Pastor
Darwin eta gu

Margarita xaloaren herrimina

2024ko abenduaren 28a
05:00
Entzun

Pasa den mendeko bigarren zatian penintsulako eskualde pobreenetako jendea etorri zen Euskal Herrira. Pertsona haiek jaioterrian baino hobeto bizi ziren hemen. Bestela, ez ziren gurean egongo, seguruena. Askotan bazter-auzoetan pilatzen ziren, ghettoetan, ahaidetasun geografikoa zela eta. Ezagunak dira Gipuzkoa eta Bizkaiko zenbait auzune, andaluziarrez edo galiziarrez beteak. Herriren bat edo beste ere bai. 

Etorkinak patera pisuetan bizi direla dioten lagun askok ahaztu egiten dute haien aitona-amonak nola bizi ziren hemen lehenengo urteetan: etxe berean bi edo hiru familia elkarrekin. Egungo patera pisuak tren pisuak ziren orduan. Trenak ekarririkoak baitziren biztanle horiek. Halaxe deitzen zieten. 

Egoera ekonomikoa hobetu eta udan jaioterrira joaten hasi ziren etorkinak. Haien umeek pozarren ematen zuten bidaiaren berri. «Herrira noa», esaten zuten, gehienak hemen jaioak baziren ere. Hori entzun eta, burua ez hotz, mingaina bai zorrotz, «hobe han geratuko bazina» esaten zuten euskal herritar batzuek, ahapeka. 

12-13 urte nituela, lan bat idazteko agindu zigun irakasleak —hura ere trenak ekarria—. Biharamunean ikasle batek Mi pueblo idazketa irakurri zuen. Margaritak Gaztelako herri txiki bat deskribatu zigun: galsoro ederrak zituen; erreka gardena; eguzkiaren dirdira; ortzia urdin. Airea garbia zen, gu bizi ginen eskualdekoa ez bezalakoa. Gurasoen herria —berea ez zena— idealizatu zuen neskak. Ordea, pobreziak paradisutik erauzia zuen haren familia.

Zure gurasoen edo aitona-amonen sorterriak herrimina pitz diezazuke? Hari lotuta egon zaitezke berton jaio eta berton bizi izan bazara beti?

Kontua da Margaritak irakurtzen bukatu eta ikasgelan zeuden museoko euskal aborigen bakanetako batek bekozko beltza jarri zuela. Bere herria paregabea bazen, zer egiten ari zen neska Ezkerraldeko zulo hits zikin euritsu batean? Gainera, une hartan bizi zen tokian jaioa zen Margarita. Huraxe zen haren herria. 

Zure gurasoen edo aitona-amonen sorterriak herrimina pitz diezazuke? Hari lotuta egon zaitezke berton jaio eta berton bizi izan bazara beti? Sustraiak eta herrimina. Elkartasuna. Norenganakoa? Norainokoa? Zer esango genuke andaluziarren seme edo alaba batek, hemen jaio denak, bere irabazien zati bat arbasoen herriko umeen bizi-baldintzak hobetzeko emango balu? Eta aitona-amona pakistandarrak dituen euskal herritar aberats batek urtero milioi erdi euro erabiliko balitu herrialde hartan txikienei jaten emateko edo eskolak eraikitzeko GKE baten bidez edo besterik gabe? «Hara! Deusik gabe etorri ziren handik eta orain hara bidaltzen dute dirua. Hemen ez al dago inor horren beharra duenik? Eskergabeak!».

Horretaz hausnartu dut Williams anaiak, biak Euskal Herrian jaioak, gurasoen sorterrian haurrak sostengatzeko proiektuak bultzatzen ari direla irakurri ondoren. Ez dut ezer horren aurka. Ondo da. Hala ere, nabaritu dut kasu honetan jendea begi onez hartu eta txaloka hasi dela bi futbolarien ekimenarekin. Williams-tarrak eskuzabalak ditugu, ez esker txarrekoak. Beste kasuetan egingo genituzkeen galderen arrastorik ez: zer herrik eman die gehiago bi gazteei: gurasoenak ala Euskal Herriak? Izan ere, hori bera galdetu dugu sarri etorkinek eta, areago, hemen jaiotako haien ondorengoek, dirua euren (alegiazko) herrira igorri dutenean. Hainbeste aldatu dira gauzak? Diru-emailea nor den.  

Aferari buruzko iritzia eman dit lagun batek: «Williams anaiak euskaldunon diruaz ari dira Ghana altxatzen». Gehiegikeria dela esango dute, bai. Argi mintzatu da, bederen. Beste etorkinen ondorengoek bi anaiek bezala eginez gero euskal herritar ugarik esango luketena adierazi du toleskeriarik gabe. Besterik ez.

Ez naiz bi kirolarien lana kritikatzen ari, gure hipokrisia klasista baizik. Arbasoak marokoar, ekuadortar edo errumaniarrak dituen euskal herritar xume bati hain erraz onartuko ez geniokeen jokaera goresten ari gara Athleticeko jokalarien auzian. Eta uste dut Margarita xaloa larrutzen segituko genukeela sosak gurasoen herrira, Gaztelara, bidaltzen dituela jakingo bagenu. Hortxe dago koska.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.