Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Emaitzak

Mapa kasik ez da aldatu

Elkarrekin Ahal Dugu nagusitu da Hego Euskal Herrian botoetan eta diputatuetan. Nafarroan, UPN-PP izan da berriro lehen indarra. Abertzaleek Kongresuan eragiteko ahalmenik gabe jarraitzen dute

Mapa kasik ez da aldatu.
enekoitz esnaola
2016ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Joan den abendukoekin alderatuz gero, Hego Euskal Herrian mapa ez da kasik aldatu Espainiako Gorteetarako atzoko hauteskundeeetan: Elkarrekin Ahal Dugu izan da lehen indarra botoetan, eta orain diputatuetan ere bai —elkarrekin aurkeztu dira Ahal Dugu-Equo eta Orain Batera—, eta erkiegoetan, azterketa baterako betiere boz autonomikoak ikusmiran izanik, EAEn EAJ nahikoa ongi kokatua dago, eta UPN-PP ere bai Nafarroan. Horrez gain, PSE-PSNk eta EAEko PPk eutsi egin diote; Ciudadanosek ez dauka ia indarrik; eta EH Bildu Espainiako bozetan toki bat egin ezinda dabil, eta, areago, EAEko iazko udal eta foru hauteskundeetako kolpetik oraindik osatu gabe. Beraz, Hegoaldean —estatuan bezala—, ia-iaargazki bera atera da oraingoan.

Abertzaleak Madrilen eragiteko ahalmenik gabe geratu dira berriz ere. PP nagusi atera da -lau puntu eta hamalau diputatu igota, gainera—, baina ez du nahikoa babes Ciudadanosekin batera Kongresuan gehiengo osoa izateko: 169 diputatu bien artean —abenduan, 163—, eta gehiengo osorako 176 behar dira. Zentrotik ezkerrerako blokeak, 156 diputatu ditu —lehen, 161—. EAJk eta EH Bilduk kanpainan esaten dute Madrilera eragitera joan nahi dutela, baina ez dute horretarako nahikoa indar. Katalanek bai —ERCk eta CDCk berriro 17 diputatu—, baina haien baldintza onartezina da PSOErentzat: erreferenduma. Estatuan ere lehengo argazki bera dago hor.

Atzokoa baliatuz, egin ahal da Hegoaldeko erkidegoetako bozetara begira azterketa bat. EAEkoak izango dira aurrenekoak: datorren udazkenean. EAJk oraingoan erkidegoan ez du lortu diputatuetan aurrena izatea —bat galdu du; hori izan da Hegoaldeko diputatu aldaketa bakarra—, eta aurrekoan ez bezala Bizkaiaren gisako herrialde jeltzale batean hark aurrea hartu dio, baina erkidegoan batez bestekoari eutsi egin dio —%24,7 abenduan, %24,9 atzo—, eta nahikoa indar posizio onean iritsiko da Eusko Legebiltzarreko bozetara.

Gakoa Elkarrekin Ahal Dugu-ren boto bilakaera izango da, zenbateraino helduko dion. Atzo Hego Euskal Herrian irabazi egin zuen, eta erkidegoetan Nafarroan ez, baina EAEn bai oraingoan. Haren botoemaile askok onartzen dute autonomikoetan EH Bildu bozkatuko dutela. Zenbatekoa izango da traspaso hori? Edo zenbat bueltatuko dira PSEra? Edo zenbat geratuko dira etxean? Kataluniak eman dezake pista txiki bat: iazko iraileko hauteskunde autonomikoetan %9 eskuratu zuen Podemosen koalizioak, eta abenduan Espainiakoetan %24, eta atzo ere bai. Elkarrekin Ahal Dugu-k botoen %29 jaso du EAEn; hiru herrialdeetan irabazi du.

EH Bildu, ezin osatuta

EH Bilduk, aldaketak aldaketa, behera egin du berriz ere, eta herrialde denetan. Abenduan erabakitzeko eskubidean zentratu zuen kanpaina, baina giroa berotzerik ez zuen lortu, Ahal Dugu faktorea sortu zitzaion, eta 2011ko hitzordu berezitik —ETAk uzteko erabakia— botoen heren bat eta bost diputatu galdu zituen. Orain alor sozialak garrantzi handia hartu du ezkerreko koalizio subiranistan —adierazgarria izan da Bizkaian zerrendaburu Oskar Matute jartzea eta Araban, Mikel Otero—, bazuten itxaropenik Hegoaldean beste aulki bat eskuratzeko, baina ez du lortu, birekin geratu da, eta 35.000 boto galdu ditu, eta batez bestekoan ere, behera herrialde denetan. Bizkaian, gainera, laugarren izatetik bosgarren izatera pasatu da—%10,9—. Legebiltzarrerako hauteskundeetarako nagusiki zer aldarriri eutsi izango du erronketako bat. Arnaldo Otegizerrendaburu aurkezteak on egin diezaioke dio babesa berreskuratze aldera, baina ikusteko dago estatuak utziko dion aurkezten. Garai zailak bizi ditu EH Bilduk, eta koalizioak egituratu gabe segitzen du. Bestetik, euskal presoen aldebakarreko bideak berriro oztopoak izan ditzake Moncloan PPk segituta.

UPN eta PP batera, hobeto

Nafarroan unionistek —batez ere, zentro-eskuinekoek— azterketa garbi bat atera ahal dute: UPN eta PP elkarrekin badoaz, euren interesetarako hobea da, batu egiten dute, eta nagusiago dira. Hauek Espainiako hauteskundeak izan dira, abertzaleentzat ez da hitzordurik onena, baina denek ere ikusmiran edukiko dituzte 2019ko foru bozak. 2011n eta 2015ean UPN eta PP bereiztuta aurkeztu ziren.2011koak ez zuen aparteko arriskurik, artean ez zelako aldaketarako baldintzarik: ez zen Ahal Dugu-rik, erregimenaren gainbeherak ez zuen abiadarik hartu... Bestelakoa zen iazko egoera, eta UPN eta PP aparte joan ziren —15 eta 2 aulki—, C's ere aurkeztu zen etabeste berrehun bat boto ez lortzea erabakigarria izan zen aldaketarako. Atzo ere UPN-PP koalizioa nagusitu zen, eta gora egin zuen, gainera: hiru puntu eta lau mila boto.

2019rako apunteak hartuta izango dituzte UPNk eta PPk: batera aurkeztu, C's neutralizatu, eta baldintzak sortu bestelako aldaketa erdiesteko. Orain Uxue Barkos Nafarroako lehendakaria are gehiago higatzen saiatuko dira, gobernuan den koalizioak Espainiako bozetan %4 eskas eskuratu duela aipatuta —erdia galdu du—. Nafarroan EH Bilduk ia lehengo emaitza bera izan du batez bestekoetan; Geroa Baikoak erakartzeko saioak huts egin dion seinale.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500