Mezu feministak ez dira denen gustukoak. Martxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira Zuberoan zehar egindako margoketei eraso diete asteburuan. Margo urdinez marratuak agertu dira batzuk, eta beste batzuei gurutze bat egin diete gainetik; ezin jakin bisore baten sinboloa ala naziek erabili ohi duten gurutze zeltikoa den. Claudine Arhancet Xiberoko Feministak kolektiboko kidearen ustez, «bisoreak balira ere, aski bortitza da».
Gertatutakoa salatzeko elkarretaratzera deitu dute astelehen arrats honetako: 19:0etan eginen dute, Mauleko errugbi zelaiko biribilgunean, Faxismorik ez! lelopean. «Faxismoa ez da feministen problema bakarrik: denena da. Espero dugu jende anitz jinen dela horren oroitarazteko: denek elkarrekin jarri behar dugu».
Laugarren urtea da kolektiboak kolaketak egiten dituena. Orain arte, «herriko etxeko langileek edo norbanakoek ilki zituzten, baina hor beste urrats bat izan da». Arhancetek kontsideratzen du desberdina dela mezu feministak ikusi nahi ez eta horien kentzea, edo mezu horiek ikur faxistez tapatzea. «Aurten arte, nolazpait, zera erraten ziguten: 'Ez dugu aipatu nahi'. Aurten, aldiz, besterik da: 'Dominazio maskulinista horrekin ados gara, eta ez dugu hori kanbiatu nahi'».
Hainbat margoketa egin zituzten feministek larunbateko, euskaraz eta frantsesez, umorea eta aldarrikapenak uztartuz. Elkarretaratzea ere egin zuten Maulen, dantza eta kantu artean.
Ez da lehen aldia halako ekintza matxistak gertatzen direna. Iazko ekainean, salatu zuten pintaketa LGTBIfoboak egin zituztela Atharratzeko Prefosta elkartean. Elkarretaratze jendetsu eta ikusgarria egin zuten erantzuteko.