Manuel Azkona Arabako Probintzia Batzordeko diputatu erailaren gorpuzkia eman diote familiari

1936an atxilotu eta epaitegietatik kanpo hil zuten faxistek. «Gaur beste urrats bat egin dugu gure memoria historikoa eraikitzeko», esan du Maria Jesus San Jose Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideetako sailburuak.

Manuel Azkonaren familiari haren gorpuzkiak emateko ekitaldia. GOGORA
Manuel Azkonaren familiari haren gorpuzkiak emateko ekitaldia. GOGORA
xabier martin
2024ko uztailaren 13a
16:00
Entzun

Manuel Azkonaren gorpuzkiak eman dizkiote familiari gaur, Gasteizen, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak eta Arabako Foru Aldundiak antolatutako ekitaldi batean. Arabako Probintzia Batzordeko diputatua zen Azkona, eta altxamendu militarra gertatu eta ordu gutxira atxilotu zuten. Epaiz kanpo hil zuten faxistek, 1936ko irailean. Desagertze behartuaren biktima bat da, beraz.

Maria Jesus San Jose Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideetako sailburuak «errepublikanismo zibikoaren balioak» aldarrikatu ditu. «Gorrotoaren itzala, bazterketa eta xenofobia gure kontinentean barrena dabiltzala eta gerra Europako ateetara itzultzen ari den honetan, inoiz baino gehiago aldarrikatu behar dira Manuel Azkonak bere bizitzarekin defendatu zituen errepublikanismo zibikoaren balioak».

«Egintza hau nire sailak izan nahi duenaren adierazpen gorena da, justiziaren eta memoriaren arteko batasuna»

MARIA JESUS SAN JOSEJaurlaritzako Giza Eskubideetako sailburua

Erantsi du «herritartasuna funtsezko elementutzat» jo behar dela, «sinesmenak edota bakoitzak hitz egiten duen hizkuntza kontuan hartzen ez duen herritartasuna». Azaldu du egoera horrek ez dituela aintzat hartu behar ere «bakoitzak defendatzen dituen ideiak, arraza, sexua edo generoa». Balio horiek guztiek osatzen ei dute «Euskadi», San Joseren esanetan.

Agintaldi osora begira

Sailburuaren lehen hitzaldia izan da gaurkoa, memoria historikoaren arloko ekitaldi batean, eta adierazi du agintaldi osoan jarraituko duen ildoa azaltzen dutela bere hitzek. «Egintza hau nire sailak izan nahi duenaren adierazpen gorena da, justiziaren eta memoriaren arteko batasuna». Manuel Azkona eta haren moduko pertsona konprometitu guztiak «harrotasunez gogoratzeko» eskatu du, «gizarte justuago, berdintasunezkoago eta pluralago batekin amets egin zutelako».

Bideo baten proiekzioarekin hasi da ekitaldia. Manuel Azkonaren gorpuzkia berreskuratzeko eta identifikatzeko prozesua laburbildu du proiekzioak. Ondoren, San Jose sailburuak eta Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak eman dizkiote familiari gorpuzkinak. Maria Jesus Fuertes bilobak jaso ditu, bere seme-alabekin batera. Familiak, halaber, bere senitartekoaren gorpuzkiak berreskuratzeko eta identifikatzeko lanak azaltzen dituen txostena jaso du, bai eta Duintasuna eskulturaren erreplika bat ere, miniaturan. Elgoibarko eta Urduñako Kolunbarioen ikurra da Iñigo Arregiren eskultura hori.

Azkonaren omenez egindako ekitaldia, halaber, errepresaliatutako pertsona guztiak gogoratzeko ekitaldia izan da, «bereziki, bidegabeki atxilotu, torturatu, espetxeratu eta fusilatu zituzten Arabako Probintzia Batzorde Kudeatzaileko kideak». Gogora institutuko kideek azaldu dutenez, Alderdi Sozialistako, Izquierda Republicanako, Union Republicanako, Eusko Abertzale Ekintzako, Alderdi Komunistako eta UGTko militanteak ziren errepresaliatu horiek, eta Fronte Popularrean batuta zeuden. «Oso harro gaude haiekin, haien duintasunarekin eta konpromisoarekin, eta, gaur, berriro ere, haien izenak entzuten dira Probintziako Jauregiaren ateen aurrean», gogoratu du sailburuak.

Justizia eta Giza Eskubideetako sailburuarekin batera, ekitaldian izan da Alberto Alonso, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.