Mapa berria, bisaiak ere bai

Banaketa berriarekin, Kontseilu Nagusiaren osaketa azkarki aldatuko da heldu den urteko martxoan: gizon bezainbat emazte egonen delako eta gaur egungo kontseilari andana bat ezingo delako aurkeztu. 

Jenofa Berhokoirigoin.
2014ko ekainaren 3a
11:00
Entzun

Kantonamenduen mapa berriarekin batera, departamendu mailako kontseiluaren osaketa da erabat aldatuko datorren urtean. Kontseilari kopurua ez da anitz aldatuko, Ipar Euskal Herriko kantonamenduen kopurua 21etik hamabira pasaz ere hautetsi kopurua, haatik, 21etik 24ra pasako delako. Hain zuzen, kantonamenduka bi kontseilari egonen dira. Orotara, departamenduan 54 kargudun izanen dira.

Gizon-emazte parekidetasuna izanki aldaketaren oinarrian dagoen legearen helburu argia, bi hautetsi izendatu beharko dira barrutika, bata emaztea bestea gizona. Gaurko egunean, 52 kontseilarietarik zortzi dira emazteak. Heldu den urtetik aitzina, 27 izanen dira. Gaur egun, %13,5 kontseilari dira bakarrik emazteak, eta horietan bi dira Ipar Euskal Herrikoak, Baionako Marie-Christine Aragon eta Miarritzeko Juliette Seguela.

«Oso ongi da parekidetasuna ezarri izana; ikuspegi eta gogoeta molde ezberdin bat ekarriko du kontseilura», dio, pozik, Aragonek. Politika egiteko moldean ezberdintasun bat kausitzen du gizon eta emazteen artean: «Emazteak gutxiago dira itxurapenean eta irudian, mamian sartzen dira gehiago». Haatik, zehaztu du beste kontseilari nagusien partetik ez duela generoari loturiko bazterketarik sendi. Dioenaz, aulkiaren lorpena aitzin diren pausoei begira du «garrantzia» aldaketak. Nahiz eta gogoa ukan, anitz emaztek ez dute aurkezteko pausoa ematen, eta hori da aldatu beharra. «Arraro da ‘kargua betetzeko gai izanen ote naiz?’ galdera bere buruari pausatzen dion gizon bat kausitzea; haatik, emazteok beti dugu galdera hori». Gogoa ukanen dutenentzat tokia egonen dela dio, eta urratsa egitera animatuko direnak ere gehiago izatea espero du. Aurpegi berriz osatua izanen da, beraz, instituzio honen batzarra. Horrek adinaren batez bestekoa ere gaztetuko duela pentsatzen du Aragonek; hori espero du, behintzat.

Osaketa are gehiago aldatuko da, bozka barrutien berrantolaketarekin. Urtarrilaren 9an Pierre-Andre Durand prefetak Paueko Kontseilu Nagusian aurkeztu zuen kantonamenduen mapa berriak ez duelako ezer ikustekorik hamarkada luzeetan ezagutu dugunarekin. Kantonamendu batzuk desagertuko dira berri batzuk sortzeko, beste batzuk handituko dira, kantonamendu eta herri batzuk hartuz bere barne, eta batzuk hainbat barrutiren artean zatituko dira.

