Marc Aillet Baionako apezpikuaren adierazpen LGBTIfoboak salatu ditu SOS Homofobia elkarteak

Baionako apezpikuak elizbarrutiko apezei adierazi die bedeinkapena ematen ahal dietela homosexualei baldin eta haiek bizitza Jainkoaren borondatera bihurtzeko bidea abiatzen badute. Konbertsio terapiak zilegitzea leporatu dio SOS Homofobiak.

MARC ALLIET
Marc Aillet, Baionako apezpikua, artxiboko irudi batean. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2024ko urtarrilaren 2a
14:37
Entzun

Homosexualen konbertsio terapiak zilegitzea leporatu dio SOS Homofobia elkarteak Marc Aillet Baionako apezpikuari. Elizbarrutiko apezei zuzendutako ohar bat argitaratu zuen abenduaren 29an, bikote homosexualen bedeinkapenari baldintza emanez. Honela zioen: «Nik dei egiten diet bedeinkapena eman diezaioten hala eskatzen duenari, baina pertsona bakoitza modu indibidualean bedeinkaturik, eta betiere galdeginez gero konberti dadin, eta gonbidatuz gero Jaunaren graziaren laguntza eska dezan, zeren eta Jainkoak sokorri ematen baitio Haren Nahiaren arabera bizitzeko asmoz laguntza eskatzen dion orori».    

Fiducia supplicans izeneko adierazpen batean, bikote homosexualei bedeinkapena emateko aukera ireki zuen Eliza katolikoak abenduaren 18an. Egoitza Santuko dikasterioak zabaldu zuen idatzia, Frantzisko I.a aita santuaren izenpearekin. Marc Aillet Baionako apezpikuaren hitzetan, mundu laikoak eta «LGBT lobbyak» garaipentzat hartu zuten, eta kontsideratu zuten Elizak ontzat ematen zituela harreman homosexualak. Haatik, azpimarratu du mundu osoko apezpiku konferentzia andanak gaitzetsi zuela. Horregatik, «argitze bat» proposatu du: bikote homosexualei ezin zaie «bedeinkapen liturgikorik» eman. Haatik, zehaztu du «edozein bekatarik» apez batengana jo dezakeela Jainkoarengan duen konfiantza adierazi eta laguntza eskatzeko.

SOS Homofobia elkarteak gogor salatu ditu Ailleten adierazpenak agiri batean: «LGBTI pertsonei dei egiten die beren sexu joera edo genero identitatea aldatu edo uka dezaten, hori baita baldintza bakarra 'Jainkoaren borondatearekin' bat etortzeko», adierazi dute. Hala, apezpikuak konbertsio terapiak zilegitzea deitoratu dute. «Inori ezin zaio eskatu, hitzekin, jokaerekin edo praktikekin, bere sexu orientazioa edo genero identitatea aldatzea edo zapaltzea».

Halako dei bat egitea delitua da Frantziako Estatuan: bi urteko kartzela zigorra eta 30.000 euroko isuna jaso daitezke. Apezpikuari Frantziako legea oroitarazi, eta zabaldutako mezua webgunetik ezabatzeko eskatu diote. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.