Maria Etxabarri Iruñeko Udaleko UPNren zinegotziak dimisioa eman du

Argudiatu du ez duela topatzen udalean lanean jarraitzeko «modu egokia». Azken hilabeteetan, UPNko bi parlamentarik ere utzi dute euren eserlekua.

Etxabarri —ezkerrean— eta Ibarrola —eskuinean—, zentsura mozioa aurkeztu zenean. VILLAR LOPEZ / EFE
Etxabarri —ezkerrean— eta Ibarrola —eskuinean—, bigarrenaren kontrako zentsura mozioa aurkeztu zenean. VILLAR LOPEZ / EFE
2024ko abuztuaren 30a
12:30
Entzun

Iruñeko Udaleko UPNren zinegotzi Maria Etxabarrik dimisioa eman du, argudiatuta alderdi barruan duen lekua aldatu egin dela, eta jada ez duela topatzen «alderdiari eta kideei laguntzen eta iruindarren bizitzak hobetzen jarraitzeko modu egokia». Etxabarri ez da azken hilabeteetan dimisioa aurkeztu duen UPNko kide bakarra; aurrez, besteak beste, Iñaki Iriarte eta Maria Jesus Valdemoros Nafarroako Parlamentuko kideek ere utzi zuten kargua.

Azalpen gutunean, Etxabarrik zehaztu du hilabeteak egin dituela aferari buruz «hausnartzen», eta iritsi dela ordua udalean egindako ibilbideari amaiera emateko. Etxabarrik bost urte egin ditu Iruñeko Udalean, eta Enrique Maia eta Cristina Ibarrola alkate ohien udal gobernuetan Ogasun zinegotzi izan zen, harik eta oposizioak Ibarrolaren kontrako zentsura mozioa aurkeztu zuen arte. «Uste dut zentzudunena eta koherenteena dela bazterrera pauso bat ematea eta nire postua zerbitzu publikorako lana egin dezakeen norbaiti uztea». Zehaztu du arlo pribatura itzuliko dela, «egindako lanaz harro» itzuli ere.

Etxabarrik azaldu du alderdiaren esanetara jarraituko duela, eta adierazi du «onena» opa diola Ibarrolari, UPNko presidente eta alderdiak Iruñeko Udalean duen eledunari: «Espero dut bide egokia topatzea gizarteari laguntzen jarraitzeko, urteetan Nafarroako eta Iruñeko garapenean egin bezala».

Hain zuzen, UPNko azken dimisio horiek Ibarrola alderdiaren zuzendaritzara iritsi ostekoak dira. Apirilean egin zuten UPNren XIII. Kongresua, eta hartan botoa eman zuten alderdikideen %81ek babestu zuten Ibarrolaren zerrenda, aurkeztu zen bakarra. Parte hartzea, baina, %30ekoa izan zen. 

Gerora, ekainaren bukaeran, Valdemorosek Nafarroako Parlamentuan zuen eserlekua utzi zuen. Hain zuzen, alderdiko primarioetan, hak kritikatu egin zuen Ibarrolaren hautagaitza. Zergatirik zehaztu gabe, azaldu zuen ez zuela topatzen jardun publikoan «ekarpenak egiten jarraitzeko bidea». Abuztuaren erdialdean, berriz, Iñaki Iriartek utzi zuen parlamentua. Ordu hartan, UPNk ohar bidez jakinarazi zuen «arrazoi pertsonalengatik eta lan eta osasun arlokoengatik» eman zuela dimisioa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.