Adibidez, Donapaleuko kantonamendu berriaren barnean Amikuzeko eta Iholdi-Oztibarreko kantonamenduak eta Bidaxuneko eta Bastidako barrutietako herri batzuk dira batuko. Eremu horrentzat guztiarentzat, emazte eta gizon bakar bat da aurkezten ahalko. Gaur egun, eremu horietan Amikuzeko Barthelemy Agerre, Iholdi-Oztibarreko Jean-Louis Caset, Bidaxuneko Jean-Jacques Lasserre eta Bastidako Jean Castaings dira kontseilari nagusi. Hots, haien lurraldeetan aspaldian ezagunak diren lau jauntto. Elkarri batzen diren UMP edo Forces 64 alderdietakoak denak. Lau gizon ezagun horietarik gehienez batek du aulkia lortzeko hauteskundeetan parte hartzen ahalko. Horietarik bat edo beste bat. Argi da, beraz, nahia ukan arren urteetan aulkia atxiki duten hainbatek galduko dutela 2015ean. Berdin gertatuko da anitz gunetan, eta segur da hautagaitza aukeratzeko unean lehia gogorra egonen dela. Batzarraren gaztetzea izan daiteke ondorio bat, agian errazago izanen zaielako gazteei hautagaitzarako izendapenaren lorpena.
Alderdi Sozialistaren irudiko, mapa berria «koherentea» da, eta ez du zailtasunik sortuko egunerokoan dituzten betebeharrak betetzeko. Eskuinarentzat eta zentroarentzat, haatik, «hutsegite» bat da, eta ez du funtzionatuko. Kontseilu Nagusian den kontseilari abertzale bakarrak ere, Alain Iriartek, ez du begi onez ikusten: «Parisek bere interesen arabera moldatu ditu kantonamenduak, bertako behar eta nahietan oinarritu gabe». Alderdi Sozialistaren mesederako moldaketa dela diote aurkakoek. Ados izan ala ez, aitzina doa, eta Frantziako Estatu Kontseiluaren dekretua eskas da soilik. 2015. urteko martxoan iraganen diren bozketentzat denak prest egon behar duelako.

Urtarrilaren 9an zortzi orduz  eztabaidatu ondoren, gehiengoa alde agertu zen: 27 alde, 22 kontra eta bi abstentzio. Babes zabalik ez du, beraz, iazko maiatzaren 17ko legearen harira egin berrantolaketak, eta karrikan ere sendi da. Aurkezpen egunean, adibidez, ehun bat auzapezek egin zuten elkarretaratzea Kontseilu Nagusiaren egoitza aitzinean. Zer-errana eta kexua sortu zuen ere Frantziako Barne Ministeriotik etorritako lehen proposamenak, Nafarroa Behereko Amikuze eta Iholdi-Oztibarre, Biarnoko Nabarrengose eta Salbaterra Bearnori loturik kausitzen zirelako. Abertzaleak zein Batera gisako eragileak mobilizatu ziren proposamen horren kontra. Azkenean, mapa ofizialean ez zen halakorik agertu eta eskuineko, zentroko eta ezkerreko hautetsi zenbaitek eta abertzale eremuko ordezkariek baloratu zuten gibelera egin izana. Herri mobilizazioari esker lortu zela adierazi zuten EH Bai eta Baterak, berria jakin bezain laster.

Beti betekizun berak

Nahiz eta Kontseilu Nagusia bilakatu Departamenduko Kontseilua eta kontseilari nagusiek departamenduko kontseilari izena hartu, haien betekizunak eta eskumenak berberak izanen dira. Elkartasunezko ekintzetara bideratzen da instituzio honetako aurrekontuko zama potolo bat, %40 inguru: zailtasunetan direnen gizarteratzea, elbarriei eta adinekoei laguntza, prebentzioa eta beste. Bideen mantentzeari eta azpiegiturei ere kasik aurrekontuko %18 ematen zaie. Horrez gain, kolegioen mantentzea, herri eta elkarteen laguntza eta artxibategien zaintza bezalako betebeharrak izaten segituko dute. «Mapa aldatzen da, baina ez da lurrikara bat ere, jendea ez da beldurrez bete behar, lan bera eginen dute izendatuak izanen diren kontseilariek», dio Frantxua Maitia Garaziko kantonamenduko kontseilari sozialistak. Prefetak ere argi utzi zuen aldaketa «tekniko» batzuk zirela: «Iraganean kantonamenduak bozka eremu eta herri txiki baldin baziren, oraindik goiti oinarri teknikoa ukanen dute batez ere, barruti legegileen gisara».

