Marcelino Bilbao asko daude. Dozenaka izan baitziren 1936ko gerraren ostean atxilotutako etakontzentrazio esparruetara eramandako euskal herritarrak. Gizon eta andre haiek «askatasunaren alde eta gizartea eraldatzeko kontzientziaz» egindako borroka gogoan hartu zuten atzo, Alonsotegiko Udaletxean (Bizkaia), Bilbaori eginiko omenaldian. «Zoritxarrez, ahaztuta daude», deitoratu zuten haren senideek.
Ikurrina eta Espainiako Errepublikako bandera aulki baten gainean; lore sorta txiki bat, aurreskua, eta hitzak. Modu xumean gogoratu zuten urtarrilean Frantzian zendutako Alonsotegiko semearen bidea. 1920an jaio zen Bilbao, eta 1936an bat egin zuen CNTren Isaac Fuentes batailoian; Bizkaiaren defentsan jardun zen, baina Bilbo erori eta gero, Espainiako eta Kataluniako hainbat lekutan segitu zuen borrokan. Gerra galduta, Frantziara egin zuen ihes, eta han atzeman zuten naziek. 1945era arte, hainbat kontzentrazio esparrutan egon zen, besteak beste, Mauthausen entzutetsuan, Austrian.
«Marcelino Bilbaori omenaldia egiteak faxismoaren aurka borrokatu ziren milaka lagunei omenaldia egitea dakar», adierazi zuen Martxelo Alvarez Ahaztuak 1936-1977 elkarteko kideak. Nazien kontzentrazio esparruetan 200 euskal herritar baino gehiago egon zirela ekarri zuen gogora: «Francoren Atzerri ministro Ramon Serranok Adolf Hitlerri esan zion nahi zutena egin zezaketela esparruotan zeuden espainiarrekin, eta hura izan zen estatu osotik heldutako 8.000 errepublikanoen hilketen hasiera».
Faxismoa, «orain, hemen»
Era berean, Alvarezek nabarmendu zuen faxismoaren aurkako borrokaz mintzatzea ez dela historiaz edo iraganaz hitz egitea: «Faxismoa bizirik dago, orain, hemen». Europan eskuin muturreko alderdiak bozetan irabazten ari diren lekua aipatu zuen: «Arriskutsuak ez balira bezala agertzea lortzen ari dira, baina traje dotoreak janzten dituztenengan ere badago faxismoa». Adibide gisa jarri zuen Espainiako Gobernuak berriki justizia unibertsala mugatu izana: «Frankismoaren zigorgabetasuna gero eta agerikoagoa da, eta zigorgabetasun hori indartzen ari diren egitura politiko, instituzional eta judizialen aurkakoa izan behar du gure borrokak».
Marcelino guztiei omen
Urtarrilean zendu zen Mauthausen esparruan egondako Marcelino Bilbao; omenaldia egin dio Ahaztuak-ek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu