzkiak identifikatzea lortu dugu». 

Fuertesi zaila zaio hitzekin azaltzea une horretan sentitu zuena. «Badakit oihu egin nuela, hunkitu nintzela, ez nuela erabat sinetsi... Ez dakit ongi azaltzen, baina bake handia sentitu nuen nire baitan». Zer gutxiago, bizi osoa eman baitu haren bila. «28 urte nituenetik, edo lehenagotik, aritu naiz bila». 75 urte ditu egun.

Itsu-itsuan bila

Modesto Manuel Azkona 1936ko uztailaren 18ko gau batez atxilotu eta espetxeratu zuten frankistek, Gasteizen. Alesbesen jaio arren (Nafarroa, 1891), Fronte Popular ezkerreko koalizioko diputatua zen Arabako Foru Aldundian. «Gasteizen bizi zen 14 urteko alabarekin, pentsio batean; emaztea, amona, berriz, Saratxon [Amurrio, Araba], nire birraitonarekin eta seme txikiarekin, irakaslea baitzen bertan». 

Gatibu zela, astero joaten zitzaion alaba espetxera bisitan, harik eta irailaren 17 batez haren berririk ez zutela esan zioten arte. «Iruñeko San Kristobal gotorlekura eraman zutela esan zioten». Gerora jakin zuen, ordea, inoiz ez zela Iruñera iritsi. «Pentsatzen genuen hil egin zutela, errepublikazalea zelako; Union Republicana alderdiko diputatua baitzen. Baina ez genekien non, nola eta noiz». 

Eta hala, itsu-itsuan hasi zen haren bila Fuertes. «Ez atzera ez aurrera nengoela amak geratzeko esan zidan, ezin ziola minari gehiago eutsi, eta hala egin nuen urte batzuez, nondik jarraitu ez nekielako». Ezustean, baina, 2000. urtearen bueltan, Interneten, haren izena irakurri zuen erreportaje batean, eta orduan jakin zituen xehetasun guztiak. «Jakin zuen espetxetik atera eta Miranda Ebron (Burgosen) fusilatu zutela, aldundiko beste kide batzuekin batera, eta haien gorpuak errepide bazterrean abandonatu zituztela». 

Baina, horraino; inork ez zeukan gorpuzkien inguruko berririk. Aranzadiren txosten batek jarri zien haien arrastoan, Teodoro Olarte orduko Arabako ahaldun nagusiaren gorpuzkiak bilatzeko egindako ikerketaren harira. Izan ere, txostenak jaso zuen Miranda Ebroko (Burgos, Espainia) Bayas hilerri zaharrean egon zitezkeela Azkonaren eta harekin batera fusilatu zituztenen gorpuzkiak. 2019an egin zituzten indusketa lanak. «Hara joan ginen bertatik bertara jarraitzera. DNA laginak ere eman genituen, baina Aranzadik ez zuen identifikatzerik lortu».

Ostera, hastera. Argentinan bizi den beste biloba bati egin zioten bigarren proba genetikoa; semearen adarrekoa izaki, uste zuten haren DNA baliagarria izango zela, baina hark ere negatibo eman zuen. «Ezustean, iaz berriz ere Gogora institututik deitu zidaten, gertuko beste seniderik ote nuen galdezka». Baietz erantzun zien, beste ahizpa bat duela. Hirugarren proba egitea lortu zuten orduan. «Eta hark bai, hark positibo eman zuen».

Geroari begira

Bidean oztopo ugari izan ditu Fuertesek, baina aitortu du lortu duela familiak bizi osoan gainean eraman duen «zama» kentzea. «Aurrera begira, bakeaz gain, are demokratago sentitzeko motiboak eman dizkit honek, batez ere, nire seme-alabek ez dutelako eraman beharko urte askoan eraman dudan zama». Atzera begira, aldiz, «amorrua»; ezer jakin gabe hil baitziren haren ama eta amona. «Horrek izugarrizko mina eta hutsunea eragiten du».

Bere kasua beste batzuentzat lagungarri izango den itxaropena du, eta DNA laginak ematearen garrantzia azpimarratu du, Gogora institutuaren eskariarekin bat eginez. Halaber, informazio oro jaso eta bildu beharra ere nabarmendu du, hala biktimen nola gaizkileen aldetik: «Frankismoaren errepresioa jasan zuten biktimak izan dira batez ere hitz egin eta ikertu dutenak, baina edonork jakin dezake zerbait. Horrek soilik lagundu dezake desagertuta dauden asko eta asko topatu eta etxera eramaten». 

Izan ere, gorpuzkiak familien esku uztea «justizia soziala» dela azpimarratu du Fuertesek. «Biharkoan pentsatu behar dugu. Hau ez da iragana nahastea, kontrakoa baizik: gizatiarrago bilakatuko gara, askeago, demokratago. Nik argi daukat». Eta zera ohartarazi du: «Ezein demokrazia ez litzateke eraiki behar hobi komunen gainean». 

Ez daki noiz jasoko dituen aitonaren gorpuzkiak. «Ez digute ezer esan. Badakigu Arabako aldundiak ekitaldi bat antolatu nahi duela haren omenez, hil zutenean diputatua zelako». Baina badaki zer egingo duen gorpuzkiekin. «Argi daukat Alesbesera eramango ditudala, haren izena idatzi genuen lekura. Amak hilarri hartan idatzi zuen haren izena; beraz, logikoena da orain han lurperatzea. Horixe egingo du».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.