Mapa berriarekin kantonamenduetako biztanle kopuruen artean diren «desorekak» ahultzea dute helburu. «Badakigu gaur egungo mapa zaharkitua dagoela, alde demografiko eta, beraz, demokratiko handiak daudelako kantonamenduen artean», Duranden hitzetan. Departamenduan, biztanleria txikiena duen kantonamenduak 2.553 herritar ditu, eta gehien duenak, 35.663. Berrantolaketarekin 25.000 biztanle inguruko kantonamenduak sortuko dituzte. Departamenduan, Donapaleukoak du populazio txikiena ukanen, 19.562 herritarrekin eta Uztaritzekoak handiena, 28.442 biztanlerekin.

Horiek horrela, Mauleko kantonamendua izanen da zabalena, Garazikoa, Baigorrikoa, Atharratzekoa eta Maulekoa batuz. Hots, mendialde guztia elkartuko dute, orotara 66 herri juntatuz. Kostaldean, haatik, hiri batzuk zatitu beharko dituzte. Adibidez, Baiona hiru kantonamendutan azaltzen da —Bata Bokalerekin, bestea Angeluko zati batekin eta beste bat soilik Baiona hartuz—.

Maulekoari doakionez, mendi eremua batera ezarri izana baloratzen du Maitiak, bortuko arazoak «hobeki ordezkatuak» izanen direlako. Aitortzen du, hala ere, eremu oso zabala dela. Kantonamenduko punta batetik bestera ehun bat kilometro izanen dira. Baina ez da arranguratzen: «Kontseilari gutxiago ikusiko dugula? Ez dakit ageriko nola eginen duen bere lana. Gaur egun ere batzuk ez dira anitz ageri; batzuk ongi dabiltza lanean, eta beste batzuk arinago dabiltza». Nahiz eta mapa berriaz anitz gogoetatua ez ukan, mendi eremua batu izana ontsa ikusten du Mixel Ernaga Urepeleko (Nafarroa Beherea) auzapezak ere: «Mendialdea dena bat ezarri izana ez da gaizki. Mendialdeak badu bere berezitasuna, bai ekonomikoki, bai eta ere sozialki. Batasun hori izatea gauza ona da, administrazioari begira pisu gehiago ukanen dugulako».

Horrek ekar ditzakeen ondorioez beldur dira hainbat. Horien artean da Iriart: «Kontuan hartu behar dira barnealdearen izaera eta egoera; aldeko neurriak hartu behar dira, eta ordezkaritza sistema egokia hautatu behar da». Dioenaz, horrelakorik ez du lortu Barne Ministerioak, eta kostalde barnealdeko oreka «sakrifikaturik» agertzen da. Berrantolaketa horren gibelean «arrisku larri» bat badela dio Pierre Haizager Hazparneko herri elkargoko presidenteak ere: hurbileko zerbitzu publikoen desagerpena. Departamenduko instituzioaren gastuak txikitzea ere bada Frantziako Gobernuaren helburua, eta hori ez du ahantzi nahi Haizagerrek: «Bihar non eskainiko dituzte zerbitzu publikoak? Izugarriko desmasia litzateke gaur egungo zerbitzu gune batzuk desagertuko balira». Horretaz kezkaturik, zerbitzu horien segipena hurbiletik segituko duela dio.

24etarik 4, barnealdean

Gaur egun, Mauleko kantonamenduarekin batuko den mendi eremu horrentzat lau kontseilari nagusi dira, baina 2015. urteko martxotik aitzina bi izanen dira bakarrik. Kostaldeari doakionez, hamalau izanen dira —Baionako hiru kantonamenduetan sei orotara, Miarritzerako, Donibane Lohizunerako, Angelurako eta Hendaiarako beste bina—. Kostaldearen eta barnealdearen arte horretan beste sei —bina Kanborako, Mugerrerako eta Uztaritzerako—. Lau izanen dira Zuberoarentzat eta Nafarroa Beherearentzat —Donapaleun eta Maulen bina—. Zuberoako eta Nafarroa Behereko problemez jakinean direnak gutxiengo handian egonen dira, beraz.

