Marea Horiak erakundeei eskatu die migratzaileen oinarrizko beharrei erantzuteko neurriak har ditzala

Gorliz eta Plentziako hondartzetan egin dute protesta bat, gaur eguerdian, Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak antolatuta.

Marea Horia, gaur, Gorlizen. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Marea Horia, gaur, Gorlizen. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
arantxa iraola
2024ko abuztuaren 17a
16:40
Entzun

«Euskal erakundeei eskatzen diegu gure udalerrietan dauden etorkinen oinarrizko beharrak asetzeko neurriak har ditzatela, eta Euskadiko Udalen Elkarte Eudeli, berriz, protokolo bat abian jar dezala, gure udalerrietan bizi diren pertsona guztien erroldatzea bermatzeko». Eskari horiek ozendu nahi izan ditu gaur OEE Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak, Marea Horiaren bidez; Gorliz eta Plentziako (Bizkaia) hondartzetan egin dute protesta bat.

Udabeteko eguraldi ederrarekin, hondartzetako girora eraman nahi izan dute mundu osoan milioika pertsonak bizi duten «errealitate gogorra», eta erakundeei eskatu diete «nazioarteko itunetan jasotako giza eskubideak» errespetatzen dituzten migrazio eta harrera politikak baliatzeko.

Milioika pertsona migrazio prozesuetara zerk bultzatzen dituen tentuz eta sakon aztertu behar dela oroitarazi dute, eta horien premiei migrazio eskubidea «kriminalizatuta» deus gutxi lortzen dela.

Ororen gainetik, hala ere, aurten baliabide jakin batzuei erreparatu nahi izan diete, behin Euskal Herrira heltzen direnean migratzaile eta iheslarientzat erakundeek prest dituzten «harrera neurriei». Izan ere, mugak ikusten dituzte hor plataformako kideek. «Ez da onargarria pertsona horiek, jantokiko txartelen bidez, gutxienez oinarrizko elikadura bermatua ez izatea, eta gizarte erroldan sartzeko denbora zehaztugabea itxaron behar izatea. Eskubide hori jasota dago indarrean dagoen legedian, baina sistematikoki urratzen ari da», azaldu zuten gaurko protestarako deia egiteko prestatu zuten oharrean.

Errolda zeinen agiri garrantzitsua den gogoratu nahi izan dute aurten, bereziki, giltza izaten delako oinarrizko zerbitzu gehienetara heltzeko. Adibideak jarri dituzte: «Erroldarik gabe, oso zaila da osasun txartela izatea erreferentziazko anbulatorioan edo adingabeen oinarrizko hezkuntzan sartzeko. Ezin da Lanbideren ikastaroetara edo oinarrizko gizarte prestazioetara sartu». Horregatik iruditzen zaie ezinbestekoa agiri hori lortzeko bideak arintzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.