Roberto Jimenezek lehiakide bat izango du apirilaren 20ko X. Kongresuan. PSNko idazkari nagusi izateko hautagaitza ofizialki aurkeztu zuen atzo arratsaldean Manuel Campillo Tuterako zinegotzi sozialistak. Aurkezpenean, PSNko pertsona esanguratsu batzuek babesa agertu diote Campillori. Hala, 2008ko Kongresuan Roberto Jimenezekin lehiatu zen Amanda Acedok babesa eman dio. Fernando Puras 2007ko presidentegaiak, Maria Gracia Iribarren parlamentari ohiak, Julian Balduz alkate ohiak eta Jose Luis Manias Volkswageneko langileen batzordeko presidenteak ere sostengua azaldu diote.
Campillo irabazle ateratzen bada, aldaketa handia eragin dezake. Betiere atzoko aurkezpenean azaldutako konpromisoari eutsiko balio. Campilloren esanetan, PSN «soilik» egon daiteke gobernuan exekutiboa gidatzen badu, eta bestela «oposizioa gidatuko du». Haren ustez, gaur egun PSNk «ez du ez gobernua ez oposizioa gidatzen». «Ez da posible egungo egoerari eustea. Horren aurka erreakzionatu beharra dugu, eta konpromisoa hartzen dut idazkari nagusi ateratzen banaiz PSN ez dela egongo ez eskuinaren ez nazionalismoaren esanetara. Gu izango gara protagonistak».
Campilloren ustez, sinesgarritasun arazoa du PSNk, eta «sozialisten printzipioak» berreskuratu behar ditu. Gaineratu du alderdiaren funtzionamendua aldatuko duela eta egungo antolamendua berrituko duela, «parte hartzaileagoa eta irekiagoa» izan dadin. Militanteek izango dute hitza eta erabakia apirilaren 20 eta 21eko Kongresuan. Uneotan zaila dirudi irabazle ateratzea.
Bi dimisio zuzendaritzan
Diario de Noticias-ek kaleratutako informazioaren arabera, Arantza Ruizek eta Lorena Txibitek (Carlos Txibite zenaren alaba) dimisioa aurkeztu dute PSNren zuzendaritzan. Gutun batean azaldu dute zuzendaritzan talde txiki batek soilik hartzen dituela erabakiak eta besteek baiezkoa baino ez dutela ematen. Era berean, «etsipena» agertu dute UPNrekin gobernuan daudelako.
Manuel Campillo izango da PSNko idazkari nagusi izateko beste hautagaia
Fernando Purasek, Amanda Acedok eta Maria Gracia Iribarrenek sostengua adierazi diote
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu