Maravillas gaztetxeko asanbladako kideek ez dute begi onez ikusi Nafarroako Gobernuko lehendakari Uxue Barkosek igandean proposatutakoa: gaztetxearen eraikinak Oroimen Historikoaren Institutua hartzea. Duela 11 hilabete okupatu zuten Iruñeko Rozalejo markesaren jauregia, eta gobernuak adierazi du husteko asmoa duela.
«Kaleratzearen aurkako erantzuna ikusita, ez da kasualitatea sentsibilitatea sortzen duen gai bat erabiltzea justifikazio gisa», adierazi dute gaztetxekoek. «Aldaketaren aroko hiru urte hauetan zehar, oroimen historikoa lantzen duten kolektiboek hainbat proposamen aurkeztu dituzte oroimenaren institutua kokatzeko, baina gobernuak ez ditu kontuan hartu», gaineratu dute. Gaztetxeko kideek azaldu dute haiek ere «proiektuaren hasieratik» oroimen historikoa landu dutela: «Auzo proiektua zapalduz errepresioaren oroimena sortzea ez da bidea». Igandetik aurrera, 24 orduko «zaintza» bermatzeko deialdia egin dute Iruñeko Nabarreria plazan, eta «elkarrizketa prozesu bat abiatu arte» hantxe egongo direla azaldu dute.
Hala ere, Nafarroako Gobernuko bozeramaile Maria Solanak atzo adierazi zuen gobernua «elkarrizketaren bidez gaztetxean dauden kolektiboentzako irtenbide egoki bat aurkitzearen alde» dagoela. Ahal Dugu-Orain Baik, bestalde, Ana Ollo Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako sailburuari eskatu dio «argi» adierazteko eraikinean zer egiteko asmoa duen. Gaur agerraldi bat egingo dute gaztetxeko kideek.
Maravillasekoek galdegin dute oroimena ez erabiltzea kaleratzea justifikatzeko
Uxue Barkos lehendakariak gaztetxearen eraikina proposatu du Oroimen Historikoaren Nafarroako Institutua hartzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu