Ibilbide luzeko jarduna aitortu diote sariarekin Mari Jose Azurmendiri (Donostia, 1944). Soziolinguistikaren esparruan aritu da, batez ere. Aitzindaria izan da hari eta psikosoziolinguistikari lotutako gaiak garatzen. Irakaskuntza eta ikerketa uztartu ditu lehen urratsetatik, eta, eremu profesionalean, hainbatetan egokitu zaio lehen emakumea izatea: Beasaingo Alkartasuna Lizeoko zuzendaritzan eta EHUko katedradunen artean, besteak beste.
Donostiako Miramar jauregian egin dute ekitaldia, eta Belen Uranga Soziolinguistikako Klusterraren ordezkariak eta Itsaso Olaizolak hartu dute hitza, Azurmendiren ibilbidea goratzeko. Iñaki Dorronsoro Eusko Ikaskuntzako lehendakariak gogora ekarri du sariaren jatorria eta testuingurua. Eusko Ikaskuntzak aurtengo saritua nor izango zen jakinarazi zuenean azaldu zuen arrazoia: "Euskararekin duen konpromisoa eta hizkuntza normalizatzeko egindako ekarpen eskerga". Horixe goraipatu nahi izan dute Azurmendiren ibilbidetik.
Aipatutakoez gain, ekitaldian izan dira Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua eta Eider Mendoza Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakaria.
2000. urtean, Soziolinguistika Klusterraren sorreran jardun zuen Azurmendik. Beste zenbait elkarte eta erakundetako kide ere bada: Eusko Ikaskuntza, Kontseilua, Bagera eta Orreaga, horien artean. EHUn, Soziolinguistika eta Psikolinguistikako irakasle izan zen 2014ra arte —irakasle gonbidatu gisa aritu da baita Laval, Quebec eta Nevadako Renoko unibertsitateetan—, eta Madrilgo Unibertsitatean lortu zuen doktoretza. Argitalpen ugari ditu: besteak beste, elebitasunaren azterketa soziolinguistikoaz.