Hainbat herri elkargo kantonamendu ezberdinen artean zatiturik agertzen dira mapa berrian. Haizagerren herri elkargoa adibidez, hiru kantonamenduren artean banaturik da. Baina horrek ez du baitezpada kezkatzen. «Herri elkargoak finkatuak dira jendeen harreman usaien arabera, ez ditu kantonamenduen mugak segitzen...». Iritzi berekoa da Christine Bessonart Senpereko auzapez eta Auzapezen Biltzarreko presidentea. Hego Lapurdiko hiri elkargoaren barne da Senpere, eta hiru kantonamenduen artean banatuko da. «Hori ez da batere trabagarri», senpertarraren hitzetan. Justuki, orain arte lauren artean banatua zen, eta hor «logikoagoa» dela dio. Sara, Azkaine eta Ainhoa Uztaritzekoa batuko zaizkio Senpereri, kantonamendu berean: «Elkarrekin lan egiteko ohitura dugu; berri ona da, beraz».

Alta, eskuinak eta zentroak azkarki kritikatzen du herri eta hiri elkargoen mugak ez errespetatu izana. Egitura horien dinamikak «ukatu» izana deitoratzen diote Frantziako Gobernuari. Maulerako bi herri elkargo dira, eta elkarrekin lan egitea «ezinezkoa» izanen dela dio Pepe Lamirande Mauleko kontseilari nagusiak. «Bi herri elkargo izanki nola lan eginen dugu elkarrekin? Ez da posible». EH Bai koalizio abertzaleak ere deitoratu du herri elkargoen multzoei arretarik erakutsi ez izana. Mapa berria antolakunde horien mugak segituz osatzea zuen helburu Barne Ministerioak. Hori adierazi zien prefetak kontseilari nagusiei urtarril hastapenean. Mapa marrazteko orduan ondoko elementuak errespetatu zituztela zioen: gaur egungo kantonamenduen mugak, herri eta hiri elkargoen perimetroak, bizi-eremuak eta herrien mugak. Argi da ez dutela lortu herri eta hirien elkargoen mugen errespetua.

Luzaz Kontseilu Nagusiak herriekin izan baldin baditu harremanak, herri eta hiri elkargoak azkartu arau egitura horiekiko harremanak handituz joan direla dio Auzapezen Biltzarreko presidenteak. Dena dela, oro har, herri eta hiri elkargoek ez dituzte Kontseilu Nagusiaren eskumen berberak. Beraz, hainbaten artean zatitua izanik ere, traba handirik gabe aitzina segitu behar luke egitura horien lanak. Lurralde antolaketa eta garapen ekonomikoa dira haien betebehar nagusiak. Horrez gain, ondoko arloetariko bat hautatu behar dute ere: ingurumenaren zaintza, etxebizitza, bide obrak, kultura, kirola edo lehen mailako irakaskuntzarako eraikinen zaintza, arlo soziala edota drainatze lanak.

Hiri elkargoek, berriz, garapen ekonomikoaz eta lurralde antolaketaz gain, etxebizitzaren oreka eta hiri politikari buruzko eskumenak dituzte. Hor ere beste ardura batzuk hautatu behar dituzte: bide obrak, drainatze lanak, ur edangarria, ingurumena, arlo soziala edota kultura eta kirolerako eraikinak. Harremanen azkartzearen froga dira Kontseilu Nagusiaren, herri edo hiri elkargoen eta herrien artean 2013-2016 urte tartearentzat izenpeturiko lurralde hitzarmenak. Bessonart: «Ikuspegi orokorrago bat dugu hitzarmen horiei esker; ondoko herrien ekintzen berri badugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.