Manu Aierdi ikertzeko asmoz, diligentziak ireki ditu Auzitegi Gorenak

Autoan ikertu gisa zer eskubide dituen zehaztu dio magistratuak. Nafarroako Gobernuaren ustez, oraingoz ez du kargua utzi beharko

Manu Aierdi, Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikoko kontseilaria, maiatzean. JAGOBA MANTEROLA /FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2021eko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Judizialki, auzibidearen hasiera baino ez da, baina, politikoki, Manu Aierdiren etorkizuna baldintzatu dezake. Atzo, Andres Palomo Del Arco Espainiako Auzitegi Goreneko Zigor arloko magistratuak auto batean diligentziak ireki zizkion Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikoko kontseilariari. Urrats horrekin, Sodenak Davalorri 2,6 milioi euro maileguan ematerakoan prebarikazio eta diru publikoen xahutze deliturik egon al zen argitu nahi du. Autoan, Goreneko magistratuak «ikertu gisa» dituen eskubideen berri eman dio Aierdiri.Nafarroako Gobernuak berretsi du Gorenak ikertu gisa hartzean utziko diola Aierdik kontseilari izateari: «Autoa ezagututa, baldintza hori ez da bete» .

Ekainean UPNk jarritako kereila bati bide emanez, Aierdiren aurkako auzia ireki zuen Gorenak abenduaren 14an. 2015 eta 2017 artean, Sodena arrisku kapitaleko sozietateak 2,6 milioi euroren maileguak eman zizkion Davalorri, eta erabaki haren erantzule nagusia izan zen Aierdi, Sodenaren presidente baitzen. Davalor 2012an sortutako osasun arloko enpresa teknologiko bat zen, baina ordurako larri zebilen. Dena den, potentzialtasun handiko proiektua izanik, eta Sodenaren helburu estrategikoa aukera handiko egitasmoak bultzatzea denez, 2015eko udazkenean onetsi zuen Sodenak 1,6 milioi euroko lehen mailegua ematea. Ondorengo bi urteetan, maileguen kopurua zabaldu egin zen, 2,6 milioi eurora. Davalorrek porrot egin zuen azkenik, ez baitzen gauza izan inbertitzaileak topatzeko eta teknologia handiko ikusmeneko makineria merkaturatzeko.

Nafarroako Parlamentuan Sodenaren inbertsio polemikoen inguruko ikerketa batzordea ireki zen iragan legealdian, eta bertan azalpenak eman zituen Aierdik. Alta, UPNk, eremu politikotik judizialera jauzi egin, eta iazko ekainean kereila aurkeztu zuen. Proiektua bideraezina zela aurrez jakinik maileguok onartzea leporatu dio Manu Aierdiri.

Instrukzioaren lehen fase honetan, gakoa da ea Auzitegi Gorenak Manu Aierdi ikertu gisa hartu duen. Izan ere, Nafarroako 14/2004 foru legearen arabera, auzitegi batek auto batean arduradun politiko bat ikertu gisa badauka eta Zigor Kodeko hainbat delituren zantzuak identifikatzen baditu, politikari horren kargua ez da bateragarria emandako konfiantzarekin.

Abenduan, ez zegoen argi ikertua ote zen, eta, oraingo autoarekin, Del Arco magistratuak Aierdi ikertzeko diligentziak ireki ditu. Era berean, autoaren edukia «ikertuari» bidali diola jakinarazten du, eta Prozedura Kriminalaren legeko 118. artikuluaren arabera dituen eskubideen berri eman. Autoan, halaber, magistratuak 10.000 euroko bermea eskatu dio UPNri herri akusazio gisa jardun dezan auzian. Haatik, Nafarroako Gobernuak ez du uste oraindik baldintza hori bete denik.

UPNk dimisioa eskatu du

Kontrako iritzia du Javier Esparza UPNko presidente eta Navarra Sumako eledunak, eta, autoaren berri izan eta gutxira, aldarrikatu zuen Manu Aierdik «berehala» utzi beharko lukeela gobernua. Haren esanetan, Aierdik «ez badu dimisioa ematen edo Maria Txibitek ez badu kargutik kentzen, legea betetzeari utziko zaio». Esparzaren irudiko, magistratuaren autoak agerian uzten du zein den Aierdiren egoera auzibide horretan, eta, horregatik, ezin dio luzaroan eutsi kontseilari gisa: «Txibiteri denbora amaitu zaio». Hori egin ezean legea urratzen ari direla ohartarazi du. Karguari eustea akats handia dela deritzo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.