Maravillas omendu dute

Hainbat aste itxita egin ostean, Iruñeko Maravillas gaztetxeak ateak ireki ditu berriro, Lamberto ahizpak omentzeko. Husteko aginduaren mehatxupean egin da ekitaldia.

Maravillas eta Josefina Lanberto omendu zituzten, atzo, Iruñeko Maravillas gaztetxean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ane Eslava.
Iruñea
2018ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Husteko mehatxua jasoeta gero hainbat aste itxita egin ostean, Iruñeko Maravillas gaztetxeak ateak ireki zituen atzo. 82 urte bete ziren Maravillas Lamberto hil zutenetik, eta hura omentzeko baliatu zuten eguna. Hainbat ekintza antolatu zituzten, eta jende asko agertu zen gaztetxera. Alde Zaharreko bizilagunak pozik azaldu ziren; Maravillas gaztetxea «oso garrantzitsua» dela argudiatu zuten askok.

Asteak daramatza itxita Maravillasek. Ez, ordea, utzita: txanden bitartez 24 orduz gaztetxea zaintzen dabiltzan bizilagunen laguntza izan du. Atzo ere Nabarreria plaza bete egin zen, baina beste irudi batekin: gaztetxeko ateak —Gernika koadro ezagunaren marrazkia dute— irekita zeuden berriz ere, eta herritar asko bildu ziren Maravillas eta Josefina Lamberto frankismoko biktimak omentzera, eta gaztetxeari babesa ematera. Rozalejoren jauregian dago, eta 2017tik dago eraikina okupatuta.

Dozenaka lagun elkartu ziren gaztetxearen ate aurrean, eguzkipean. Han zen Josefina Lamberto, Maravillas zenaren ahizpa. Gaztetxeko kideek Maravillas Lambertoren istorioa kontatu zuten, eta eskerrak eman zizkioten haren ahizpari, Maravillasen memoria bizirik gordetzeagatik: «Faxistek Larragako loretxoa moztu nahi izan zuten, baina, guk, bere ahizpa Josefinaren laguntzarekin, loretxoaren sustraiak gaztetxean landatu ditugu». Ondoren, bi gaztek aurreskua dantzatu zuten, eta lore eskaintza bat egin zuten: hara bildutakoek krabelin gorriak jarri zituzten Maravillasen argazkiaren ondoan, eta Josefinarengana gerturatu ziren. Emozioa nabaria izan zen.

Ondoren, arratsaldean, gaztetxeko kideek egin duten mural berria aurkeztu zuten; Rozalejoren jauregiaren sarreran eskegi dituzten bi panel dira, Maravillas Lambertoren istorioa azaltzen dutenak. «Guk espazio hau Maravillas izendatu nahi izan dugu, haren omenez, eta borrokatzen jarraituko dugu faxismoarentzako lekurik ez duen Iruñea bat eta mundu bat eraikitzeko», jartzen du horma eraberrituetan. Amaitzeko, gaztetxera bildu zirenek Josefina Lambertoren bizitza ezagutzeko aukera izan zuten. Lambertok 7 urte besterik ez zituenaita eta ahizpa fusilatu zizkiotenean. 1936an izan zen. Aita, Vicente Lamberto, UGTko kide izateagatik hil zuten; ahizpa, hura defendatzeagatik. 14 urte besterik ez zituen; hil aurretik bortxatu egin zuten. Ondoren, hilotza txakurrei bota zieten. Ahizpak inoiz ez dio utzi haren memoria bizirik iraunarazteari.

Gaztetxeko kideek azaldu zutenez, hausnarketa prozesu baten ostean erabaki dute ateak irekitzea: «Azkenaldian, gaztetxea oso itxita egon da, eta bizilagunek eskatzen ziguten berriro irekitzeko. Bada, gogoeta sakon baten ostean konturatu gara irekitzea dela huste mehatxuari aurre egiteko modurik onena». Erabaki horrekin, kalean babesa ematen ari den jendeari eskerrak eman nahi izan dizkiote. Hain justu, Maravillas Lambertoren heriotzaren urteurrenean irekitzea erabaki «egokitzat» hartu dute: gaztetxearentzat «data garrantzitsua» delako, eta Nafarroan «oso gai hunkigarria» delako.

Atzokoa Desjabetuon memoria dinamika berriaren lehenbiziko jardunaldia izan zen. Maravillaseko kideek azaldu zutenez, hilabeteak daramatzate memoriaren gaia lantzen eta omenaldiak egiten, eta, oraingoan, lanketa hori modu egonkorragoan egitea erabaki dute. Aurrerantzean,hainbat motatako ekintzak antolatuko dituzte. Nafarroako Gobernuak gaztetxea dagoen tokian memoria historikoarekin lotutako institutu bat ipintzeko asmoa azaldu du; gaztetxeko ordezkarien aburuz, ordea, ezin da hori Maravillas husteko argudiotzat erabili.

Auzokoen sarea, indartsu

«Gaztetxeak jarduera eta ekintza asko ematen dizkio auzoari; horregatik, auzokide gisa, irekitzea oso positiboa dela uste dut». Toni Iragi Alde Zaharreko bizilagunak atzo adierazitakoak dira. Ordu asko eman ditu egunotan Nabarreria plazan; gaztetxea zaintzeko txandetan parte hartzen ari da. Auzokoen babesa egunez egun hazten ari dela uste du: «Aurretik ere oso babes sare indartsua zegoen, baina orain lotura estuagoa da». Atzo ere agertu zen gaztetxera, eta irekiera eguna memoria historikoarekin lotu izana «oso ideia ona» dela adierazi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.